Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XVIII. Mendea

Kultura-baldintzek baldintzatzen dute euskal literaturaren produkzioa: Iparraldean latina da erreferentziazko jakintza hizkuntza nagusia maila kultoan, nahiz apurka frantsesa erroak egiten hasten den; Hegoaldean, ordea, gaztelania.

Lapurdiko kostaldean ekonomia eta demografiaren beheraldia nabari da 1740 ondoren; ordea, euskarazko liburuen ekoizpena gehitu zen mendearen 2. partean, 1. partearekin konparatuz: argitalpenak eta liburu berriak bikoiztu ziren (18 -> 36, 6 -> 12) eta sortze lanak hirukoiztu (1 -> 3). Eliza katolikoaren eskuetan egon zen hiritar gehienen oinarrizko eskolatzea, euskaraz egina, baina gero eta apalagoa, prestigio edo gizarte irudiaren aldetik euskararenak behera egin baitzuen eta frantsesarenak gora. Horregatik euskarazko irakurgaien hartzaileak gizarte maila apaleko jendeak izan ziren gero eta gehiago, eta gero eta helburu xumeagoak izan zituzten euskarazko liburuek; ondorioz, sorkuntza ia itota gelditu zen. Frantsesa, ordea, gero eta indartsuagoa bilakatuz joan zen, batez ere mendearen bigarren partean, boterearen eta eskolaren eskutik. Horren adibide ona da Harrieten gramatika (1741), euskaraz egina baina frantsesa irakastea helburu zuena.

Hegoaldean gaztelera Iparraldean frantsesa baino lehenago sartu zen, XVI eta XVII. mendeetan. Euskaldun doi bat ikasiek gaztelera izan zuten letra hizkuntza. Horregatik mende horietan ez zen libururik bat ere egin euskara baizik ez zekitenentzat, dotrina elebidunak izan ezik. XVIII. mendean, behe-mailako irakaskuntzaren hedatzearekin, elizgizon talde batek, Larramendiren gidaritzapean, euskarari beste toki bat eta beste itxura bat eman zioten ahozko predikuetan eta idatzizko liburuetan; horretarako, batez ere gipuzkera landu zuten (gipiuzkera literarioa). Baina mugimendu hori eliza nagusi zen esparrura mugatu zen. Euskara jakintzaren bidetik kanpo gelditu zen, baita gogoeta edo plazer literatura landuaren eremutik (ilustrazio giroko antzerki eta poesia batzuk izan ezik), hain zuzen legez eskolan debekatua zelako eta ohituraz zigortua (eraztun ospetsua lekuko) eta irakaskuntzan sartzeko ahalegin gutxi egin zutelako euskal ilustratuek.

Iparraldeko eliz liburuen egile gehienak itzultzaileak eta moldatzaileak dira; batzuk idazle onak eta aipagarriak, adibidez Xurio edo Haraneder. Originaltasunaren aldetik, Joanes Etxeberri Sarakoa eta Egiategi zuberotarra dira interesgarrienak, baina haien libururik ez zen argitaratu, Etxeberriren bat izan ezik, ez baitzen erraza euskal liburuak argitaratzea. Idazle bikainenak aurreko mendeko lapurtera klasikoaren jarraitzaileak dira.

Gipuzkera literarioaren sorrera Larramendiren maisutza eta hizkuntz eraberrikuntzaren eskutik dator, baita ondorengoen (Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos) liburugintzatik. Honetan Jesusen Lagundikoak nabarmentzen dira baina horien ondoan euskal ilustratuak ere baditugu, neoklasizismoa sartuko dutenak. Beraz, alde batetik, erlijio otoizliburuak eta irakaskizunak, eta, bestetik, neoklasizismoa eta mugimendu honek landutako generoak ditugu (teatroa, alegiak). Hauek guztiak baino lehen Barrutiaren antzerki herrikoia dago, tradiziozko bertsogintza moldeetan eta herri hizkeran idatzia.

Neurtitz eta bertsoei dagokienez, genero eta bertsogile zenbait aipatu behar dira: alde batetik, lirika tradizionala eta B. Mardoren bertsoak; bestetik, genero eta egile landuagoak: gabon kantak, 1798ko bertso-bildumako bertsogileak eta kantikak.

XVIII. mende bukaerako gertaera politikoek eta kultura mugimenduek luzarorako eragina izango dute euskal literaturan. Alde batetik, Iraultza Frantsesaren Iraultza Frantsesaren (1789) ondorioak Hegoaldera ere hedatu ziren. Beste alde batetik, neoklasizismoak eta erromantizismoaurreak eragina izango dute euskal literaturan. XVIII. eta XIX. mendeen arteko bidekurutzean ilustrazioaren emaitzak eta euskal idazle multzo baten lanak biltzen dira. Hor nabarmentzen dira: Iparraldean Monho poesia político-satirikoetan eta kantiketan, Duhalde eta Larregi eliz liburuetan; eta Hegoaldean, Juan Antonio Mogel, Añibarro eta Agirre Asteasuko eliz liburuetan, baita esandako Mogel prosa literarioan bere Peru Abarka-rekin (1902 inguruan idatzia).

XVIII. mendean idazle gehienak erlijio liburuen itzultzaileak eta moldatzaileak dira, baina badira idazle originalak ere: J. Etxeberri saratarrak euskararen inguruko gaiak erabili zituen eta J. Egiategi zuberotarrak filosofia eta moralaren ingurukoak ere bai. Batzuek eta besteek Axular-en prosaren eta Larramendiren hiztegiaren eragina izan zuten.

  • Joanes Etxeberri (1668-1749)

Joanes Etxeberri Joanes Etxeberri Sarakoa (Lapurdi) deitu ohi zaio, Joanes Etxeberri Ziburukoarengandik bereizteko. Medikua zen, eta Azkoitian jardun zuen. Larramendirekin harremanak izan zituen. Etxeberri humanista da. Obrak:

Lau-Urdiri Gomendiozko Karta, edo Guthuna (Baiona, 1718). Liburuska hau izan zen argitara zuen bakarra.

