Kontzeptua

Artearen Historia. Erromanikoa

Euskal Herrian, ez ditugu gorde garai erromanikoko eraikin erlijioso asko. Bai garai hartako egoera politiko nahasiagatik beragatik, bai denbora luzea joan delako, eliza anitz galdu dira, edo, bestela, eraldatze-prozesu hain sakonak jasan dituzte, non tenplu askotan, egun, soilik ateetan, leihoetan eta horrelako elementuetan baizik ez baititugu aurkitzen erromanikoaren hondarrak. Izan ere, eraikin haiek gehienak txikiak eta apalak izan ziren, bai formalki, bai materialki, garai hartan Euskal Herriko eskualde gehienek garapen maila ekonomiko eta politiko txikia baitzuten, eta, horregatik, gero beste eraikin batzuez ordeztu zituzten, eraikin berriek hobeki betetzen baitzituzten, formalki eta kontzeptualki, geroko belaunaldiek eduki zituzten premiak.

Arkitektura erromanikoak, estilo horretan garatutako gainerako kulturak eta arteak bezala, arte erromatarraren eraikuntza-tradizioa berreskuratzen du, eta, horri, Europa inbaditu zuten herriengandiko beste elementu batzuk gehitzen dizkio. Hala, elizek ezaugarri hauek eduki ohi dituzte: gurutze latindarrezko oinplanoa, nabe bat edo hiru, gurutzadura markatua, eta abside erdizirkularrak dauzkan burualdea. Eraikuntzan, elementu hauek nagusitzen dira: erdi-puntuko arkua, kapitel historiatuak, kanoi edo ertz-ganga nabeetan, labe-ganga absideetan eta, azkenik, tronpen gaineko kupulak zinborioan. Garai horretan eraikitako monasterioak eta elizak tamaina txikikoak dira, biztanleria ez baitzen oso ugaria. Gainera, lodiak egiten zituzten hormak, eta estuak, leihoak; ez soilik erromatarren eraikuntza-trebetasun teknikoak galdu zirelako -prestakuntza eskola gehienak jadanik ezkutatuak ziren-, baizik eta premia berriek beste eraikitze-molde batzuk eta beste ezaugarri batzuetako eraikinak eskatzen zituztelako.

Jadanik aipatu dugun bezala, Nafarroan garatu ziren erromanikoko eraikinik onenak Euskal Herrian. Leireko San Salbatore monasterioko kripta eta absideak eta Aralarko San Mikel elizako eraikuntza-elementu batzuk dira estilo horretan eraikin ziren lehen obrak. XI. mendearen hondarrean izan zen hori. Eraikin horietan, bistakoak dira erromanikoaren hasierako xumetasuna eta are zakartasuna ere: pilare eta kapitel lodiak, eta kanpoko kontrahorma izugarri handiak. Halere, Nafarroako erromanikoak XII. mendean ukan zuen unerik distiratsuena. Nafarroako Erresuma sendotu egin zen, Frantziako eta Aragoiko erresumekiko harreman estuei esker, eta musulmanei zenbait lurralde konkistatu zizkielako. Erresuma hazi egin zen ekonomikoki, eta eliza andana bat eraikitzeari ekin zioten. Haietako batzuk kontserbazio-egoera onean daude oraindik. Iruñeko katedrala izan zen garaiko obra nagusia, baina haren hondar gutxi gelditzen zaigu egun. Izan ere, XII. mendearen hasieran eraiki zuten, Compostelako Done Jakue katedrala eredutzat hartuta -hiru nabe, gurutzadura eta hiru abside-, baina, zorigaitzez, 1390ean hondoratu zen, eta estilo gotikoko katedral berri batez ordeztu zuten.

Iruñea Done Jakue bidean dago, eta, beraz, bide horretantxe aurkitzen ditugu erromanikoko obrarik onenetako batzuk. Garai horretakoak dira: Iratxeko monasterioko lehen eraikina, gero beste eraikin batzuez ordeztua, eta Uxueko Santa Maria elizako absidea, non Jacako katedralaren eredua erabili zen -hiru nabe, gurutzadura, hiru abside, eta horma sendo eta bao gutxikoak-, eta hiru absideen hormak soilik gelditzen dira, gainerakoa aro gotikoan bota baitzuten, eta, orain, eliza gotikoak dauzka bereganaturik aipatu hormak. Zangozako Santa Maria la Real elizan, aitzitik, hiru absideez gainera, haren portada nagusia eta portadaren apaingarri guztiak atxiki ziren garai erromanikotik, baina gainerakoa fase askotan eta beste estilo batzuez ordeztu zen.

