Kontzeptua

Euskaldunak Bigarren Mundu Gerran

1942an Euskal Herrian eragina izan zuten aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren arlo politiko eta militarrean. Abuztutik Hitlerrek Norvegiatik Hendaiara gotorleku handiak eraikitzea erabaki zuen, kostalde atlantikoa aliatuen balizko lehorreratze batetik babesteko asmoz. Hitlerren egitasmoek bete-betean hartu zuten Euskal Herriko kostaldea eta aurki blockhaus ugari eraikitzen hasi zen. Gaur egun, oraindik ikusgai daude eta "Harresi Atlantikoa" zeritzona osatzen zuten. Bestalde, Derrigorrezko Lan Zerbitzua (STO) ezartzearen ondorioz gazteak erbesteratuak izateko mehatxu larriaren menpe zeuden, eta horrek muga zeharkatzen zuten iheslari kopurua ugaritzea ekarri zuen. 1942ko azaroan, aliatuak Afrika iparraldean lehorreratu ondoren, Hitlerrek "gune askean" indarrez sartzea erabaki zuen; beraz, Frantziako lurralde guztiak gainerako Euskal Herriarekin bat egin zuen zedarritze lerroa desagertzean. Alabaina, naziek 15 kilometroko sakonera zuen muga sortu zuten eta bertan bizi zirenak baino ezin ziren han sartu. Gunea "Pirinioetako gune erreserbatua" izenez ezagutzen zuten. Aldi berean, Euskal Herriko kostaldea neurri militarren barruan sartuta zegoen eta "kostaldeko gune debekatutzat" jo zuten. Horrek guztiak lekualdatzeak oztopatzen zituen eta igarotzeko eskaera handitu egin zen, batez ere gerrak aurrera egin ahala.

Iparraldean gerra jarduera handirik egon ez bazen ere, gerraren presentzia nabarmena zen. 1940tik erresistentzia edo protesta ekintzak izan ziren. 1942tik aurrera hegazkin bonbaketa britainiarren aire erasoak jazo ziren, eta Flakek (DCA) eraso egin eta batzuetan suntsitu ere egiten zituzten. 1944ko martxoaren 27an hegazkineria iparamerikarrak Biarritz eta Angelu bonbardatu zituen Liberator hegazkinetan, eta jomugak Parma aireportua eta trenbide geltokia ziren. Hala ere, biktima gehienak zibilak izan ziren: 90 hildako Biarritzen eta 41 Angelun. Hori izan zen Iparraldean gerra osoan izandako gertaerarik tamalgarriena.

1943an zehar, Erresistentzia mugimenduak sendotu egin ziren eta horien helburua koordinazioa eta batasuna lortzea ziren, Londrestik bultzatutako mugimendu baten bitartez. Urte horretan, Behe Pirinioetako Erresistentziako hiru taldek (Combat, Franc-Tireur eta Libération), De Gaullek zuzendutako CNR ( Conséil National de la Résistance) programaren inguruan bilduta zeuden MUR ( Mouvéments Unis de Résistence) taldearekin bat egin zuten. MURek beraien talde armatu antolatuak zituzten l'Armée Sécréte-en (AS) baitan, eta Tolosan (Okzitania) bere zentro nagusia zeukan R4k (Réglon 4) zuzentzen zuen. R4 horretan Zuberoako As taldeak sartuta zeuden, horien arduraduna De Jaureguiberry zen. Euskal Herriko kostaldean talde autonomo bat osatu zuen.