Eskual Herri eta Eskualdun guztiei Eskuarazko Hatsapenak latin ikasteko .

Eskuararen Hatsapenak (1716 inguruan idatzia).

Etxeberri Sarakoarena da lau hizkuntzatako hiztegi bat ere: Euskara-latin-gaztelania-frantses hiztegia.

Euskal Herriko haurrek hemendik jalgi gabe ama-hizkuntza ez ezik latina, frantsesa edota gaztelania ikasteko aukera izatea, eta hori euskararen bidez, aldarrikatu zuen. Lapurdiko Biltzarrari zuzendu zitzaion baina honek ezetz erantzun zion.

Etxeberrik euskararen apologia egiten du (Eskuararen Hatsapenak ). Literatura-euskara bateratu baten alde argudiatzen du eta Axular aitzindaritzat hartzen. Euskal gazteriari dei egiten dio bere burua eta euskara kulturaz jantz dezan.

Etxeberriren asmoek huts egin zuten eta ondorio ezinago tamalgarriak jasan zituen: XX. mendera arte lo egon dira haren idazlan gehieneak, argitaratu gabe eta, beraz, eraginik ez dute izan iragan mendeetan.

Gai abstraktoak erabili zituen, gai berriak euskaraz. Lan mardula eta bere burukoa da harek egina.

Idazle eta itzultzaile trebea da. Latina ondo ezagutzen du, etimologiazalea da, argumentazio argia erakusten du baita aipamen erudito ugari. Dotorea, oparoa, armoniatsua da, Axularren eite beretsukoa, haren eredura idatzi nahi izan baitzuen.

  • Eliz-liburuen itzultzaile eta moldatzaileak

Bibliako eta erlijio- edo eliz-liburu klasikoen itzulpenak eta moldapenak argitaratu ziren mende osoan. Idazle bikainenetariko batzuek (Xurio, Haraneder, Larregi, Baratziart, Duhalde) lapurtera klasikoaren tradizioaren jarraitzaileak dira; zubereraz idatzi zuten beste idazle batzuek (Maister, Egiategi), edo baxenabarreraz (Lopez). Zenbait liburu edizio ugarikoak izan dira; beste batzuk, azken hiru mendeetan argitaratuak.

Donibane Lohitzunekoa, "protestante" bihurtu eta Inglaterrara joan zen, artzain gisa arituz. Haren Biblia Saindua. Testament Zaharra eta Berria delako itzulpenetik Ethorkia eta Ilkhitzea argitara ziren soilki eta oso berandu (Oxford, 1894). Gramatika bat ere egin zuen (1712), baita hiztegi bat.

· Mixel Xurio (+ 1718)

Azkainekoa (Lapurdi). Jesus-Khristoren Imitazionearen egilea da (1720). Lau argitalpen izan zituen XVIII. mendean.

Iesu Khristoren Evangelio Saindua (1740). Haraneder-ek Testamentu Berri osoa itzuli zuen, nahiz bakarrik lau Ebanjelioak argitaratu diren.

Filotea (1749).

Gudu izpirituala (1750).

Haraneder-en idazlan guztiak itzulpenak dira. Bere itzulpenak "fidelki" egiteko asmoa agertzen du Haraneder-ek eta hala egin uste zuen bere garaiko fideltasun iritzien arabera.

XVIII. mende erditik aitzina Iparraldean eliz liburuen itzulpen eta moldaketak argitaratzen jarraitzen dute, lapurteraz, zubereraz eta behenafarreraz. Larramendiren eragina zinez handia da idazle eta obra batzuetan. Zenbaitek bertsoak ere moldatu zituzten (B. Larregi, M. Duhalde). Jusef Egiategik nortasun berezia du filosofia liburuak idatzi zituelako.

Iesu-Kristen Imitazionia Zuberuako uskarala, (1757). Kempisaren zubererazko lehen itzulpena da.

Testamen zaharreko eta berriko Historioa (1775, 1777).

Andredena Mariaren Imitazionea, Jesus-Kristoren Imitazionearen gañean moldatua (1778).

Alphonsa Rodriguez (1782). Behenafarreraz.

Eskolamaisua izan zen Zuberoako eskola batean. Haren eskuizkribuak gordeta egon dira inork ezagutu edo argitaratu gabe 200 urtez.

Filosofo Hüskaldünaren Ekheia (1. liburukia, 1983; 2. liburuakia, 2011n argitaratua). Francfurt-en agertzekoa zen 1785ean. Aberatstarzün güzien giltz bakhoitza (Paben, 1782. urtean argitaratzekoa).

Filosofo Hüskaldünaren Ekheia euskarazko lehen filosofia liburua da, saiakera gisakoa. Iraultza Frantsesaren aurreko Euskal Herria agertzen zaigu bertan. Egiategik euskalduntasunaren kontzientzia agertzen du eta euskara edozer adierazteko gai dela erakusteko idazten du. Interesgarria da egilearen pentsabidea: aberats berrietan ez du konfidantzarik, baina gortean bizi diren aitorren semeak ez ditu gogokoago. Garaiko ezkontzak kritikatzen ditu, lanaren eta emakumeen laudorio egiten, euskaldunen makurrak laidoztatzen (harrokeria, gorroto eta mendekua, auzo arteko ezin ikusia, diru-gosea, borroka-joera). Erregeaz ez da fidatzen (Nafarroa Behereari bere foruak kendu baitizkio), baina erregetasuna da harentzat legetasun bakarra. Pragmatikoa da Egiategiren filosofia, eta haren moralaren muina ohorea da, diruaren etsai baita.

