Literatoak

Duhalde, Martin

Euskal idazle eta hizlaria. 1745en jaio zen (Haristoy-ren arabera) edo 1733an (Vinsonen arabera) Uztaritzeko Legarria etxean (Lapurdi). Baionan hil zen 1804an.

Toulouseko unibertsitatean egin zituen teologia-ikasketak eta doktore titulua lortu zuen. 1770eko martxoaren 10ean sartu zen ordenan. Apaiz izendatzearekin batera, apaizgoaren lehen hamaika urteak parrokia-ministeriora kontsakratu zituen. Geroago, Larresoroko seminarioan sartu zen ikasketetara eta misioetara dedikatzeko. Ahalmen oratorio handiarekin, Duhalde nabarmen gailendu zen hainbat misiotan. Ahalmen oratorioarekin batera, hizkuntza klasikoen ezagutza etorri zen, greziera batez ere; horrela, Greziako elizaren sortzaileak jatorriko hizkuntzan ikasi ahal izan zituen.

Frantziako Iraultzak Larresoroko seminarioan harrapatu zuen. Seminarioko beste apaizekin batera, uko egin zion boto konstituzionala emateari eta atzerrira joan zen berehala. Hernanin eta Oiartzunen (Gipuzkoa) bizi izan zen, mugatik hurbil. Bertan ematen zien ongietorria bisitan joaten zitzaizkion fidelei; horien artean Magdalena Larralderi, Sarako martiriari, eta senar-emazteak bedeinkatu zituen M. d'Alincourt-en, diozesiako administratzailearen, bedeinkapenarekin.

Duhalde euskarazko meditazio-liburu baten egilea izan zen, Meditacioneac, gei premiatsuen gainean izenekoa: Baionan argitaratu zen 1809an. Lagunen estimazio handia zuen eta eragin handia ere bazuen haiengan. Urte horietan, iraultzari aurre egiten ausartu ez ziren apaizen borondateari eusteaz eta juramentuei atzera egin zezaten bultzatzeaz arduratu zen. Kultua berriz zabaltzean, Duhalde aita Baionako Saint-André-ko parroko izendatu zuten.

  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Martin Duhalde". [Kontsulta data: 2011ko azaroaren 8].