Kontzeptua

Artearen Historia. Erromanikoa

Arkitektura izan zen erromanikoan gehien garatu zen diziplina artistikoa. Bera bihurtu zen erromanikoa hedatzeko tresnarik hoberena. Nobleek eta Elizak, bost mendeko ezegonkortasunaren eta gerren ondoren, eraikin bereziak behar zituzten. Haiek biztanleen premia berrietara egokitu behar zuten, baina, gainera, eginkizun militarra eta eginkizun didaktikoa eduki behar zituzten: kristau fedean hezi behar zuten gizartea, baina, orobat, botere zibil eta erlijioso berrien nagusitasuna adierazi behar zuten.

Arte

Arkitektura zibilaz bezainbatean, gordetako eraikinak erlijiozkoak baino urriagoak dira oraindik. Garai horretan, nobleek eta monarkiak ez zeukaten Elizak adinako funtzio didaktikorik egin beharrik, eta, gainera, gatazka militarrek mota horretako ondare arkitektoniko gehiena galtzea ekarri zuten. Lizarran dagoen Nafarroako Erregeen Jauregia da arkitektura zibil erromanikotik gelditzen zaigun adibiderik onena. Eraikin sobrio eta bakun sorta batek osatzen du. Egun, etxearen aurpegia bakarrik jo daiteke erromanikokoa, barneko espazioak eraldatu egin baitzituzten gero. Aurpegi hori arkuteriazko bi oinetan dago antolatua -behean arkupea, goian areto handiko leihateak-, non bakoitzak zutoin ordena gainjarri desberdina duen.

Gordetako gainerako eraikin zibiletatik, honako hauek nabarmentzen dira: Biana, Arrada eta Artaxona herri nafarretako barrunbe harresituak, eta Done Jakue bidea egitean Ebro eta gainerako ibaiak igarotzen laguntzen zuten zubiak. Iruñean, Agoitzen, Esan, Zangozan, Irotzen eta Garesen daude aipatu zubiak. Biasterin (Araba) dagoen abadearen dorrea ere garai hartakotzat jotzen da, nahiz eta geroagoko esku-hartzeek izugarri aldatu duten eraikina.