Konposatzaileak

Aita Donostia

Aita Donostiaren gurasoak, Jose Antonio (Orio, 1856) eta Felipa (Donostia, 1855) 1880an ezkondu ziren eta Idiakez kaleko 5. zenbakian helbideratu ziren, eraikin guztia Jose Loidirena zena eta Maria Josefa Zulaicarekin ezkondua zegoena, Jose Antonioren arreba. Jose Loidik Jose Antonio Zulaica gonbidatu zuen 1875etik aurrera Loidi eta Zulaica enpresa elkarrekin sortzera, ardo klase guztietan espezializatua, nahiz eta ospe gehiena ardo gozoekin lortu, batez ere mezako ardoekin.

Idiakezeko 5. zenbakian jaio ziren Jose Antonio eta Feliparen hamar seme-alabak.1

1883an Pedro Juan jaio zen, Aita Fortunato de San Sebastian kaputxinoa izatera iritsi zena, eta San Bizente parrokian bataiatu zuten.

1886an Jose Gonzalo jaio zen, Aita Jose Antonio de San Sebastian kaputxinoa izatera iritsi zena. Sorkuntza berriko parrokian bataiatu zuten, kultuak kapera txiki batean izaten ziren, San Martzial kaleko 44. zenbakiko beheko solairuan, Urbieta kalearekin izkina eginez 2. Parroki honetako bataio liburuko jaiotza-agiriak honela dio:

"Donostiako Hirian, Gipuzkoako Probintzian, Gasteizko Elizbarrutia, 19886ko Urtarrilaren hamaika,...nik sorkuntza berriko parroki-elizako Presbitero Apaiz Ekonomoa, handitasunez Jose Gonzalo izenarekin haur bat bataiatu nuen. Jose Antonio Zulaica, jatorriz Oriokoa, eta Felipa Arreguiren, hiri honetakoa jatorriz eta hemengo elizatiarra, seme legitimoa da. Aitak adierazi duenez atzoko egunean goizeko 8tan jaio zen, Idiakez kaleko 5 zenbakian. Aitaldeko aiton-amonak Jose Mª Zulaica, Oriokoa, eta Teresa Alberdi, Aiakoa dira eta amaldekoak aldiz, Vicente Arregui eta Josefa Antonia Echeverria, sortzez hiri honetakoak. Aitabitxiak Jose Manuel Zulaica eta Josefa Arregui izan ziren, Oriokoa bata eta hiri honetakoa bestea eta hauei jakinarazi nien zeukaten ahaidetasun espiritualaz eta hartu zuten betebeharraz, lekuko bezala Antonio Esnaola eta Miguel Arruspide zeudelarik, parrokia honetako zerbitzariak, Abaltzisketakoa bata eta hiri honetakoa bestea jaiotzez. Eta egia denez sinatzen goian aipaturiko datan. Martin Lorenzo de Urizar Lizentziatua" 3. (Itzulpena gazteleratik moldatua).

Ikastetxera hasi baino lehen, bost edo sei urterekin "bi makilekin jolastea gustatzen zitzaion, biolina jotzen ibiliko balitz bezala... agertzen zuen zaletasun hau ikusirik, gurasoek txiki bat erosi zioten". 4(Itzulpena gazteleratik moldatua). Ondorengo urteetan gainerako anai-arrebak jaio ziren; Fermin Vicente, Luis, Jose Luis, Maria de la Concepcion, Ramon Maria eta Gil eta Estanislao bikiak.

1892an Pedro eta Jose anaiak Santa Maria Ikastetxe Katolikoan sartu ziren, Aita Marianistek zuzendurikoa. 1895eko abenduak 8an Jose Gonzalo Zulaicak ospakizun handiz Lehen Jaunartzea egin zuen Ikastetxe honetan. Ikastetxean jasotako heziketan euskararen lantzeak ez zuen izpirik eduki. Modu honetan Pedro eta Josek, guraso euskaldunen semeak zirenak, ama-hizkuntza galdu zuten. Zulaica-Arreguitarrak, familia ugaria zena, Santa Catalina 5 zenbakira joan ziren bizitzera ugazaba gisa.

1Maria Zulaikak, Aita Donostiaren arreba, Idiakezeko 5. zenbakian hamaika anai-arreba jaio zirela esan arren, hamarren jaiotza eta bataioa besterik ezin izan ditut egiaztatu.

2MURUGARREN, Luis. Catedral del Buen Pastor. Donostia- San Sebastián, 1897-1997 (Kutxa Fundazioa, Donostia, 1996), 24. or.

3Donostiako Sorkuntza Berriko Parrokiako Bataiatuen Liburua, 1886, 154. or.

4ZULAICA Y ARREGUI, María, EUSKO IKASKUNTZA aldizkaria. Cuaderno de Sección de Música, 3. zenb., Donostia, 1978.