Egiategik zubereraz idazten du, baina lapurteraren kutsua ere badu (Joanes Etxeberri Ziburukoa ezagutzen zuen). Garbizalea da, Larramendiren hitz berriak ahurka hartzen ditu, baita gaztelaniazko hitzak ere nasaiki. Hiztegi aberatsa darabil, oroz gain lege kontuetan. Egiategiren idaztankera ez da beti argia baina bai bere-berezkoa.

  • Birjinia

Lapurterazko liburu honek izenburu luzea du: Birjinia edo donzeil kristaba, lenpizte siziliarra, osotasunerat heldu nahi diren neskatxa gaztei moldetzat baliatzekotzat, aita Begirungarri Migel-Aingeru Marin txikien donepilako fraideak egina eta Lapurdiko Eliza gizon batek berriro Eskuararat itzulia. Idazlan mardula da (2011n argitaratua). Egile ezezagunekoa (M. Duhalderena dateke, ustez).

Izenburuan dioenez, M. A. Marin-en liburuaren itzulpena da: Virginia, o la Virgen Cristiana, historia siciliana, para servir a las jóvenes que aspiran a la perfección (Paris, 1752). Larramendiren edo egilearen beraren uztako hitz berriz josita dago.

Duranan (Araba) jaioa. Giristinoki bizitzeko eta hiltzeko moldea, zeinetan kausitzen baidire egunaren giristinoki iragateko moldea, meza sainduko, hagoniako eta komunioneko othoitzak, igandeko bezperak, ilhabetearen egun guzietako meditazioneak eta konzientziaren examina (1784). "Meditazione ttipiak" izenez ezagutua. Edizio ugari izan dituen liburua da.

Meditazioneak gei premiatsuenen gainean (1809). "Meditazione handiak" izenez ezagutzen da, Baratziartenetatik bereizteko. Egilea hilda gero atera zen liburua. Bertsoak ere ondu zituen.

  • Kadet eta Bettiriño

Kristau dotrina da, elkarrizketa bidez. XVIII. mende bukaerakoa, 2011an argitaratua. Hazparne inguruko euskararen lekukoa.

Hegoaldean XVIII. mendean hasi zen euskarazko liburuen ekoizpena, Iparraldean baino askoz beranduago. Gainera, eliz-liburuetara mugatu zen. Izan ere, gaztelania zen letra-hizkuntza, euskara irakaskuntzatik kanpo zegoen. Larramendiren gramatika eta hiztegiaren eraginez, mende erditsutik aurrera gipuzkera literarioa sortu eta garatu zen. Kardaberaz eta Mendiburu jesuitek erlijio liburu ugari argitaratu zituzten. Haien eragina nabaria da Ubillos eta Lizarraga Elkanokoagan. Azken honek hegoaldeko goi-nafarreraz idatzi zuen.

Andoainen sortua, jesuita, Salamancako Unibertsitatean- irakaslea. Hiztegigilea, gramatikalaria, kritikaria, predikalaria, teorikoa politikan etab. Obrak:

El Imposible Vencido. Arte de la Lengua Bascongada (Salamanca, 1729).

Diccionario Trilinguë del Castellano, Bascuence y Latin (Donostia, 1745)..

Euskararen etorkiaz: De la antiguëdad y universalidad del Bascuence en España (1728).

Euskal Herriari buruzko idazlan historiko-politikoak: Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria (1736). Askoz geroago argitaratu zen Sobre los fueros de Guipuzcoa (1983).

Corografía o descripción general de la M.N. y M. L. Provincia de la Provincia de Guipuzcoa askoz geroago argitaratu zen (1882). Idazlan hau Gipuzkoa eta bere ekonomia, izakera, bizibide, jolas, erlijiozaletasun eta hizkuntzaren deskripzioa da. Euskaraz Mendibururen Jesusen Bihotzaren Debozioa-ri hitzaurrea (1747) eta sermoi batzuk ere idatzi zituen Larramendik. Etorri handikoa agertzen da, diztiratsua, erretorikoa, ugaria eta aberatsa hitzetan, umoretsua ere bai.

  • Larramendiren eragina eta gipuzkera literarioaren sorrera

Larramendik bere gramatika (1729) eta hiztegiaren bidez (1745) euskara kultura hizkuntz bihurtu nahi izan zuen. Bere hiztegiak, obra erraldoia, eman dio Larramendiri ospea. Hitzak euskara idatzi eta mintzatutik jaso zituen, baina beste asko, larregi, asmatu ere bai: hitz teknikoak edo jakintza arlokoak, hain zuzen. Larramendiren eraginez, euskara idatzia (dotrina-liburuak) eta are mintzatua (sermoiak) hobetu egin ziren eta duintasun bat jaritsi zuten.

Larramendi, maisu ezagutua izan zen bere garaian eta eragile handia euskal literaturan ehun urtez eta gehiago, Hegoaldean batez ere baina Iparraldean ere bai. Hiztegigileen iturri izan zen XVIII eta XIX. mendean, Pizkunde garaian bereziki entzute ona izan zuen, baina, ondoren, XX. mendean, jaitsialdia.

Larramendiren eraberrikuntzaren ondorioz gipuzkera literarioa sortu zen, ondorengo idazleek (Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos) garatu zutena.

Kardaberazek eta Mendiburu predikalariak ziren eta erlijio liburuak ateratzeko asmoa hartu zuten. Haien liburu gehienak otoitz eta debozioliburuak izan ziren, euskara ulerterrezean idatziak.

Gipuzkerazko liburugintzak gorakada izan zuen XVIII. mendearen. erditsutik aurrera. Baina mende bukaeran beheraldia etorri zen. 1766an euskal liburuak argitaratzea, are erlijio liburuak, galerazi egin zuen Aranda ministroak. Argitaratzeko baimena korrejidorearen edo eliz agintarien eskutan zegoen, eta hori eragozpen handia izan zen, diru arazoez gainera.

Hernanin jaioa, jesuita, Jesusen Bihotzaren debozioa zabaltzen eta Kongregazioak eraikitzen jardun zuen. Euskal liburugintzaren bultzatzaile eta zabaltzaile izan zen.

