Kontzeptua

Euskaldunak Bigarren Mundu Gerran

Euskaldunek aliatutako indarren alde egindako ekarpen garrantzitsuenetako bat Euskal "zerbitzu" sekretua zeritzonaren bitartez egin zen. Izen horrek gerrako hainbat une eta arloetan burututako jarduerak barneratzen ditu. EAJk hasieratik kontrolatu bazuen ere, zerbitzuaren antolaketa, zentzu formalean, Eusko Jaurlaritzari zegokion. Hala ere, hori ez zen jatorri ideologiko eta alderdiko iritzi desberdineko pertsonekin lankidetzan aritzeko eragozpena izan.

Erakundearen aurreneko dokumentuetan "Zerbitzu" edo "Barne Zerbitzu" izenez agertzen zen antolakundearen sorrera Gerra Zibilaren erdi-erdian bilatu behar dugu, Agirre lehendakariak Jose Mª Lasarteri agindu zionean Bilbo eta kanpoaldearen artean eta frankisten esku zegoen euskal eremuarekin kontaktua ezartzea. Zerbitzua hasieran Baionako "Mimosas" hiribilduan ezarri zuten eta Bilboko Carlton Hotelarekin irrati-telegrafia bidezko komunikazioa zuten, han baitzegoen Lehendakaritzaren egoitza. Horretarako bi itsasontzi erabili zituzten, Trintxerpe lehendabizi eta Euzkadiko Gudontzidiaren Laguntzarako Ontzitaldeko Domayo ondoren.

Geroago, frankistek okupatutako barnealdearekin etengabeko harremanak izateko beharra azaldu zen. Lasartek Santoñan gertatutakoaren berri izateko beharra zuen; izan ere, ez zuten gertakariei buruzko informazio zehatzik. Modu horretan, Bittori Echeverriarekin harremanetan jarri zen; Bittori bere kabuz eta beste baztandar batzuekin batera (besteak beste, Agustin Ariztia eta Timoteo Plazarekin) errepresio frankistatik ihesean zebiltzanei Frantziara alde egiten laguntzen zien Elizondoko (Nafarroa) emakume abertzalea zen. Bittorik primeran bete zuen bere zeregina eta bere kontaktuak zabaldu zituen herrialde osoan zehar; modu horretan, borroka antifrankistan garrantzizko zerbitzuak emango zituen erakundearen oinarriak ezarri zituen. Itziar Mugika, Delia Lauroba eta Mª Teresa Verdesek oinarri horren egitura osatzen zuten; sarea garatuz joan zen eta Espainia frankistako kartzela nahiz presondegietan zeuden preso abertzaleekin harreman jarraitua eta segurua ezartzea lortu zuten.

Erakundea sendotuta zegoela esan genezake, Luis Alava y Sautu EAJko Gasteizko Udal Batzordeko presidente ohiarekin eta Gorteetan Amurrioko barrutiaren izenean diputatu izateko izangaia zen ingeniari gasteiztar horrekin harremanetan jarri zirenean. Luis Alavak ere presoei laguntza eskaintzen ziharduen eta beraiekin harremanetan zegoen. Baionatik Bittori Echeverriak geroago "Araba sarea" izendatuko zen sarearen arduradun bilakatzeko izendapena ekarri zion. Handik gutxira presoekin lan egitetik informazio arloko jarduerara pasatu zen. Baionatik "Zerbitzuko" arduraduna Frantziako armadako ordezkariekin harremanetan jarri zen, eta barnealdeko sareak jasotzen zuen arlo militarrari buruzko informazioa emateari ekin zion. Modu horretan, "Gezi Beltzak" izenez ezagutzen ziren tropei buruzko informazio eta nazien "Kondor Legioari" zegokiona helarazi zien. Horrez gain, Pirinioetako gotorlekuen gaineko informazioa ere bildu zuen, Pasaiako eta Bilboko portuetan zegoen itsasontzien mugimenduari buruzkoa, abiazio zelaien gainekoa, armamentuari buruzkoa, etab. Frantziako armada " Euskal Barne Zerbitzuaren" bitartez 700 ohar jasotzera iritsi zen. Aldi berean, "Araba sareak" arlo politikoari eta ekonomikoari buruzko informazioa eta erlijioari, presoei ezarritako zigorrei eta errepresio frankistari zegokion informazioa igortzen zuen. Halaber, bizitzak salbatzeko asmoarekin, espedienteak desagerrarazi eta epaiak ere faltsutu zituen. Sarearen jarduera apartekoa zen eta emaitza ezin hobeak lortu zituen.