Esanak esan, ordea, Nafarroak dauzka Euskal Herriko arkitektura erromanikoko adibiderik onenetako batzuk. Lizarran, esate baterako, Ruako San Pedro elizak, jatorrizko traza eta elementu asko dauzka oraindik, nagusiki klaustroa, horren bi alde gordetzen baitira. San Miguel elizan, aldiz, hiri berean, burualdea bakarrik da garai erromanikokoa, elizaren gainerakoa zistertarra baita.

Gaur arte gordetako nafar erromanikoko bitxirik ikusgarrienetako batzuk oinplano zentralizatuko elizak dira. Muruzabal herriko Eunateko Andre Maria eliza eta Torres del Rioko Hilobi Santua eliza dira adibide onak. Tamaina txikia dute; eraikuntza bakuna, ia apaingarririk gabea, eta oinplano oktogonala. Eunateko kasuan, eliza inguratzen duen arkuteria oktogonala da berezia. Torres del Rion, berriz, eraikinaren barneko kalifa-ganga nabarmendu behar da. Gangak, bestalde, gurutzatzen diren baina giltzarrian bat egiten ez duten arkuak ditu, zeinek arkitektura mozarabiarra gogorarazten baitute.

Bai Lizarrako bi elizak, bai oinplano zentralizatuko beste biak, Euskal Herriko erromanikoko azken garaikoak dira. Sasoi horretan hasi zen nabaritzen zistertarren eta haien erreformaren eragina. Tuterako katedrala da Nafarroan presentzia hori hobekien salatzen duen eraikina. Zistertarren arkitekturaren eskemei jarraiki, eraikin horretan hiru nabe egin ziren, erdikoa alboetakoak baino handiagoa eta goragoa, eta gurutzadura eta burualdea bost kaperarekin garatu ziren. Eraikin horrek goiera, zalutasun eta argitasun handiagoak ditu, bai elementu eutsietan, bai euskarrietan. Eraikuntza-tekniken ezagutza handiagoa nabari da hor, batetik, eta ase beharreko premia berri batzuk, bestetik. Premia berri horiek aldaketa ekonomikoek eta zetozen aldaketa sozialek sortzen zituztela argitu behar da.

Araban, landa eliza txikiak dira nagusi batik bat. Horiek, estilo erromanikoari jarraiki, oso modu bakunean berrinterpretatu dute eraikina, eta ez harmoniarik eta proportziorik gabe. Gehienak lurraldeko hegoaldean daude, Done Jakue bidearen ondoko lurretan. Arabako landa erromanikoaren ezaugarriak hobekien ageri dituen baselizetako bat San Vicentejo da. Trebiñon dago. Nabe bakar gisa dago egina, bi atalekoa, eta presbiterioa, hirugarren atal motzago batek osatua. Abside erdizirkular bat du. San Vicentejo elizak txit ongi laburbiltzen ditu era bakunean berrinterpretatutako erromanikoaren ezaugarriak. Hona antzeko beste adibide batzuk: Tuestako Andre Maria, Gaubean; Tourseko San Martin eliza, Gazeon; Markinezko San Joan, Bernedon; San Joan, Karkamun; Andre Maria, Toberan, eta Jasokundea, Alaizan. Eliza horietan gehienetan, ez dakigu eraikuntza daturik eta zirkunstantziarik, ez eta nolako bilakaera izan duen haien kontserbazioak gero, baina erromaniko herrikoiaren adibide interesgarriak dira. Hala ere, bi eraikin nabarmendu ziren Araba mailan, beren dimentsioengatik eta lurraldean izan zuten eraginagatik. Estibalizko Andre Maria elizaz eta Armentiako San Prudentzio elizaz ari gara. Bi kasuetan, gurutze latindarrezko oinplano bakarra aurkitzen dugu, eta hiru ataleko nabe bakarra; abside erdizirkular bakarrarekin, Armentian, eta hiru abside erdizirkularrekin, Estibalitzen. Estalkiei dagokienez, Armentian, nabeak kanoi zorrotzeko ganga du, eta absideak, labe-ganga; gurutzadurak, berriz, lau arku toral bikoitz zorrotz ditu, eta, horien gainean, zinborioa altxatzen da, zeina erdian diagonalean gurutzatzen diren arkudun gangaz baitago estalia. Estibalitzen, nabea kanoi zorrotzeko gangaz dago estalia; hiru absideak, esfera-laurdeneko gangaz, eta gurutzadura, azkenik, erdiko giltzarririk gabe diagonalean gurutzatzen diren arkudun gangaz.