Dotrina, aszetika eta otoitz liburu idatzi eta argitaratu zituen. Bestelako obra batzuk ere idatzi zituen Kardaberazek. Ospetsua da euskara eta haren ikasbidearen gainean idatzia: Euskeraren berri onak: eta ondo eskribitzeko, ondo irakurteko, ta ondo itzegiteko Erreglak (1761), euskal erretorika deitua izan dena. Zuzen eta ongi mintzatzeko eta idazteko arauak ematen ditu, euskal erretorika naturalaren ereduak eskainiz. (Kristauaren ) Kortesia izenekoak (1745-1767 bitartekoa) mutikoen jarduerak eskolan eta etxean, kalean eta elizan nolakoa izan behar duen erakutsi nahi du.

Kardaberazen gipuzkerak mendebalderunzko (bizkaierarunzko) joera du. Lexikoan ez da garbizalea, Mendiburu den bezala. Baina bizia eta ugaria da. Kardaberaz oso irakurria izan da beti.

Oiartzungoa, jesuita, hizlari handi eta ospetsua. Moral estua erakutsi zuen euskal dantzak eta zezenak zirela-eta Larramendirekin izandako eztabaidan.

Obra ezagunenak:

Jesusen Bihotzaren Debozioa (1747), itzulpen edo moldaera, aldez behintzat. Bigarren edizioak (1751) nafar euskara kutsua areagotu zuen; edizio horretan nabaria da lapurtar idazle klasikoen eta bereziki Etxeberri Ziburukoaren antzekotasuna.

Otoitz-gaiak , 3 liburukitan (1759-1760).

Maisutzat ezagutua, ospea eta eragina izan zuen Ubillos eta ondorengoengan (J. A. Mogel, Agirre Asteasuko, G. Arrue). Hiztegian garbizalea da Mendiburu, nahiz ez Larramendiren hitz berrien zalea. Berrizalea da atzizkietan, aberatsa adizkietan, landua joskeran eta hitzordenan, erraz eta dotore darabil hizkuntza, estilista da. Zurrun xamarra eta motela ere bai, ordea, esaldi luzeak jarri ohi ditu eta ez du indarrik.

Kristau doktriñ berri-ekarlea (1785). Liburu honek ospe ona izan du. Fleury-ren Catéchisme Historique-ren itzulpena da, gaztelaniatik, esaldiz-esaldi; ez hertsiki lotua, ordea. Lexikoan garbizalea da Ubillos, eta ez bereziki eta beti Larramendiren hitzak erabiltzeagatik. Hizkera landua, hautatua eta aberatsa du, jatortasuna galdu gabe. Axular, Larregi eta Mendibururen eragina du.

Joakin Lizarraga Elkanon sortu zen (Egues ibarra). Apaizgo osoa bere herrian eman zuen, eta bere mintzagaiak idatziz prestatzen zituen elizkizun eta kristau hezibiderako. Haren idazlan ugariak Kardaberaz eta Mendibururenen antzekoak dira edukiaren aldetik; hizkuntzan eta idaztankeran ere Mendibururen tankera du. Argitaratzeke gelditu ziren eta gehienak XX. mendeko azken bi hamarkadetan argitaratu dira. Urteko Igande guztietako Platikak edo Itzaldiak (1846), Pascual Iturriagak gipuzkera kutsua erantsita argitaratu zuen.

Lizarragaren garrantzia hizkuntza aldetikoa da batez ere: "goi-nafarrera hegoaldekoa" izendatu ohi den euskalkiaren lekuko da; egun desagertua da baina eta egile honen garaian Iruñerriko inguru osoan hitz egiten zen eta eremuz euskalki zabalena zen. Aberastasuna darakusa adizki eta hiztegi aldetik, batez ere nafarrerazko hitzetan. Idaztankeraz oparoa da.

Kantuak doinuari lotuak dira, neurtitzak ez; ez da beti erraza, ordea, zein den kantua eta zein neurtitza jakitea. Hainbat generotakoak dira: herri-lirika tradizionala, gabon-kantak, kantikak eta erlijio-bertsoak, satirikoak edo jostagarriak, gorazarrezkoa, narratiboak.

Herri-lirika tradizionaleko kantuen artean aipagarriak dira, batez ere, Zuberoako kantu zenbait, adib. "Maitia nun zira?". Egile ezagunen artean aipagarria da Beñat Mardo Beñat Mardo koblakariare. Mardo da koblakari zaharrena. Barkoxekoa (Zuberoa) zen. 1760-1770 inguruan kobla ontzen ari izan zen, eta ugaria izan bide zen. Haren kobla batzuk Xahok (1857), Salaberrik (1870) eta bestek bildu dituzte baina anitz galdu dira. Honako kobla hauen egile da: "Beñat Mardoren khantoria" ; "Bestaliarrak" , "Xipa besta batez"; "Ñapurraren eta Auherraren arteko kantuak", "Beñat, esker dereiat...". Agian "Arbotiko jaunaren ezteiak" eta "Jaun barua" kantu ezagunak ere harenak izan daitezke.

Mende bukaerakoa (1798) da bertso bilduma zaharrena: Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798), poeta landu eta bertsolari tankerakoen 27 bertso eta neurtitz, genero desberdinetakoak (gorazarrezkoak, satirikoak edo jostagarriak, historiko-narratiboak). XVIII. mendeakoak dira zenbait egilerenak: M. Duhalde (1745-1804), Bernard Larregi (1793an hila), Jean Robin (1738-1821) eta M. Otsamendi (1766). Tokiko eta eguneroko bizimodu eta zerzeladak (jan-edanak, karrosak, modak), ingurune fisikokoak (itsasoa, mendia) eta euskara garbia (adibidez, Robin-en "Eskara bastartaren kontra, 1765") hartzen dituzte gaitzat.

