Kontzeptua

Euskal Poesia XX. Mendean

Francoren diktadurapean euskal kulturak eta hizkuntzak bizi duen giro itogarriaren lekukotza ematen du gudaosteko poesiagintzak. Gaiak euskararen etorkizunari buruzko kezka eta larritasunaren adierazle dira eta metaforizazioa dramatikoa nagusitzen da. Lehenengo autoreak atzerritik mintzatu ziren, hala nola Telesforo Monzón eta Jokin Zaitegi. Barnealdean, berriz, Salbatore Mitxelena, Nemesio Etxaniz, Juan San Martin "Otsalar" eta J. I. Goikoetxea "Gaztelu" dira aipagarri. Iparraldekoetan, berriz, J. Diharce "Iratzeder" eta M. Erdozaintzi-Etxart. Ordena erlijiosoetan izandako babes apurraz baliatuz iraun zuen euskal poesiaren zuzi ahulak. Obrarik errepresentatiboena Salbatore Mitxelenaren Arantzazu, euskal sinismenaren poema (1949) da, eta Euskal Herriaren agonia, gurutzearen sinboloan eta etsituriko herriaren sufrimenduan islatzen du.

Aldaketa nagusia atzerritik heldu zen: Paristik olerki sinbolistaren ernamuin berriak txertatzen asmatu zuen euskal literaturan Jon Mirande (Paris, 1925-1972), zuberotarrak, Ch. Baudelaire eta E. Alan Poe harturik iturritzat. II. Mundu Gerrako gerraoste astinduan euskal errefuxiatu abertzaleekin jarri zen harremanetan eta hizkuntzetarako eta literaturarako dohain apartak zituenez, berehala ekin zion euskaraz idazteari hizkuntza berreskuratu eta alfabetatu orduko; gisa berean zuzenean irakur zitzakeen gaztelaniaz edota ingelesez eta alemanezko testuak eta Europako hizkuntza minorizatu zenbait ere bai, bereziki hizkuntza zeltikoak (bretoiera eta irlandera) haien kulturan eta erlijioan bereziki interesatua baitzegoen.

Irakurle kezkatsua zen eta filosofia arloko irakurketetan F. Nietszche-ren teoriekin nahiz F. Spengler-en ikuspegi historikoarekin identifikatua sentitzen zen. Irakurketa haietatik itsatsi ziren Miranderengan euskal historiari eta erlijio kristauaren aurkako kritika zorrotzak, garaiko euskaltzaleengandik erabat aldenduko zutenak. Kristautasuna ideologia dekadentearen ondorioz, mendebaldeko kulturaren ahultzea zekarrela zeritzan, eta jokabide demokratikoa hautatzeak galtzaile izateko aukera soilik eskaintzen ziela gurea bezalako herri txikiei.

Literaturan gutxiengoarentzat idazten duen esteta fina zen, berezitasun ideologiko eta gehiegikeria moraletarako lizentzia poetikoa emango dion irakurle txunditua behar duena. Bere idazlan poetiko interesgarriena 1950-55ean garatu zuen, "Ilhun-argiak" liburu-proiektuan bildu zuena, argitaratzera iritsi ez bazen ere. Edertasun arraro bat sortu zuen euskal poesian, lehenik Heineren olerkietan edanik, hala nola maitasunaren engainuaren gaia garatu zuelarik, eta gerora, nihilismoaren ezintasunetan murgildurik, hala nola, "Nihil mors est" izeneko poeman, heriotzaren eta bizitzaren zentzua aurkitzeko ezintasunaren aurka errebelaturik. Maitasun erotikoaren adierazpenetan bere sentsualitatea hedatzen du modu erakargarrienean.

Gaiengatik nahiz sentsualtasunagatik zerikusirik badu Mirandek Mikel Lasa (Getaria 1938) idazlearen poesiarekin. Haren poesia ezagutzera ematen hasi zen 1960an eta Memory Dump (1960-1990) izenburupean argitaratu da sakabanaturiko lanen bilduma. Mirandek bezala, sinbolismo frantsesa du iturri nagusi eta nihilismoaren itzalpean garatu da, baina intimitatearen nahiz kezka sozialen adierazteko bide ere bilakatzen da.

