Kontzeptua

Artearen Historia. Erromanikoa

Euskal Herrian, berri gutxi dugu Erdi Aroaren hasieraz. Badirudi, nahiz eta IX. mendera arte ez dugun testigantza fidagarririk, bisigodoek ez zutela batere kontrolatu lurraldea, eta, beraz, Euskal Herriko jendeak erromatarren garaitik jasotako eran eta moduan jarraitu zuela bere burua gobernatzen. Badakigu landa aldea garatu zela, eta, beraz, jaun feudalen boterea hazi zela; bai eta Elizarena ere, apezpikutzen eta monasterioen bitartez. Arabiar herriaren etorrerak gutxi aldatu zuen egoera. Nafarroa hegoaldean jarri ziren bizitzen, eta, Banu Qasi familiaren bitartez, bi mendez eduki zuten mendean Erribera, harik eta nafar erregeek garaitu zituzten arte.

Arte

Beraz, Erdi Aroko lehen garai horretan, Euskal Herria lurraldeak menderatzeko borroka garratzean egon zen sartuta buru-belarri, Europa osoa bezala. Borroka horrek noble ugari, apezpikuak eta erregeak jarri zituen elkarren aurka. Egun Euskal Herriko eremuan sartzen ditugun lurraldeetan, erresuma bakarra eratu zen garai hartan. Iruñeko Erresuma hartu zuen izentzat aurrena, eta Nafarroako Erresuma, gero. Gure geografia ia osoa eduki zuen mendean. Erresuma hura bere eremua handitzen saiatu zen, beste guztiak bezala, baina Gaztelarekin eta Aragoirekin egin zuen topo, eta borroka ugari izan zituen biekin. Hala eta guztiz ere, Nafarroako erregeek nobleekin eta Elizarekin partekatu behar izan zuten lurraldearen kontrola, talde horiek baitziren garai hartan boterea zutenak, eta kontrol politikoa, ekonomikoa eta kulturala zerabilten biztanleen gainean.

Euskal Herrian sortu ziren lehen agerpen artistiko garrantzitsuak erromanikoa deitzen dugun estilokoak dira. Estiloa, arestian aipatu dugun kontrolaren zati gisa sortu zen. Elizak, izan ere, nobleek eta erregeek bezalaxe, Europa mendebaldeko lurralde kristauen batasuna agertuko zuten sinboloak behar zituen. Beraz, aniztasun geografikoaren, ekonomikoaren eta politikoaren aurrean, Elizak artea erabili zuen elementu bateratzaile gisa, bere boterea ahalik eta lurralde gehienetan ezartzeko. Hortik datoz arte erromanikoaren izaera homogeneoa eta osagai didaktikoa. Izan ere, orduko gizartea landan bizi zen, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen zen; biztanle gutxi ziren, eta egoera politikoa beti koloka zegoen: agintariak etengabe aldatzen ziren. Erromanikoa bihurtu zen kultur erreferentzia nagusi, gizarte osoa batu zuen estiloa.

Frantziako klunitarren ordenako monje beneditarrek sortu eta hedatu zuten erromanikoa. Mendebaldeko mundu kristauaren kohesioa eta uniformetasuna bermatu behar zituen horrek. Horretarako, monasterio, apezpikutza eta erromes-bide sare zabal bat eratu zuten; gure lurraldearen kasuan, Done Jakue bidearen inguruan.

Arte
Gero, haren bitartez eta hartatik abiaturik, agerpen artistiko ugari hasi ziren sortzen Euskal Herrian. Agerpenek erlijio premia batzuk konpontzen zituzten, eta, gainera, estilo bati eta printzipio batzuei erantzuten zieten, zeinek helburu zehatz batzuk iristea bilatzen baitzuten, adierazpen artistikoaren bitartez. Garbi esan behar da, bada: erromanikoa da Euskal Herrian egindako lehen arte estiloa. Halere, Euskal Herrian garatu zen erromanikoa bere xumetasunagatik nabarmendu zen. Gogoratu behar da estilo erromanikoa Frantzian jaio zela, eta, mendebal Europa osoan hedatu ondoren, oso berandu heldu zela Iberiar penintsulara.

XII. mendearen hondarretik aitzina, beste kultur korronte bat heldu zen, eta, poliki-poliki, erromanikoa ordeztu zuen. Gotikoa zen. Ordu arte, erromanikoa indar desberdinez hedatu zen Euskal Herrian. Nafarroan handiagoa izan zen indarra, Done Jakue bide nagusia hortik baitzihoan; gainera, nafar erregeek lagundu egin zuten monasterio beneditarrak sortzen, bai eta estiloa zabaltzen ere, eraikin erlijiosoak eta zibilak egiteko erraztasunak emanda. Araba eta Iparraldea ere bide nagusiaren ondoan egoteak erromanikoaren garapena lagundu zuen; Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, erromanikoaren indarra apalagoa izan zen. Estiloaz bezainbatean, Euskal Herriko zein zona den, Frantziako, Aragoiko eta Gaztelako erromanikoen elementuak eta aztarnak aurkitzen ditugu nahasita. Baina arkitektura nagusitu zitzaien arte plastikoei, eta arte erlijiosoa, arte zibilari. Lurralde guztietan ikusten dugu hori.