Kontzeptua

Artearen Historia. Erromanikoa

Erromanikoan, diziplina plastikoek bigarren mailako tokia eduki zuten, beti arkitekturaren menpean. Haien eginkizuna pedagogikoa izan zen batik bat. Izan ere, helburu nagusia kristau fedea zabaltzea zen, eta Elizak ordezkatutako erlijio-boterea eta nobleek ordezkatutako botere zibila ziren horretarako bitartekoak. Arrazoi horregatik, kontakizun biblikoetako irudiak egiten ziren gehien bat, eta irudi profanoek -abereak, landareak eta eguneroko bizitzako irudiak- bigarren mailako eginkizuna zeukaten, apaingarri hutsak ziren. Errealitatearen eta naturalismoaren zentzua, eta orobat proportzioarena eta harmoniarena, galdu egin ziren, eta erromanikoak, bereizgarriak sinplifikatu ez ezik, puztu ere egin zituen. Aldaketa horretan, teknika zehatzago baten falta ez ezik, artearen kontzeptuaren eta zentzuaren eraldaketa handi bat ere sumatzen da, bai haren eginkizunari dagokionez, bai haren helburuei dagokienez.

Arte

Euskal Herrian, gorde diren diziplina plastikoetako hondar gehienak eskultorikoak dira, eta elizetako portadak eta klaustroak apaintzen dituzte. Kasu honetan ere, Nafarroan aurkitzen ditugu adibiderik onenak. Honako hauetan, zehazki: Iruñeko katedral erromanikoaren klaustroko kapiteletan, Tuterako Azken Judizioko portadan, Lizarrako San Miguel elizako alboko portadan eta Zangozako Santa Maria la Real elizako portada nagusian, non, ezbairik gabe, garaiko eskultura multzorik osoena eta interesgarriena dagoen. Gainerako elizetan, bai Nafarroan, bai Euskal Herri osoan, apaingarri geometriko bakun eta soilak dira nagusi.

Zurez egindako eta kolore anitzez margotutako eskultura exentuak dira hurrengo agerpen eskultoriko garrantzitsuena. Ama Birjina eserita haurra belaunen gainean duela eta Kristo gurutziltzatua dira gehien ikusten diren irudiak. Garai horretako eskultura exentuetatik, honako hauek nabarmentzen dira: Araban, Estibalizko Ama Birjina, eta Nafarroan, Torres del Rioko Hilobi Santua elizako Kristoa.

Pintura adibiderik ez zaigu heldu -Elgoibarko (Gipuzkoa) San Llobente baselizan aurkitutako horma-pintura apaingarri hondarrak izan ezik-, baina bitxigintza pieza batzuk, bai, esmaltezko akaberaz eta zilarrez, urrez eta boliz egindako lanak. Aralarko (Nafarroa) frontala, Frantziatik ekarria, da piezarik interesgarrienetako bat, eta Europako obrarik onenetako bat jotzen dute. Iratxeko Ama Birjina (Nafarroa) ere nabarmendu behar da. Zurezkoa da, eta zilarrez estalia. Eta Artaxonako (Nafarroa) Jerusalemgo Ama Birjina. Gainera, Nafarroak baditu arabiarrek boliz egindako bi kutxatila berezi. Fiteroko eta Leireko monasterioetatik datoz. Fiteroko kutxatilan, geometria- eta landare-motiboak dira nagusi, eta Leirekoan, gai horiek berak eta giza irudiak ageri dira nahasita.