Guda aurretik olerkariek landurikoa bezalako sinbolismoak irauten zuen hegoaldean, baina apurka-apurka sinbolismo anglosaxoiak, T.S. Eliot-en obretan mamiturikoak ere sartzea izan zuen. Hirurogeietan, ordea, poesia sozialaren eragina nabarmendu zen gure letretan Arestiren obraren bidez eta ordura artekoaz guztiz bestelako hizkera poetikoak egin zuen bidea euskal letretan.

Gabriel Aresti (Bilbo, 1933-1975) izan zen XX. mendeko bigarren erdiko poetarik garrantzitsuena eta azken ehun urteko idazleetan lehenen artean aipatu beharrekoa. Olerkarien ondoren, mendeko olerkigintzan bigarren produkzio gune garrantzitsuenaren ardatzean kokatu da. Bere libururik garrantzitsuenak, Maldan behera (1959) eta Harri eta Herri (1964) dira.

Bigarren honek harrera zabala izan zuen garaiko irakurle eta olerkarien artean eta eredu progresista, ulerterraz eta indartsua proposatu zion euskaldungoari. Bilboko hiriari lotua da oroz gainetik bere poesia eta hiriak tratamendu poetiko moderno guztiz adierazgarria hartzen du bere obran, geroago B. Atxagaren Etiopian izango duen tratamendu espresionistaren aitzindari. Hiriko bizitzaren zertzeladak eta konkrezioak, kaleak, porlanak eta etxe arruntetan bizi den jende langile grisak hartu zuen protagonismoa poesia sozialaren izendapen orokorraren pean aurkezten den Arestiren obran.

Mirande bezala, euskaldun berria zen, borondate ahalegin autodidakta handi baten fruitu. Gerraosteko aldizkarietan hasi zen idazten eta 1959an bi poesia lan luze eta guztiz ezberdinak eman zituen ezagutzera, bata, Bizkaitarra bertsolarien estiloko metrika eta baliabideez moldatua, eta bestea, Maldan behera izeneko poema sinbolista. Urte haietako irakurketa eta iturrien artean eragin berezia izan zuten berarengan Jon Mirandez gain, T. S. Eliot eta Espainiako 27ko belaunaldiko poetak, Pedro Salinas bereziki.

Poesia sozialak 1955-65 artean guztizko estimazioa izan zuen Espainiako literaturan, baina gero gain behera joan zen guztiz; horregatik, berritu egin zen adituen artean Arestiren lehenago obrengatiko interesa, bereziki Maldan behera. Maldan behera sinbolismo mitikoan oinarritua denez, interpretazio esparru zabala irekitzen du. Ezaugarri formalen aldetik estrofismoa bariatua da, hizkuntza molde argia eta adierazkorra darabil, baina erreferentzia mundu unibertsal aberatsari heltzen dio eta ideia filosofiko garaikideak ditu gogoan. Gisa berean, literatura popularraren baliabideak integratu zituen, bai bertsolarienak, bai beste azpigenero lirikoenak, hala nola kopla zaharrak, eske kantak edo baladak.

1960ko "Poesia eta euskal poesia" hitzaldian agertu zuen garbiro poesia sozialarekiko interes berria eta Harri eta Herri (1964) liburuan gauzatu zen kontzientzia sozial erradikala. Metaforizazio argia eta hurbila hautatu zuen liburu honetan, zenbait hitz esanguratsu (harri, hitza, ogia, egia, justizia... ) etengabe landuz. Arestiren liburuaren arrakastak zerikusi handia izan zuen egokiera sozio-politikoak eskatzen zuen mezua formulatzen asmatzearekin: gizarte sektore kementsu, gazte eta kontzientziatuarekin topo egin zuen, berak adierazitako baloreekin erraz identifikatu zena. Literatur molde hurbilak, ulerterrazak behar zituzten, euskara modernoa eta proposamen progresista aurkitu zuten irakurleek idazlanean.

