Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XVIII. Mendea

XVIII. mende amaiera eta XIX. hasieran Europa osoan kultur mugimendu nagusiak -neoklasizismoa eta erromantizismoaurrea- elkarren lehian ari ziren eta, ideologia politikoari dagokionez, nazionalismoaren sorrera gertatzen da.

Ilustratuek gure hizkuntzaren alorrean eginiko lana J. A. Mogel eta P. Astarloak jarraitu zuten. Hala ere, Mogelek gogor kritikatu zuen ilustratu askoren euskararekiko guttiespena eta kulturaz jantzitako euskaldunak komentzitu nahi izan zituen sorterria euskara landuz goratzeko. Dena dela, Iraultza Frantsesak beldurtu egin zituen ilustratu asko eta Inkisizioari indar berriak emanarazi. Beste aldetik, espainiar estatuaren zentralizazioa -frantsesaren eredura- aldarrikatzen zutenek, foruen eta euskararen aurkako erasoak hasi zituzten historia eta hizkuntz arloan (Godoy, Llorente, Traggia...).

Erromantizismoaurreak, Europar nazionalismoaren sorrerarekin gertatzen denak, hala ere, sorterriko hizkuntzaren alde jokatuko du. Herder alemanaren (1744-1803) iritziz, hizkuntza ezagupen tresna da, kulturaren sortzaile eta aldi berean bilduma, eta herri baten "Genius" edo jatortasunaren erakusle hoberena. XIX. mendeko hizkuntzen eta herri poesien ernatzea hari esker gertatu zen. Europako herri kultoen aurrekoez diharduela, euskaldunak aintzat hartzen ditu zaharrenen artean, hauxe erantsiz: "Nahi izatekoa litzateke guk herri bizkor eta alai honen hizkuntza, ohiturak eta historia hobeki ezagutzea, eta, gael-herrian Mac Phersonek bezala, haien (euskaldunen) baitan bigarren Larramendi batek, euskal izpiritu nazional zaharraren azterrenak hartzea" (Ideiak Gizadiaren Historiaren Filosofiaz, 1784).

Bereziki Rousseauren eragina handia da erromantizismoaurrean, eta haren pentsamentuaren alderdi batzuek agian ukitu zuten euskal literatura, adibidez izadiarekiko eta zibilizazioak endekatu gabeko antzinako bizimoduarekiko interesa, basati prestuaren gurtzea edo jatortasunari ematen zaion garrantzia.

Herder-en eragina Humboldtengan nabari da, honen herri-kantu eta bertsoen bilaketan, eta Humboldten eragina Mogel (Peru Abarka) eta Astarloagan. Aipatu ditugu mende amaierako herri-bertsoak, bertso-bildumak eta bertsolarien lehen berriak ere.

Pablo Pedro Astarloa (17512-1806) durangarra eragin handiko apologista -gaztelaniaz, aurrekoen erara- eta hizkuntzalaria izan zen. Haren liburu garrantzitsuenak honako hauek dira: Apología de la Lengua Bascongada, o ensayo crítico filosófico de su perfeccion y antiguedad sobre todas las que se conocen (Madrid, 1803) eta Discursos Filosóficos sobre la lengua primitiva o Gramática y Análisis razonada de la Euskara o bascuence (1883). Astarloa Humboldten maisua izan zen euskara kontuetan.