XVIII. mende amaiera eta XIX.aren hasierakoak dira kantu eta herri-bertso zenbait: Aboitiz lekeitiarrarenak, Durangoko J. Kruz de la Fuente eta haren anaiarenak (Durangoko zilarginak), Fr. J. A. Uriartek bere Poesía bascongada. Dialecto vizcaino liburuan bilduak. Mogel-ek Peru Abarkan zortziko, kopla eta koplariak aintzat hartzen ditu eta garai horretan jasotzen dira bertsolarien lehen berriak (J. A. Zamakola, Historia de las Naciones Bascas, 1818).

Erlijioari estuago lotutako generoak dira gabon-kantak, kantikak eta, oro hartuta, erlijio-bertsoak (santuen gozoak, bederatziurrenak, misio-kantak etab.). Gabon-kantak urtero eratzen eta ospatzen hasiak ziren Bilbo, Donostia, Gernika, Azkoitia eta beste hiri batzuetan XVIII. mende erditsuan. Horretarikoak dira X. Muniberen Gabon-sariak eta Gandara gernikarrarenak (1700 ing.-1800 ing.). Eguberriz abestu ohi ziren eliz-kantuok gero eta finkoago eratuz doaz, bereziki Bilboko San Fraiskuko komentuan eta Jaundone Iakue katedral-elizan, baita Donostian.

Iparraldean kantika edo eliz-kantu bildumak behin eta berriz argitaratu ziren XVIII. mendean. B. Larregi aipatua ere kantika izpiritualen ontzaile izan zen.

Kardaberaz eta Lizarraga Elkanokoak erlijio bertsoak eta koplak ondu zituzten kristau ikasbide, irakaskintza eta elizkizunetarako, eta argitara atera ere bai Mendiburuk (Jesusen Amaren Bederatzurruna eta zenbeit beste gauza, 1759) eta Añibarrok (Misioko Kanta Santuak, 1803). Basterretxea jesuita lekeitiarraren Nekaldikoak ospetsu egin ziren (Jesukristo gure Jaunaren Pasioa euskarazko bersoetan, 1777). Gaiez bestelakoak dira, ordea, Jesusen Konpainiako anaia Gamiz arabarraren segidillak ("Dabiltzentxoak"), bere maitearen edertasuna kantatzen duen galai baten amodio-bertsoak (1984an argit.).

Bertso satiriko edo jostagarrien artean aipagarriak dira Aita Domingo Meaguer (1713-1772) Donostian sortuaren ardo kanta ezagunak, edo Juan Etxebarriarenak (Lasartekoak, 1716). Jende handiaren gorazarrezko kantuetan, Belzunzeko kontearen hileta-eresia, Estaing kontearen omenezkoa (Larregirena), B. Reciorena (Amelia erreginaren ohorez, Liman, 1761ean), Larramendiren eta P. P. Astarloaren neurtitz zenbait.

Literatura mugimenduek eragina izan zuten. Ilustrazioaren ideiak (nazioen arteko anaitasuna eta bakea, lanaren balioa etab.) ageri dira X. Muniberen Gabon-sariak-eko kopla batzuetan ("Kopla jostailuak"), ikasle zalduntxo batzuen arengetan edo P. P. Astarloaren neurtitzetan. Erromantizismoaurreak eraginda sortu ziren lehen poesia-bildumak (1798koa).

Hiru genero edo moeta ageri dira: Iparraldean -zehatzago esanda, Zuberoan- tradiziozko teatroa (asto-lasterrak eta pastoralak); Hegoaldean, alde batetik, Barrutiaren teatro herrikoia, barrokoaren ondoko teatroaren eta Europako eguberri-teatroaren eragina duena, herri-tradizioko bertso-moldeetan eta herri-hizkeran egina, eta, bestetik, teatro neoklasikoa (Xabier Munibe, Alzibar-jauregi). Azken hau Neoklasizismoaren barruan ikusiko dugu.

Zuberoako asto-lasterrak (farces charivariques) herriko pertsona jakinen kontra eginiko satira gogorrak ziren, hots, senar edo emazte adardun, emazte senar-jipoitzaile, mozkor eta abarren aurkakoak, eta agintariek debekatu egiten zituzten. Pastoralen antzeko egitura zuten, hain zuzen haien parodia zen, burla egitea zuten helburu. Hamar bat asto-lasterren testuak edo zatiak behintzat gorde dira (ik. Bibl. Urkizu 1998): aipagarriak dira, adib. Bubane eta Xiloberde, Juanik Hobe eta Arlaita, Petit-Jean eta Sebadina edo Rekokilart eta Arieder. Aipatu asto-lasterron eskuizkribuak XVIII. mendekoak dira eta mende erditik aitzina antzeztuak izan ziren.

Pastoralen eskuizkribu zaharrenak ere XVIII. mendekoak dira. Zaharrena Sainte Elisabeth de Portugal dateke: 1750koa da haren eskuizkribua, ia 1600 bertso dituena. Beste dozena bat pastoral ere antzeztu zituzten (Edipo, Abraham, Jean de Paris, Godefroy de Bouillon, Clovis etab.); aipaturikoak, behin eta berriz, gainera.

Aramaion sortua, Arrasateko eskribau zela idatzi bide zuen bere obra, 1710-1753 bitartean.

Acto para la noche buena (edo Gabonetako Ikuskizuna) da Barrutiaren antzezlana, baina ez dakigu Arrasaten-edo antzeztu ote zuten. Mende eta erdi galduta egon ondoren Azkuek argitaratu eta ezagutarazi zuen (1897).

Antzezlan honetako ekintza eta pertsonaiak alderdibikoitzak dira, eta lehenak eta orainak, Belenek eta Arrasatek elkarrekin topo egiten dute. Barregarria (gazt. El Gracioso ) delako pertsonaiak barroko edo barrokondoaren eragina erakusten du.