Arestiren garaikide ziren poetek ere poesia sinbolistetatik poesia sozialaren aldera egin zuten. Zehazki, B. Gandiaga eta J. M. Lekuonaren lehen liburuak, hots, lehenaren Elorri (1962) eta bigarrenaren Mindura gaur (1966) sinbolismoaren ereduari atxikirik zirauten poesiak dira, eta Arestik berak bezala, herri literaturaren baliabideak eta moldeak literatura sinbolistarekin elkartzeko bideari ekiten zioten, eta haien kideko aipa liteke Xabier Lete ere, gazteago zen arren.

Bitoriano Gandiaga (Mendata, 1928-2001) fraide frantziskotarraren Elorri, 1962an argitaratu zen, hiruzpalau urteko zentsura aldia gainditu ondoren. Liburuan Arantzazu arkadia mistiko baten gisan agertzen da, sinbologia eta irudi aldetik oso landua eta ezaugarri xumeetan oinarritua, kromatismo joko ezin finagoan mamitua eta emozioen perzepzio sakonean ehoa hala nola T'euria (1961) poeman. Isilaldi luze baten ostean argitaratu zuen Hiru gizon bakarka (1974) poemategiak, aldiz, poesia sozialaren eragina ageri du eta indar espresibo dramatikoagoa du. Harrera beroa izan zuen garai irakurle nahiz medio literarioetan. Arestiren kasuan bezala, hirurogeitako poesia sozialaren urgentzia eta indarra ahuldu ahala, bere lehenengo liburuaren balioak berriro aurkitzeko saio kritikoak egin dira, bereziki adjetibazioa eta kromatismoa aztertuz, edota sakontasun emozionala aldarrikatuz. Elorri lan estatikoa, geldoa, norbere kezka erlijiosoen azterketan isolatutzat hartu zuen kritikak, poesia sozialaren hedatzea hasia zelarik.

Gandiagaren bigarren obra Hiru gizon bakarka (1974), euskal herriaren kezka politiko sozial eta linguistikoez mintzo da. Eragina izan zuten Gandiagarengan Elizaren baitan gertatzen ari ziren aldakuntzek, bereziki Juan XXIII.aren Pacem in terris entziklikaren edukiek; horregatik, existentzialismo kristaua deritzan korrontean kokatu dute kritikoek Gandiagaren bigarren liburua, ni kolektibo baten izenean aldarrikapen soziala egiten duelako. Alde formaletik bertso askatuaz baliatzen da eta ez du metrika Elorrin adina zaintzen. Erritmoa beti aipagarria da Gandiagaren bertsoetan, baina lerro barrukoa da, eta homofonia mota bat darabil gehienetan. Irudien munduari dagokionez, sinbolismo maila bati eusten dio, neurri batean poesia sozialaren irudi-sistemaz kutsatua. Bere azken liburuetan Uda batez Madrilen (1976), Denbora galdu alde (1985), Gabon dut anuntzio (1986) dira gai erlijioso eta sozialei atxikiak.

Juan Mari Lekuona (Oiartzun, 1927-2005), apaiz eta unibertsitate irakasle herri literaturaren arloan, Gandiagarekin batera azken mende laurdenean euskal poesiaren ardatzetako bat izan da, poeta gazteagoetan eragin zuzena izan duena.