Baina 1940ko maiatzeko nazien eraso bizkorrak ustekabean harrapatu zuen Pariseko Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza, eta horren ondorioz, nazien aurrerapenetik ihes egin zuten eta "Araba sareari" buruzko dokumentazio guztia bertan utzi zuten. Dokumentazio horretan sarearen mugimendu guztiak jarrai zitezkeen zehaztasun handiz, baita sarearen barruan kide bakoitzak zuen zeregina ere. Gestapoak berehala Espainiako Poliziaren esku utzi zuen dokumentazioa eta, arretaz aztertu ondoren, ekintzetara pasa zen. Modu horretan, 1941eko abenduaren 20an Madriletik irten zen "Alderdi Politiko Sozialari" zegokion "brigadatxo" bat Elizondora iritsi zen eta Bittori Echeverria eta Agustin Ariztia atxilotu zituen. Denbora gutxian sare guztia desegin zuten. Primi Abad muskiztarra eta Juan Angel Gonzalez Sasia santurtziarra baino ez ziren libratu. Guztira 28 pertsona atxilotu zituzten, horietatik 21 gerra kontseilu batek epaitu zituen 1941eko uztailaren 2an; Kontseiluak 19 heriotza-zigor eskatu zituen. Hala ere, Justizia Militarreko Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegite bati esker, soilik Luis Alava y Sautu jaunaren heriotza zigorrari eustea lortu zuten, hura sarearen arduraduna zela jo baitzuten. Francori bihozberatasunez jokatzeko eskatu ziotenak asko izan baziren ere, Franco ez zen arabarraz errukitu eta 1943ko maiatzaren 6an, goizez, Alava fusilatu zuten, Madrilen jaio baina jatorri euskalduna zuen Andres de Asiain preso komunistarekin eskuburdinez lotuta zegoela. Ondoren, aliatuen garaipenari eta "Araba sarearen" jarduerari esker, 1946. urtean jada ez zen sareko kiderik gelditzen kartzelan. Tamalez, Luis Alavak ezin izan zuen une hori bizi. Nabarmendu behar da polizia naziak dokumentuak atzeman eta (1940ko ekainean) Espainiako Poliziari eman zizkionetik (1941eko abenduaren 20an) aurreneko atxiloketak gauzatu zituztenera arte urte eta erdi baino gehiago igaro zela.

Frantzia okupatuta zegoela, eta gerra mundu osoan zabaltzen ari zela, aldi berri bati hasiera eman zitzaion. Agirrek aliatuei Ardatzaren kontrako borrokan laguntzeko agindua eman zuen. Bestalde, barnealdeko erakundea berriz osatu eta kanpoaldearekin etengabeko harremanak ezartzeko beharra sortu zen. Ajuriagerraren konfiantzazko gizon bat, Jesus Solaun, arduratu zen barnealdean lan hori gauzatzeaz. 1940ko abuztuan Puerto Santa Mariatik irten zen zigorra aztertu ondoren. Oraindik kartzelan zen Ajuriagerrarekin harremanetan jarraitu zuen eta antolakundeko berrantolaketaren oinarriak ezarriz joan ziren. Frantziarekin harremanetan jartzea zaila zen. Ez zuen aurreneko kontaktua ezartzerik lortu 1941eko abuztuaren 15era arte. Mugan kokatutako Larrun mendiaren tontorrean bildu zen Pepe Mitxelenarekin, kanpoaldeko "Zerbitzuaren" arduradunarekin. Akizen finkatu zen eta, aldi berean, Baionan bulego bat izaten jarraitu zuen. Bestalde, Joseba Elosegik Iralaren bitartez jaso zuen aliatuen zerbitzura jartzeko Agirrek emandako agindua, eta Ajuriagerrarekin harremanetan jarri zen Donostian 1943an; horrez gain, Ajuriagerraren eta Mitxelenaren arteko posta zerbitzua mantentzeaz arduratu zen. Donostian, Elosegik Frantziako zerbitzu sekretuekin harremana zuen "Nicolas" izeneko agente frantsesaren bitartez, Frantziako Gurutze Gorriak Gipuzkoako hiriburuan zuen ordezkariak, Matteik, haien arteko kontaktua ezarri ondoren; izan ere, Matteik zerbitzu sekretuentzat lan egiten zuen eta erakunde hori benetako lana estaltzeko erabiltzen zuen. Elosegik iparamerikarrekin lotzea lortu zuen, Bilbon haientzat zuzenean lan egiten zuen "Zerbitzuko" taldearekin harremanetan jarriz. Iparramerikatik dirua jaso zuen eta Mitxelenari eman zion erakundea manten zezan. Mugan zehar diruarekin, informazioarekin, agiriekin, pertsonekin, etab. trafikatu zuten. Zerbitzu horren bitartez, Mitxelenak Normandiako kostaldeko gotorlekuen planoak eman eta hondartza horietako harearen laginak ere erakutsi zituen. Mitxelena Baionatik nahiz Akizetik lanean zela "Zerbitzu" guztien muina zen, antolakundeko hari guztiak bertatik igarotzen zirelako.

