Kontzeptua

Euskal Literatura Klasikoa: XVIII. Mendea

Kantuak doinuari lotuak dira, neurtitzak ez; ez da beti erraza, ordea, zein den kantua eta zein neurtitza jakitea. Hainbat generotakoak dira: herri-lirika tradizionala, gabon-kantak, kantikak eta erlijio-bertsoak, satirikoak edo jostagarriak, gorazarrezkoa, narratiboak.

Herri-lirika tradizionaleko kantuen artean aipagarriak dira, batez ere, Zuberoako kantu zenbait, adib. "Maitia nun zira?". Egile ezagunen artean aipagarria da Beñat Mardo Beñat Mardo koblakariare. Mardo da koblakari zaharrena. Barkoxekoa (Zuberoa) zen. 1760-1770 inguruan kobla ontzen ari izan zen, eta ugaria izan bide zen. Haren kobla batzuk Xahok (1857), Salaberrik (1870) eta bestek bildu dituzte baina anitz galdu dira. Honako kobla hauen egile da: "Beñat Mardoren khantoria" ; "Bestaliarrak" , "Xipa besta batez"; "Ñapurraren eta Auherraren arteko kantuak", "Beñat, esker dereiat...". Agian "Arbotiko jaunaren ezteiak" eta "Jaun barua" kantu ezagunak ere harenak izan daitezke.

Mende bukaerakoa (1798) da bertso bilduma zaharrena: Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798), poeta landu eta bertsolari tankerakoen 27 bertso eta neurtitz, genero desberdinetakoak (gorazarrezkoak, satirikoak edo jostagarriak, historiko-narratiboak). XVIII. mendeakoak dira zenbait egilerenak: M. Duhalde (1745-1804), Bernard Larregi (1793an hila), Jean Robin (1738-1821) eta M. Otsamendi (1766). Tokiko eta eguneroko bizimodu eta zerzeladak (jan-edanak, karrosak, modak), ingurune fisikokoak (itsasoa, mendia) eta euskara garbia (adibidez, Robin-en "Eskara bastartaren kontra, 1765") hartzen dituzte gaitzat.

XVIII. mende amaiera eta XIX.aren hasierakoak dira kantu eta herri-bertso zenbait: Aboitiz lekeitiarrarenak, Durangoko J. Kruz de la Fuente eta haren anaiarenak (Durangoko zilarginak), Fr. J. A. Uriartek bere Poesía bascongada. Dialecto vizcaino liburuan bilduak. Mogel-ek Peru Abarkan zortziko, kopla eta koplariak aintzat hartzen ditu eta garai horretan jasotzen dira bertsolarien lehen berriak (J. A. Zamakola, Historia de las Naciones Bascas, 1818).

Erlijioari estuago lotutako generoak dira gabon-kantak, kantikak eta, oro hartuta, erlijio-bertsoak (santuen gozoak, bederatziurrenak, misio-kantak etab.). Gabon-kantak urtero eratzen eta ospatzen hasiak ziren Bilbo, Donostia, Gernika, Azkoitia eta beste hiri batzuetan XVIII. mende erditsuan. Horretarikoak dira X. Muniberen Gabon-sariak eta Gandara gernikarrarenak (1700 ing.-1800 ing.). Eguberriz abestu ohi ziren eliz-kantuok gero eta finkoago eratuz doaz, bereziki Bilboko San Fraiskuko komentuan eta Jaundone Iakue katedral-elizan, baita Donostian.

Iparraldean kantika edo eliz-kantu bildumak behin eta berriz argitaratu ziren XVIII. mendean. B. Larregi aipatua ere kantika izpiritualen ontzaile izan zen.

Kardaberaz eta Lizarraga Elkanokoak erlijio bertsoak eta koplak ondu zituzten kristau ikasbide, irakaskintza eta elizkizunetarako, eta argitara atera ere bai Mendiburuk (Jesusen Amaren Bederatzurruna eta zenbeit beste gauza, 1759) eta Añibarrok (Misioko Kanta Santuak, 1803). Basterretxea jesuita lekeitiarraren Nekaldikoak ospetsu egin ziren (Jesukristo gure Jaunaren Pasioa euskarazko bersoetan, 1777). Gaiez bestelakoak dira, ordea, Jesusen Konpainiako anaia Gamiz arabarraren segidillak ("Dabiltzentxoak"), bere maitearen edertasuna kantatzen duen galai baten amodio-bertsoak (1984an argit.).

Bertso satiriko edo jostagarrien artean aipagarriak dira Aita Domingo Meaguer (1713-1772) Donostian sortuaren ardo kanta ezagunak, edo Juan Etxebarriarenak (Lasartekoak, 1716). Jende handiaren gorazarrezko kantuetan, Belzunzeko kontearen hileta-eresia, Estaing kontearen omenezkoa (Larregirena), B. Reciorena (Amelia erreginaren ohorez, Liman, 1761ean), Larramendiren eta P. P. Astarloaren neurtitz zenbait.

Literatura mugimenduek eragina izan zuten. Ilustrazioaren ideiak (nazioen arteko anaitasuna eta bakea, lanaren balioa etab.) ageri dira X. Muniberen Gabon-sariak-eko kopla batzuetan ("Kopla jostailuak"), ikasle zalduntxo batzuen arengetan edo P. P. Astarloaren neurtitzetan. Erromantizismoaurreak eraginda sortu ziren lehen poesia-bildumak (1798koa).