Bertso-moldeei dagokienez, Barrutiak estrofa molde ugari darabiltza, bertso-lerro guttikoak eta arinak. Gainera molde bakoitzak usadio zaharreko erabilkera jarraitzen du (koplak erronda kantuena, bilantzikoak Haurtxoaren aurrean kantatzen direnena) eta pertsonaia jakinentzat neurri jakina du.

Antzezlan bizi eta umoretsua, egilearen inguruko bizkaieran eta herri hizkera bizian idatzia.

Barrutiaren antzezlana agian ez zen izan bakarra Hegoaldean. Eliza Katolikoak Trentoko Batzarraz geroztik debekatu zuen komediak antzeztea eta, beraz, ez dirudi harrigarria antzerkilan gehiago ez aurkitu izana. Ilustrazioak, ostera, bultzatu egin zuen teatroa.

Neoklasizismoa XVIII. mendean arte, literatura eta kultur arlo guztietara hedatu zen mugimendua da. Neoklasizismo hitzak klasizismo berria adierazten du, hau da, Erroma eta Grezia zaharra eta idazle klasikoak berriro eredutzat hartzea. Neoklasizismoaren arabera arteak eta literaturak gizartean egiteko handia dute eta irakatsi egin behar dute. Neoklasizismoak gizartea aldatzeko heziketa morala aldarrikatzen du. Ilustrazioarekin batera dator eta arrazoian sinesten du.

Espainian barroko eta barrokoaren ondokoari darraio, apaindura gehiegiz beteak zirenak. Frantziatik sartzen da: Boileau (Art Poétique, 1674) Luzan-ek ezagutarazten du Espainian (Poética, 1737). Lantzen diren genero nagusiak filosofia, politika, gizarteari buruzko saiakera, kritika, teatroa eta alegiak dira.

Euskal Herrian ilustrazioaren eskutik neoklasizismoak indarra hartu zuen. Ilustrazioak neoklasizismoaren didaktismoa bultzatu zuen, batez ere genero batzuetan: teatroa eta alegiak (neurtitzez batez ere). Teatroak jostarazteko eta aldi berean irakasteko asmoa zuen -bereziki herri xeheari, bere jokaera eta ohiturak zuzen zitzan-. Ilustraturek arautegi neoklasikoa eta "hiru batasunen" (ekintza, tokia, denbora) araua ezarri zuten; ez estu-estu, hala ere. Komedia eta batez ere opera komikoa landu zuten, frantses eredukoa. Teatro hau, ordea, ez zen herri xehearentzat, ilustratuentzat, zaldun eta elizgizonentzat baizik, hots, goi-mailakoentzat. Teatroan X. Munibe, Peñafloridako kondea nabarmentzen da.

Alegia ilustrazio garaiko genero eredugarrietarik bat da, neurtitzetan bereziki. Bergarako Mintegirako idatzi zituen Samaniego arabarrak bereak (Fábulas Morales, 1781ean I. lib.) eta Ibañez de la Renteria lekeitiarrak (Fábulas en verso castellano, 1789an I lib.; 1797an II.a). Genero hau Mogeldarrekin sartzen da euskal literaturan, beranduxe bada ere. Hain zuzen, J. A. Mogelek hitz neurtuzko alegiak aurkeztu zituen ilustratuak biltzen ziren Adiskideen Batzarrean, argitaratzeko asmoz, nahiz ez zuen lortu. Bestenaz, ilustrazio giroko zenbait poesia ere badira (ik. Kantuak eta Neurtitzak).

Xabier Munibe azkoitiarra, Peñafloridako Kondea, euskal ilustrazioaren arima izan zen. Zientzia eta letretako ikasketak egin zituen Toulousen. Ekimen handiko eta alderdi aunitzeko gizona izan zen: ideologoa, politikaria, jakintsua, musikalaria, teatro jokalaria, idazlea etab.

Adiskideen Batzarrea edo Elkartea erakundea sortu zuen 1764an, euskal kultur erakunde garrantzitsuenetarikoa Euskal Herriko historian. Adiskideen Batzarrearen emaitzarik preziatuena Bergarako Mintegia izan zen, kapareriaren semeak hezteko sortua. Ahalegin nagusienak teknika eta zientzia ikertzeari eta ezaguera zabaltzeari, eraberrikuntzari eta Euskal Herriaren aurrerapen eta ongi-izate orokorrari zuzendu ziren, "Irurak bat" goiburu zutela. Literaturaren edo arteen arloko emaitzak, ordea, apalagoak izan ziren.

Obrak:

Gabon-Sariak (1762). Gabon kantak dira baina ohikoak baino landu eta apainduagoak. Neurkeran ahapaldi desberdin anitz dituzte: segidillak, ariak, koplak... Ilustrazioko ideiak agertzen dira: nazio arteko anaitasuna, lanaren eta jakintzaren balioa, bakearen beharra aurrerakuntzarako... Obra honekin euskal literatura l ilustrazioan sartzen da.

El Borracho Burlado, Opera Comica, en Castellano y Bascuence (1764). Mozkorti baten eskarmentua du gai, lotsaren bidez lortzen dena. Balio dramatikoak eta literarioak ditu: Txanton Garrote pertsonaia nagusia barregarria da, hizkuntza molde eta neurkera bakunak dira eta herri sundazko esaera zahar eta esapideak ageri dira. Bergaran antzeztu zuten arrakasta handiz, kondea bera izanik zuzendari eta antzezleetariko bat. Hitzaurrean egileak ohartarazten du lan osoa euskaraz eman nahi izan zukeela, baina euskalki kontuak eta antzezleei egokitzeko eragozpenak zirela-ta, ezin izan zuela hori egin. Alderdi dramatikoa gaztelaniaz dago ia osorik, eta euskaraz, aldiz, kantatua den partea. Egilearen esanak gorabehera, baliteke Munibek bi hizkuntzak nahita erabili izatea, gehienek euskara ulertuko baitzuten, eta gaztelania zer esanik ez.