Bestalde, Bilboko taldeak norabide berean lan egiten zuen. Bertan Luis Ibarra Enziondo "Itarko" zegoen; erakundearen bitartez harekin kontaktuan jarri ziren eta Earl Fullerren agindupera igaro zen. Agente iparamerikarraren egitekoa Espainiako Gobernuak yankiek hornitutako petrolioa zertarako erabiltzen zuten kontrolatzea zen eta, aldi berean, informazio lana ere burutzen zen. Flavio Ajuriagerrak Bilbon ere egin zuen lan hasieratik, hiriburu bizkaitarreko kontsulatu britainiarra berarekin harremanetan jarri ondoren. Oraindik, 1940ko udazkenean, Burgoseko kartzelan zeukan anaiaren, hau da, Juanen oniritziarekin britainiarren zerbitzura zegoen espioitza-sarea eratzen hasi zen, Bilboko Kontsulatuko Dayer jaunarekin eta bere zerbitzariarekin, Ernesto Cassanorekin, harremanetan zegoela. Eusebio Zubillaga errenteriarra Flaviorekin lankidetzan aritu zen. Errenteriarra Gibraltarrera bidali zuten kartzelatik irtendakoan eta britainiarrei informazioa bidaltzen zien, besteak beste, frankistek Gibraltarreko Haitzaren gainean hartzen zituzten neurriei buruzkoa eta naziek egitasmo horietan zuten parte-hartzeari buruzkoa, inguruko gotorlekuei, armamentuaren kalibre eta ezaugarriei, troparen osaerari, ofizial nahiz moralari edo hornikuntzari buruzkoa, etab. 1943an lizentziatu eta Bilbora itzuli zen; bertan, Flaviorekin batera, gerra ekonomikoari zegozkion zereginei heldu zien, eta agente eta industria, enpresa, denda eta sail ofizialetako kolaboratzaileengandik informazioa jasotzen zuen lehengaiak nazien eskuetara hel zitezela ekiditeko asmoarekin. Itsasontziak zaintzen zituzten eta informazioa Londresera helarazten zen. Bereziki wolframioaren kontrabandoa zelatatzen zuten; izan ere, nazien gerra-industrian aleazio berezietarako erabiltzen zuten material estrategikoa zen eta Espainia wolframio ekoizle handia zen.

"Zerbitzuetako" beste talde batek Madrilen egiten zuen lan, baina bere funtzioak batez ere politikan eta enbaxada nahiz alderdiekin ezarritako harremanetan ardazten ziren. Hala ere, Mundu Gerraren garaian, informazio arloan ere aritu ziren, eta aliatuei Afrika iparraldean ezarritako kolonia espainiarrei buruzko datuak ematen zizkien. Joseba Rezolak antolatu zuen talde hori; besteak beste, Koldo Mitxelena, Sabin Barrena, Pello Mari Irujo eta Ander Arzelusen laguntza izan zuen, Poliziak 1946an taldea desegin zuen arte.

Latinoamerika ere "Zerbitzu" euskaldunek Ardatzaren kontra burutzen zuten jardunerako beste gune garrantzitsu bat izan zen, bertan espioi iparamerikarrekin elkarlanean aritzen baitziren. Hain justu ere, Latinoamerikako herrialde ezberdinetan bizi zen kolonia euskalduna benetan garrantzitsua zen eta Europatik ihesean iritsitako errefuxiatuekin sendotu zen. Naziek beraien sareak hedatu zituzten herrialde horietan guztietan; propaganda zabal eta eraginkorra garatzen zuten bitartean, beraien informazio-zerbitzuen egitura ezarri zuten eta baita latitude horietan jarduten ziren itsaspekoen horniketarako euskarri guneen egitura ere. Amerikara heldu zenetik lehendakaria Ipar Amerikako agintariekin harremanetan egon zen eta bere laguntza eskaini zuen herrialde horietan "zerbitzuak" antolatzeko, propaganda naziari kontra egin eta informazio arloan lurralde horietan sar ez zitezen borrokatzeko asmoz. Agirreren bidaiaz profitatuz, 1942an, eta Anton Iralaren eta erbesteratutako beste euskaldun batzuen laguntzaz, lan hori betetzeko beharrezko egitura sortu zuten.