Iparraldeari doakionez, frantses lurraldean ere foku erromaniko garrantzitsu bat garatu zen, nagusiki barnealdean, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, Done Jakue bideak zeukan eraginagatik. Zuberoako Santa Garaziko eliza da eraikinik antzinakoena eta garrantzitsuena. XI. mendean eraiki zuten. Erromaniko frantseseko elementuak biltzen ditu. Eta eskualdeko arkitektura herrikoiaren ezaugarriak; teilatuaren malda handia, esaterako. Zuberoan, honako hauetan ere badira elementu erromanikoak: Hauzeko elizan (Atharratze) eta San Blas elizan (Maule-Lextarre). Eta Nafarroa Beherean, honako hauetan: Haranbeltzeko San Nikolas elizan eta Apaten, Donazaharren. Lapurdin, Lehuntzeko herrixkak bakarrik gorde du XII. mendean eraikitako elizatxo bat.

Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, erromanikoaren eragina askoz txikiagoa izan zen. Izan ere, kasurik gehienetan, heldu zaizkigun hondarrak urriak dira eta, gainera, arkitektura-elementu isolatuak, hots, portadak, leihoak, bataiarriak eta antzekoak, zeinak geroagoko eraikinetan berrerabili baitituzte.

Oro har, Bizkaiko eta Gipuzkoako erromanikoak Arabakoaren ezaugarri berak ditu. Bi lurralde horietako elementu bereziena Bizkaian erabilitako abside zuzena izan zen. Honako hauetan erabili zuten: San Pelaio elizan, Bakion; Zumetzagako San Mikel elizan, Mungian, eta Abrisketako San Pedro elizan, Arrigorriagan. Eliza bakunak dira, tamaina txikikoak. Nabe bakarra dute, egurrezko egitura batez estalia, eta burualdea, kanoi-ganga batez. Eliza horien elementu berezia, hau da, forma karratuko absidea, ezaugarri nahiko arrunta izan zen kantauri itsasertz osoan, eta ez soilik Bizkaian. Garaiaren azkenean, Elexaldeko Andre Maria eliza eraiki zen, Galdakaon. Eraikuntza-elementu gotiko batzuk ditu -arku zorrotzak, nabearen lehen bi ataletan- ezaugarri erromanikoekin nahasita.

Gipuzkoan, hondar erromanikoak are urriagoak dira. Honako hauek aipa ditzakegu: Aretxabaletako hilerriko eraikuntza-elementu isolatu batzuk, hau da, bi arku geminatu, mainel batekin, Bedarretako San Miguel elizatik datozenak, eta bi leiho erromaniko absidial, bata bestearen gainean ipinita, Bedoñako Santa Eulalia elizan, Arrasaten. Ondoko hauetan ere gordetzen dira hondar erromaniko batzuk, hots, Idiazabalgo San Miguel, Abaltzisketako San Joan Bataiatzailea, Zumarragako Antigua eta Tolosako Andre Maria elizetako ateetan. Gipuzkoako eliza erromaniko gehienak eraikin txiki eta behin behinekoak izango ziren, segur aski, eta horrek baliabide ekonomikoak urriagoak zirela esan nahi du.

XII. mendearen hondarrean, erromanikoaren eta gotikoaren arteko estilo artistiko berri bat hedatu zen Europan. Zistertarrek bultzatu zuten, San Bernardok sustatutako erreformatik abiaturik. Ordena berriak aurre egin zion beneditarrek ezarritakoari. Kultura eta arte aszetikoago eta austeroagoak proposatu zituzten. Apaingarriak kendu zizkieten eraikinei, eta eraikuntza-teknika berriak sartu zituzten: arku zorrotza eta gurutze-ganga, adibidez. Eraikuntza-teknika berri horiek gangen zamatik libratu zituzten hormak, arindu egin zituzten haiek, eta goiera eta argia handitu ziren horrela. Estilo berri hori ere Done Jakue bidetik sartu zen, eta eragin berezia eduki zuen Nafarroan, nahiz eta gero Euskal Herri osora hedatu, kasu askotan erromanikoarekin bat egiten zuelarik. Fiteroko, Irantzuko eta La Olivako monasterioak izan ziren estilo horretan egindako eraikin nagusiak. Nafarroan daude guztiak.