Aresti
Poesia landua eta elaboratua da Lekuonarena, ez Gandiagarena bezain isurkor eta erritmo markatukoa, baina, harena bezala, euskal herriaren nortasun kulturalaren eta iraupenaren kezkan sortua. Bere liburuak poesia sorta egituratuez moldatuak dira eta gaiaren tratamendu intelektual sakona garatzen du gehienetan. Itinerario/ Ibilaldia (1996) bilduman dago jasoa bere produkzio osoa, hitzaurre batean zehaztu zuelarik bere autopoetika. 1950-60 urteetan hasi zen poesia arloan eta Mindura gaur (1966) biltzen da produkzio hura. Muga beroak (1973) aldiz, poesia sozialaren eraginpean sorturikoa da. Bere pentsamenduak oinarrian ditu J. Oteizaren Quosque Tandem. Ensayo para la interpretación del alma vasca (1963) nahiz J. M. Barandiaranen Mitología vasca (1960) liburuak eta euskal herriaren kontzepzio antropologikoak bere poesian hartuko duen garrantziagatik, aipagarriak dira Hondarrean idatzia (1973) edo Lurra nigan izeneko poema (1972). Ilargiaren eskolan (1979) nahiz Mimodramak eta ikonoak (1990) liburuetan, giza espiritualitatea aztertzeari ekiten dio munduaren forma fisikoetan nahiz sinbolikoetan ikertuz. Lekuonak islatzen duen bilaketa espiritual horren ildo beretik dihardu Joxean Artze (Usurbil, 1939) poetak ere, euskal poetetan esperimentalismo formaletan gehien aitzinatu zena. Horren lekuko dira Isturitzetik Tolosan barna laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik nahiz Eta sasi guztien gainetik, Laino guztien azpitik (1973), edota Bide bazterrean hi eta ni kantari (1979). Esperimentalismoaren arlotik espiritualismo erlijiosorantz egiten du Ortzia lorez. Lurra izarrez (1987) liburuan. Ildo antropologikoan aipa liteke besteak beste, Joseba Zulaika antropologoaren Adanen poema amaigabea (1975).

Xabier Lete (Oiartzun, 1944-2010), poeta eta kantu-egile da. Kantagintza berriaren eragina jaso zuen, hala nola, George Brassens, Jacques Brel, Leo Ferre, nahiz Nova Canço kataluniarrarena edota Pako Ibañez bezalako abeslariena. Bi liburu argitaratu zituen lehen epe horretan, Egunetik egunera egunen gurpilean (1968) eta Bigarren poema liburua (1974), bere testurik ezagunena. Poesia sozialaren esparruan kokatu izan dira, existentzialismoaren eta nihilismoaren eragin nabariez. Halere, Leteren barne ahotsak dei irrazional bati erantzuten dio, argi eta bizitza eske, bitalismo indartsu bati erantzuten dio inguru latzari.

Laurogeietako krisialdiaren ondoren, ordea, poesia tradizio klasiko handienera bihurtzen da, eta, besteak beste, erreferentziatzat hartzen ditu Rainer M. Rilke, Salvador Espriu, Carles Riba eta abar. Bere azken liburua Egunsentiaren esku izoztuak (2008) bilaketa espiritual eta esperientzia haragituaren poetikaren lekuko bilakatu da.

Hirurogeietako poeten artean arreta merezi dute gisa berean lehen ahots femeninoak, hala nola, Amaia Lasa (Getaria, 1948) Geroaren arpegia (2000) eta Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) San Pedro bezperaren ondokoak (1972). Horiekin batean aipa litezke beste zenbait ahots poetiko, hala nola, Jose Angel Irigarai (Iruñea, 1942) Kondairaren ihauterian (1975), Bizi minaren olerkiak (1986) eta Urdinkara (1995). Ildo berean, poesia molde sinbolista argitaratu zuten Luis Mari Mujika, Patxi Ezkiaga, Mikel Arregi, Iñaki Zabaleta edota José Auxtin Arrieta, nahiz Patzi Perurenak. Bere lerro nagusietan egile horiek guztiek artista plastiko garaikideen estetikaren eragina jaso zuten eta Chillida nahiz Oteizaren presupuesto estetikoen eraginpean jardun zuten. Abangoardia estetikoak sartzea egin zuten euskal poesian, indar bereziz 1970etatik aurrera. Hala, poesia liburuen edizioetan grabatuak, fotografiak, marrazkiak integratu ziren, eta hizkien adierazteko gaitasuna ustiatzeko esperimentalismoa ere nabari daiteke bereziki Artze, Lete edota Gandiagarengan, estrofak espazioan kokatzeko modua esploratuz.