Argentinan Antonio Otsa, Euzkadiko Gobernuaren gerra-ontzidiko intendente ohia, eta bere lagun Tiburcio Ispizua apaiz bizkaitarra ziren bandera espainiarra zuten itsasontziak zelatatzen zituztenak, batez ere Espainia frankistatik Buenos Airesera iristen ziren Ibarra eta Aznar konpainietakoak. Itsasontzi horietan, agente nazi eta frankistek platinoaren kontrabandoan ziharduten, ezinbesteko materiala baitzen gerra industriarako. Material hau Bartzelonara edo Bilbora eramaten zuten. Euskal marinelen laguntzari esker, itsasontzi horien bitartez gauzatzen zen kontrabandoa desegitea lortu zuten; izan ere, Ipar Amerikako Itsas Armadari kontrabandoaren berri eman zioten eta hark egiten zuen itsas garraioaren kontrola Trinidadeko uhartean. Argentinan zegoen talde euskaldunak hondartzak eta kostaldea gauez zelatatzeko zerbitzua ezarrita zuen, agente naziek itsaspekoetatik ezkutuan lehorrera zitezen ekiditeko. Dominikar Errepublikan, Manu de la Sota Eusebio Irujorekin eta Jesus Galindezekin harremanetan zegoen 1940ko hasieratik. Irujo eta Galindez hasiera batean nazien aurkako propagandan aritzen baziren ere, geroago informazio lanetan ibili ziren eta Argentinan Otsak egiten zuen lanaren parekoa egin zuten.

Panaman, jesuita gasteiztar ohi bat, Juan Gonzalez de Mendoza, apaiz euskaldunez osatutako talde batekin batera elkarlanean aritu zen aliatuen espioi-zerbitzuarekin.

Modu berean egin zuen lan Caracasen "Zerbitzuko" atal batek, Garate anaien zuzendaritzapean.

Kolonbian, 1942an Patxi Abrisketak eta Agirre lehendakariak elkarrizketa izan zuten herrialde horretako informazio zerbitzuko arduradunekin. Ipar Amerikarrek Bogotan zuten enbaxadan bildu ziren eta lankidetzan aritzeko akordioa adostea lortu zuten. Herrialde horretan hogei bat pertsona inplikatu ziren Ipar Amerikarren aldeko informazio lanetan. Besteak beste, herrialde horretan lanean aritu ziren Andres Perea, Alberto Fadura eta jesuitez, frantziskotarrez eta karmeldarrez osatutako euskal erlijiosoen talde bat, azkeneko horien artean aita Goiria ere bazegoen. Baina, zalantzarik gabe, Abrisketaren kolaboratzaileen artean famatuena Luis Gomez Lekube izan zen (Getxon 1902an jaioa); Gomez lehendakariaren lehengusu zena, eta gaztetan Amerikara emigratu zuena, bertan modu abenturazalean biziz eta batez ere kontrabandoan lan eginez. Bere lehengusu lehendakariarekin eta Abrisketarekin elkarrizketa bat izan ondoren aliatuei laguntzea erabaki zuen; Kolonbia eta Panamaren arteko mugan kokatutako gune menditsuak eta oihanak zelatatuko zituen, eta baita kostaldeak ere. Hainbat informazio iturriren arabera, berak emandako informazioak Ipar Amerikako ontzidiek Panamako eta Kolonbiako kostaldetan depositua betetzera zihoazen bi itsaspeko japoniar hondoratzea eragin zuen. Itsasontzi eta itsaspeko naziak hornitzen zituzten hegazkinentzako lurreratze-zelai bat aurkitzea ere lortu zuen, Chocoko inguruetan. Hala ere, bere jarduera iluna izan zen eta sortutako polemikaren ondorioz, azkenean, iparamerikarrek haren zerbitzuak eskatzeari utzi zioten. 1946an hil zuten liskar armatu baten ostean.