Konposatzaileak

Aita Donostia

Madrilen igarotako egonaldiak musika joera berriekin konektatzeko zuen grina ez zuen bete, Frantzian gertatzen zen bezala. Debussy eta Ravelenganako zuen mirespena obsesiboa zen.

Bere proiektua Parisera joan eta Maurice Ravel idoloarekin konektatzea zen. Frantziako hiriburura joateko baimena lortu zuenean, zorrozki bete behar zuen programazioa egin zuen: Ravelekin harremanetan jarri, Biblioteka Nazionala, Opera, Arsenal eta Kontserbatorioa bisitatu, kontzertuetara joan eta bertan frantziar kulturako pertsona eta talde nabarmenenak ezagutu.

Parisera 1920ko urtarrilaren 20an iritsi zen. "Parisera egin nuen lehenengo bisitan, egin nuen lehenengo gauza hilerri honetara etortzea izan zen (Trocadero Plazaren ondokoa) Debussyren hilobi aurrean Aita Gure bat errezatzeko" 10. (Itzulpena gazteleratik moldatua)

Saint Péres edo Boissonade-ko 26. zenbakiko kaputxinoetan egoitza finkatuta, Ricardo Viñes bisitatu zuen, honek Parisen zuen etxean. Hau izan zen aldizka konpositore handiak aurkeztuko zizkiona, bereziki, Maurice Ravel 11. Viñesek Aita Donostiari Jean Pierre Altermann aurkeztu zion, Parisen jaiotako israeldarra. Katoliko bezala bataiatu ondoren, Maison d'Ananie sortu zuen, barne-bakearen beharra zeukaten pertsonalitateen topagunea. Leku honetan Aita Donostia Henri Ghéon-en lagun min egin zen, antzerki katolikoaren zaharberritzailea zena. Ezagutu ziren momentuan, antzerki katolikoaren proiektu baten plangintza egin zuten: Les trois miracles de Sainte Cécile, 1921eko urtarrilaren 23 estreinatua Parisen.

Azken finean Ricardo Viñes izan zen 1920an Aita Donostiari Maurice Ravel aurkeztu ziona, oinarrizkoa berarentzat Parisera iristean. Ravelek kaputxinoa zuhurtasunez hartu zuen, baina estimuz eta interesez, bera bezala euskalduna zelako. Ravelen lehen inpresioak Eugène Cools-i 1920ko maiatzean idatzitako gutun batean argi geratzen dira:

"Cools maitea: zure gutunak estutasunetik atera dit: zure helbidea bilaka nenbilen. Gauza honela da: Aita Donostia izeneko herrikide batek -jakin behar duzu euskaldunek bi aberri dauzkagula- bisitatu dit bere lanak erakutsi eta aholku eske. Beldur nintzen bere musika ez ote zen monastikoegia izango, orain arte komentu batean bizi izan baita. Baina ustekabe atsegina izan da sentsibilitate musikal samurra aurkitzea beragan, lantzea bakarrik falta zaiona. Niri ezinezkoa gertatzen zait lan hori burutzea, noizbehinka bakarrik ahal izango bainuke lan egin. Zuregan pentsatu dut, zer iruditzen zaizu? Momentuz ikasgaiak posta bidezkoak izango dira (kontrapuntu eta fuga). Eskertuko nizuke erantzuna hona bidaltzea, denbora batez atseden hartzen jarraitzea pentsatzen baitut." 12 (Itzulpena gazteleratik moldatua)

1937an Ravel hil zenean, Aita Donostiak hitz hauek idatzi zituen:

"Ez dut ahaztuko nire lehenengo topaketa, lehenengo elkarrizketa Ravelekin Saint-Cloudeko bere etxean. Berak gomendatu zidan Eugène Cools (irakasle honetaz oroitzapen bikainenak dauzkat, bai bere gaitasun pedagogikoengatik, bai berari elkartu ninduen adiskidetasunarengatik)." 13 (Itzulpena gazteleratik moldatua)

Eugéne Cools-engandik jasotako lehen ikasgaien ondoren, Aita Donostia Lekarozera itzuli zen 1920ko abuztuaren 14an. Baina berriz ere Parisera 1920ko abenduaren 9an itzuli zen, bertan 1921eko uztailaren 18 arte geratu zelarik. Lekarozera behin betiko itzulera izan zen, Eugéne Cools-ekin burututako ikasketak amaitutzat eman zituelarik.

Bere musika ikasketen laburpen bezala, fidagarritzat hartu dezakegu 1927an Jose Subirari bere curriculum-aren zati bezala bidali zion paragrafoa:

"Nire harmonia irakaslea Ismael Echazarra izan zen. 13 urterekin ikasi nuen. Ondoren ikerketa laburrak egin nituen Bartzelonan Esquerrarekin eta Donostian Gabiolarekin. Baina oso gauza oinarrizkoak izan ziren, ez dutena idatziz jartzea merezi. 1920 eta 1921an Parisera joan nintzen, bertan bi negu egon nintzelarik. Han kontrapuntua eta fuga ikasi nituen Cools-ekin. Gainerakoan nire kabuz ikasi dudala esan dezaket." 14

10JORDA, Enrique. Recordando al P. Donostia. Aipatutako EUSKO IKASKUNTZA aldizkaria, 61. or.

11VIÑES SOTO, Elvira. Mis recuerdos del P. Donostia. Aipatutako EUSKO IKASKUNTZA aldizkaria, 173. or.

12RIEZU, Jorge de. Cartas al P. Donostia. 7. or.

13AITA DONOSTIA. Obras Completas, tomo III, 67. or Aipamenak. La gran Enciclopedia Vasca algitaletxea. Bilbo.

14ANSORENA, José Luis AITA DONOSTIA Kutxa Fundazioa, Garibai, 20, Donostia, 187. or.