Kontzeptua

Aste Santua

Aste Santua da, zalantzarik gabe, komunitate katoliko edo kristauan orokorrean erlijiozko zentzu batekin gehien bizi ohi den jai-zikloa. Garai horretako erritu eta prozesiozko irudiak kredo edo gurtza horretako berezko eta oinarrizko kontzeptu eta arauak bistaratzeko baliatzen dira. Hori ikuspuntu pedagogiko batetik egiten da, erdi aroko kutsu sendoa sartuz.

Antzina, inauterietan egindako gehiegikerien (hala alderdi gastronomikoan nola gozamen kolektiboan) ondotik, erlijio kutsuko baitaratze batean baraualdi eta kaleko zalaparten geldialdia iristen zen Garizumarekin batera. Hala jaialdien etena, azturen lasaitasuna eta gogoeta ezaugarri zituen Garizuma, antzina (eta baita, neurri batean egun ere), Aste Santuen atariko aroa zen, non Jesusekiko pasioa eta haren heriotza oroitzen dituzten ekintza zeremonial eta errituzkoak egiten diren.

Pasioa ezaugarri duen garai sutsu horren ostean, hainbat data zehatz iristen dira, Naturaren birsortzea eta haren babesa irudikatzen duten udaberriko zenbait zeremonien atari gisa (erritu naturista eta animistaz hornitutako ospakizunak eta Ama Birjinaren gurtza, aurreko aztura paganoak laburbiltzen dituen ikur modura).

Beste alde batetik, guri dagokigun testuinguru geografikoan, esangarri da Aste Santuko ospakizunak, orokorki, entzute eta ospe handiko herri (Segura, Bilbo, Balmaseda, Agurain, etab.) eta hirien (Urduña) inguruan garatu direla. Neurri txikiago batean, erlijiozko handitasun eta suhartasun hori toki-entitate txikiagoetara hedatu da. Bertan giro bilduago eta intimoago batean garatzen dira ospakizunak eta, gainera, ospakizun kolektiboak tristeago eta ilunagoak dira.

Hausterre-egun eta "hausterretzearen ipintzearekin" inauterietako jaiegun iskanbilatsuen amaiera iristen zen eta Garizumaren baitako baitaratze eta baraualdi aroa abiatzen zen. Erlijiozko berrogeialdi hori Erramu-igandeak mugatzen zuen, zeina Aste jaierazkonaren penitentziako giroaren atarikoa baitzen. Era berean, Pazko-igandeko ilargi beteak egiten zituen deboziozko Aste horren mugarenak.

Ilargia aipatu dugunez, esan dezagun urtean zehar aldakorrak diren jai guztiak (Inauteriak, Garizuma, Mendekostea, etab.) ilargiak baldintzatzen dituela. Horrelaxe gertatzen da Nizeako Kontzilioaz (325. urtea) geroztik, eta Silvestre I Aitasantutzarekin Pazko-igandea ezartzea erabaki zen, udaberriko lehen ilargi betearen ondorengo igandean. Hots, udaberriko ekinozioa martxoaren 21ean abiatzen bada, hura zehazteko data martxoaren 22 eta apirilaren 25a bitartean kokatzen da. Erreferentziazko lehen lerro hori abiapuntutzat hartuta, Pazkoaldiko lehen ilargi betea ezartzen da urteko jai aldakorrak zehazten dituen data gisa eta, are, Eliza katolikoak ospatzen dituen lau pazkoak haren arabera finkatuko dira. Halaber, herri-sineskeraren arabera, Kristoren heriotza ilargi betearekin gertatu zen eta, hori dela eta, ilargi beteak baldintzatzen ditu jai-egutegian aldakor diren jaiak.

Modu horretan ezartzen dira gainerako ospakizun aldakorrak. Piztuera-igandetik aurrera 40 egun zenbatzen baditugu, Igokunde-ostegunera iritsiko gara eta, haren ostean, Mendekoste-jaia dator. Aitzitik, Erramu-igandea abiapuntutzat hartu eta egun kopuru bera atzera egiten badugu, Hausterre-egunean izango gara, hots, Garizuma iristen den egunean eta, inauteri-astearte, -astelehen eta- igandearen atarian.