Muniberen euskara bere sorterrikoa baino zabalagoa da, badu Larramendi eta Kardaberazen. En Gabon-sariak eragina, eta beste euskalkietako hitz eta formak ere badira, batez ere bizkaierazkoak. Gabon-sariak-en, ordea, tokiko hizkerak eta hitz berri larramenditarrek esku handiagoa dute.

Muniberen euskarazko lanak hitz neurtuzkoak dira, eta egileak bere burutik sortutako doinuekin kantatzekoak. Gaztelaniaz gehiago idatzi zuen (kritika, gutun edo saiakera kritikoak, opera komiko bat eta poemak).

Antzerki labur bat idatzi zuen Joakin Maria Alzibar-Jauregi azkoitiar familia leinargitsu eta aberatsekoak, eta Altzibar etxeko sukaldean antzeztu zuten 1772an: Grand tourra. Duela urte gutxi aurkitu eta argitaratu zen (2007). Europako hiriburuei buruzko hitz-aspertua da, Ilustrazioak Europan zabaldutako espiritu berriaren erakusburua. Entremes moduko hau komikoa da; pertsonaia ezjakinek eragiten dute barregarritasuna eta etxe onekoak irakasten (aristokraziaren egitekoa zen jende xehea heztea). El Borracho Burlado-ren kasuan bezala, etxe onekoen atseginerako antzeztuko zen antzerkitxo hau ere.

Frantziako Iraultzak eta haren ondorioek (Antzinako Erregimenaren erorketa, Ipar Euskal Herriko foruen galera, Estatuaren zentralizazioa, atzerriko herrialdeen kontrako gerrak, frantsesaren zabalkundea Frantzia osora, elizgizonen konstituzio zibila, nazionalismoaren sorrera etab.) markatuko dute luzaroan euskal literatura Iparraldean nahiz Hegoaldean. Bereziki Iraultzak (1789), Konbentzioko gerrak (1893-1895), Napoleon Bonaparteren kanpaina militarrek (1769-1821) eta frantsesteak (1808-1814) arrastoa utzi dute bai garai hartan eta bai geroago ere, XIX. mende osoan XIX. mende osoan. Kantuak edo bertsoak dira aipatu gertaeren lekuko hoberenak; tamalez, bertso asko galduko ziren garai odoltsu eta nahigabez beteriko haietan, ez baitzuten inprimatuak izateko aukerarik. XIX. mendean ere Iraultzaren eta Napoleonen garaiaren oroimenak bizi-bizirik iraunen du poema, pastoral eta istorioetan.

Gorde diren kantuetatik (33 kantu, 376 ahapaldi) gehienak Iraultzaren eta ondorengo urteetako erlijio-jazarkundearen kontrakoak dira, egile ikasiek onduak -arruntki apaiz edo elizgizonek-, herri-bertsogintzatik hurbilekoak eta lapurterazkoak. Egile landuetan Monho gailentzen da kopuruz eta kalitatez. Hegoaldekoen artean aipagarriak dira gabon-kanta generokoak eta haien egile Juan Antonio Mogel eta Frai Pedro Astarloa. Egile landuez beste aldean, baditugu soldaduen kantuak eta abar, ez hain landuak.

Frantsesteko gerrari buruzkoak ere franko heldu zaizkigu: 40tik gora Espainiako gerra luzeaz. Euskaldunak suaren alde bietan izan baitziren, batzuek Hegoaldekoek eginak dira (Napoleonen, frantsesen, Jose Bonaparteren edo Godoyren kontrakoak, Bitoria eta S.an Martzialeko batailakoak, Donostiaren erretzea eta basakeriak kontatzen dituztenak, Bilboko gabon-kantak), baita Iparraldekoenak (soldadu kantuak, adib. maiatzaren 2an Madrilen gertatuak kontatzen dituztenak, Napoleon eta Harisperen laudoriozkoak, bolondresena, Napoleonen eroraldikoak).

Isturitzen sortua eta Bardotzen hila. Konstituzio zibilari zin egiteri uko egin eta atzerriratua. 1972an argitaratu ziren haren kantu profano eta kantika multzo bat. Izan ere, Monhok ez du bere izena agertzen bertsoetan. Kantu profanoetan Mentaberri apaiz zin egilea eta hura bezalakoen aurkakoak, bai eta Robespierre et Pineten kontrakoak nabarmentzen dira; hots, ziri-bertsoak. Geroztik Napoleonen kontrakoak eta erregearen aldekoak ere ondu zituen.

Monho koblakariak baino jantziagoa da (mitologia, errima kurutzatuak...) baina neurkeraz ez da ia urruntzen herri bertsogintzatik. Lapurtera klasikoa darabil eta hiztegi aldetik nahikoa garbia da.

XVIII. mende amaiera eta XIX. hasieran Europa osoan kultur mugimendu nagusiak -neoklasizismoa eta erromantizismoaurrea- elkarren lehian ari ziren eta, ideologia politikoari dagokionez, nazionalismoaren sorrera gertatzen da.

Ilustratuek gure hizkuntzaren alorrean eginiko lana J. A. Mogel eta P. Astarloak jarraitu zuten. Hala ere, Mogelek gogor kritikatu zuen ilustratu askoren euskararekiko guttiespena eta kulturaz jantzitako euskaldunak komentzitu nahi izan zituen sorterria euskara landuz goratzeko. Dena dela, Iraultza Frantsesak beldurtu egin zituen ilustratu asko eta Inkisizioari indar berriak emanarazi. Beste aldetik, espainiar estatuaren zentralizazioa -frantsesaren eredura- aldarrikatzen zutenek, foruen eta euskararen aurkako erasoak hasi zituzten historia eta hizkuntz arloan (Godoy, Llorente, Traggia...).

