Literatoak

Barrutia, Pedro Ignazio (1682-1759)

Pedro Ignacio, de Barrutia Aramaion jaio zen 1682ko uztailaren 3an. 1759.an Arrasaten zendu zen

Aita Pedro Alonso de Barrutia y Salinas zen, arrasatear goi mailako sendi baten semea. Ama, berriz, Katharina Basagoitia Olabide, Aramaioko baserritar sendi txiro baten alaba. Gurasoek hemeretzi urte zituzten Pedro Ignacio jaio zenean. Ez dakigu ezer Pedro Ignacioren haurtzaroaz, ezta urte haiek non eman zituen ere. Gurasoak ez ziren inoiz elkarrekin bizi izan, aita erlijiosoa zelako -Salamancako Sancti Spiritus parrokiako bikario eta apaiz izatera heldu zen- eta ama gurasoen baserri ilunera betiko itzuli zelako. Aita gazte hil zitzaion, hogeita hamasei urterekin eta bere ondasun guztiak semearentzat utzi zituen testamentuan. Ama, aldiz, laurogei urte zituela hil zen, jaio eta bizi izan zen bezain pobrea.

Aitaren testamentutik kanpo Pedro Ignacioren gain dugun lehen albistea 1710ekoa da, bere burua Arrasateko Udalari eskaintzen dionean, udal eskribauaren karguaz jabetzeko. Eta eskaria onetsita, udal idazkaritza betebeharretan aritu zen Barrutia 1753ra arte. Tarte luze horretan esku zuzena hartu zuen Arrasateko bizimoduan, ez bakarrik udal kontuei zegokienez, beste hainbat esparrutan ere bai baizik. Beraz, 28 urteko gazte hezitua zen Barrutia Udaletxera heldu zenean. Non ikasi zuen? Hori ez dago, orain arte bederen, esaterik eta galde ikurrarekin segitu beharko du eskribauaren formazioari dagokion arloak. Benetan garrantzitsua izango litzateke Pedro Ignaciok zer eta non ikasi zuen ezagutzea. Aurkikuntzak argi dezente emango lioke, Actto para la noche buena-ren inguruan orain arte den iluntasunari.

Aipatutako antzerki lan hori, Hego Euskal Herrian euskaraz idatziriko lehena da. Hortik, beraz, gure literaturan dagokion inportantzia. Obra Arrasaten antzezteko idatzi zuen egileak. Horretaz ez dago batere dudarik, argi eta garbi azaltzen baita testuan garaiko arrasatear gizartearen islapena. Izan ere, hortxe datza obraren meriturik gorenena: Barrutiak Jesus haurtxoaren jaiotza eta Arrasateko bizimoduaren pasadizoak uztartu egiten ditu maisuki.

Barrutiaren lanak modernitatea dario bere egitura osoan. Idatzia izan zen garaitik bereizten gaituen distantzia eta testuingurua garaituta, badirudi Barrutiak Jesusen jaiotzaren misterioari literaturaren magiaren misterio ukiezina gehitu nahi izan ziola. Denboralitateari indenboralitatea erantsi zion lanaren apaletan zehar. Eta emaitza bikaina da.

Bestalde, Barrutiak kronika egiten du, bere herriko aztura-argazki bat eskaintzen digularik, eta alde horretatik ere -antropologikotik- kontuan eduki beharrekoa da aramaioar-arrasatearraren ekarpena. Goi gizartearen ohiturak eta herri xumearenak ezagutzen dituela garbi geratzen da obran zehar. Eta Actto para la noche buena-ren aurkezpenarekin amaitzeko, diodan, ene ustez Barrutia adarjole iaio izan zela. Hamaika aukera eskaintzen dizkigu irribarrea ezpainetara azal dakigun. Irri-antzerkiaren eredu zuzentzat hartu behar ez bada ere, duda izpirik gabe egileak trebe mugiarazten ditu ezenetako hariak, publikoarengandik arreta ez ezik baita barre eta algara ere lortzeko.