Erromantizismoaurreak, Europar nazionalismoaren sorrerarekin gertatzen denak, hala ere, sorterriko hizkuntzaren alde jokatuko du. Herder alemanaren (1744-1803) iritziz, hizkuntza ezagupen tresna da, kulturaren sortzaile eta aldi berean bilduma, eta herri baten "Genius" edo jatortasunaren erakusle hoberena. XIX. mendeko hizkuntzen eta herri poesien ernatzea hari esker gertatu zen. Europako herri kultoen aurrekoez diharduela, euskaldunak aintzat hartzen ditu zaharrenen artean, hauxe erantsiz: "Nahi izatekoa litzateke guk herri bizkor eta alai honen hizkuntza, ohiturak eta historia hobeki ezagutzea, eta, gael-herrian Mac Phersonek bezala, haien (euskaldunen) baitan bigarren Larramendi batek, euskal izpiritu nazional zaharraren azterrenak hartzea" (Ideiak Gizadiaren Historiaren Filosofiaz, 1784).

Bereziki Rousseauren eragina handia da erromantizismoaurrean, eta haren pentsamentuaren alderdi batzuek agian ukitu zuten euskal literatura, adibidez izadiarekiko eta zibilizazioak endekatu gabeko antzinako bizimoduarekiko interesa, basati prestuaren gurtzea edo jatortasunari ematen zaion garrantzia.

Herder-en eragina Humboldtengan nabari da, honen herri-kantu eta bertsoen bilaketan, eta Humboldten eragina Mogel (Peru Abarka) eta Astarloagan. Aipatu ditugu mende amaierako herri-bertsoak, bertso-bildumak eta bertsolarien lehen berriak ere.

Pablo Pedro Astarloa (17512-1806) durangarra eragin handiko apologista -gaztelaniaz, aurrekoen erara- eta hizkuntzalaria izan zen. Haren liburu garrantzitsuenak honako hauek dira: Apología de la Lengua Bascongada, o ensayo crítico filosófico de su perfeccion y antiguedad sobre todas las que se conocen (Madrid, 1803) eta Discursos Filosóficos sobre la lengua primitiva o Gramática y Análisis razonada de la Euskara o bascuence (1883). Astarloa Humboldten maisua izan zen euskara kontuetan.

  • ALTUNA, P. (argit.) Sebastian Mendiburu. Mendibururen idazlan argitaragabeak. Edizio kritikoa. I, II. Bilbao: Euskaltzaindia-Edic. Mensajero, 1982.
  • ALTUNA, P. (argit.) Joannes de Haraneder. Jesu Christoren Evangelio Saindua. Bilbo: Euskaltzaindia, 1990.
  • ALTZIBAR, X. (argit.) Gabonsariak. El Borracho burlado. Xavier de Munibe, Conde de Peñaflorida. Vitoria-Gasteiz: Eusko Legebiltzarra-Parlamento Vasco, 1991.
  • ALTZIBAR, Xabier. "Ilustrazioa eta euskal literatura". Ilustrazioa Euskal Herrian. F. J. Caspistegui (ed.). 1998, 97-131. orr. Nafarroako Unibertsitatea.
  • ALTZIBAR, Xabier. "Napoleon eta frantsestea euskal literaturan". Bidebarrieta 20, 2009, 91-120. orr.
  • BILBAO, G. "Joanes Etxeberri Sarakoa, sendagilea eta letra-gizona". Lapurdum IX. XVIII. mendea Euskal Herrian letretan eta historian. 2004, 67-82 orr.
  • EUSKALTZAINDIA. Literatura Terminoen Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia, 2008.
  • LAFITTE, P. Poèmes basques de Salvat Monho (1749-1821). Bayonne: Éditions Ikas, 1972.
  • LAKARRA, et al. Pedro I. Barrutia. Gabonetako Ikuskizuna. Acto para la noche Buena. Vitoria-Gasteiz: Diputación Foral de Álava, 1983.
  • LAKARRA, J. "XVIII. mendeko zenbait bilantziko berri". ASJU, 1982, 71-113 orr.
  • LOPETEGI, L. (argit.) Agustin Cardaberaz. Euskal Lan Guziak (Obras completas euskéricas). I, II. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1973, 1974.
  • MITXELENA, L. Historia de la literatura vasca. Madrid: Minotauro, 1960.
  • MUJIKA, J. A. (argit.) Birjinia, edo donceil christaba. Bilbo: Euskaltzaindia, 2009.
  • PEILLEN, Tx.. (argit.) Jusef Egiategi. Lehen liburia edo Filosofo Hüskaldünaren Ekheia. Bilbao: Euskaltzaindia, 1983. Tx. Peillenek paratua.
  • PEILLEN, Tx. (argit.) Filosofo Hüskaldünaren Ekheia. 2. liburua. Bilbao: Euskaltzaindia, 2011.
  • OYHARÇABAL, B. "Zenbait gogoeta euskarak letra hizkuntza gisa izan duen bilakaeraz (XVII-XVIII. mendeak)". Litterae Vasconicae. Euskeraren Iker Atalak 8, 2001, 9-46. orr.
  • OYHARÇABAL, B. "Place de Saint Elisabeth de Portugal (1750)", Lapurdum IX, 2004.
  • SARASOLA, I. Historia social de la literatura vasca. Madrid: Akal editor, 1976.
  • URKIXO, J. (argit.) Obras vascongadas del doctor labortano Joannes d'Etcheberri (1712) con una introducción y notas por Julio de Urquijo é Ibarra. Paris, 1907. - Reprint: Joannes Etcheberriren Lan Osoa 1712-1718. Oeuvres Complètes Joannes d'Etcheberri de Sare. Atlantica.
  • URKIZU, P. (argit.) Zuberoako Irri-Teatroa. Recueil des farces charivariques basques. Baigorri: Éditions Izpegi, 1998.
  • URKIZU, P. et al. Historia de la Literatura Vasca. Madrid: UNED Ediciones, 2000.