Baina, gune horretako talderik indartsuena, modu onenean antolatuta zegoena eta armamentu gehien zeukana ORA zen, (Organisation de Résistance de L'Armée). Alemaniarrek "gune askea" okupatu zutenean, Erresistentzian parte hartzea erabaki zuten militar profesionalez osatuta zegoena. ORAko bultzatzaile nagusia Pommies teniente koronela izan zen, Estatu Nagusiko ofiziala, Tolosan egoitza zeukan 17. Eskualde Militarreko Dibisiora bidali zutena.Hasiera-hasieratik armatutako talde klandestinoak antolatzen hasi zen "D" eguna antolatzeko asmoz, eta talde horiei Corps-Francs Pommies izena eman zien. Pommiesen indarrak biltzen zituzten lau taldeetatik, Benoy kapitainaren aginduetara zegoen Sud-Ouestekoak, Behe Pirinioak, Pirinio Garaiak, Landes, eta Gers-Sud hartzen zituen eta bere jurisdikzioaren barruan sartu zituen Zuberoan eta Biarnoko mugaren inguruan ziharduten talde armatuak ere. Erdibidean, informazioan lan egiten zuten Erresistentzia taldeen eta zuzeneko ekintzetan ziharduten taldeen arteko jarduera gauzatzen zuen taldea zegoen, Pierre Fort taldea, Confrérie Notre-Dame Castille izenez ere ezagutzen zena. Taldeko irudi nagusia Pierre Fort zen, 1899ko apirilaren 28an jaiotako baionarra, agente-komertzial gisa ziharduena, eraikitzeko materialen arloan. 1941ean Berge kapitainarekin harremanetan jarri zen lehendabiziko aldiz, hura lurralde frantsesera bidalitako "Frantzia Askeko" lehenengo komandokoa zen.Londrestik jasotako laguntzarekin informazio talde bat antolatu zuen, eta haien jarduera-esparrua Bordeletik Hendaiara zabaltzen zen. Londresera bidali zen hasierako txostenetako batek Baionako portuari buruzko informazio zabala jasotzen zuen. Fort taldeak sabotaje taldeei harrera egiten eta horiek babesten laguntzen zuen; adibidez, 1941ean Bordeleko itsaspekoen base alemaniarra elikatzen zuen Pessaceko zentral elektrikoa leherrarazi zuen "komandoaren" kasuan. Pierre Fort Combat gune okupatuan zeuden taldeen arduradun izendatu zuten 1942tik aurrera eta, aldi berean, De Gaullen aginduetara eta Remy koronelak zuzendutako Confrérie Notre-Dame informazio sarean sartu zen; informazio lanetan jarduteaz gain, Espainiara igarotzeko prozesuak antolatzen zituen. Geroago, gune euskalduneko AS taldeko buru izendatu zuten eta "D" eguna prestatu behar zuen Matxinada Batzorde Politikoaren arduradun ere izendatu zuten. Okupazioaren amaieran Paue eta Baionaren arteko kontaktua mantendu zuen eta lan politikoez, sabotajeez eta arma nahiz lehergaiak garraiatzeaz arduratu zen.

Bere lagun Daniel Argotek (hau ere Baionakoa), lanbidez irakaslea zena eta Biarnoko Orthezetik gertu zegoen Sallespise herrira bidali zutena, modu aktiboan hartu zuen parte guneko makiekin. 1944ko abuztuaren hasieran naziek jarritako zelata batean hil zen, Liberazioa baino apur bat lehenago. Erresistentzia talde hori, "CND- Castille", Biarnoko eskualde euskaldunean zeudenen artean aktiboenetako bat izan zen. Taldearen ezaugarri nagusietako bat, bere partaideak Biarnoko eta Euskal Herriko masoneriako partaideak izatea zen, eta izaera demokratiko eta humanista batek bultzaturik nazien kontrako borrokaren zerbitzura jarri izana.

1944ko hasieratik aurrera, ORAko ordezkariek eta Zuberoako nahiz Biarno inguruko Aseko ordezkariek zenbait batzar egin zituzten etortzear zen lehorreratzearen inguruko ekintzak koordinatzeko asmoz. Iparraldean ekintza armatua oso garrantzitsua izan ez bazen ere, bertatik, bereziki Zuberoatik, maki txiki batzuk jardun ziren, eta aipatu beharra dago, zalantzarik gabe, talderik garrantzitsuena eta aktiboena Maule eta Hôpital Saint-Blaisen inguruan, Biarnoko mugan ezarri zela. Bertan 1943an Donostiako kontsulatu britainiarrarekin harremanetan zegoen 15 pertsonaz osatutako talde txiki bat aurki zitekeen. Frantzia Askeak Madrilen zeukan egoitzako ordezkariekin ere harremanetan zeuden eta dirudienez, azken hori ORAren baitan antolatuta zegoen. Badakigu 1943ko irailean Donapaleuko ASetako talde batekin batera Gurseko kontzentrazio-esparruaren aurkako kolpea antolatu zuela eta arma ugari eskuratu zituztela. 1944an naziek Maule-Hôpital Saint-Blaiseko inguruan zenbait eraso eta zigor-operazio gauzatu zituzten, hainbat gerrillari hil eta beste zenbait pertsona preso hartuz.

Euskal Herrian borroka armatua horren mugatua izatea azal dezakeen arrazoia STOtik eta nazien jazarpenetik ihesian zeuden gazteak maki bilakatu eta Euskal Herrian, Espainiara erraz alde egiteko aukera izatea zen. Bestalde, aliatuen informazio eta espioi zerbitzuen interesek mugan lasaitasuna mantentzea gomendatzen zuten, muga zeharkatzea zaildu ez zedin.

1944ko ekainean aliatuek Normandian gauzatutako lehorreratzearen ondoren, naziak Frantzian defentsiban jarri ziren halabeharrez. 1944ko abuztuaren 15ean Proventzako hegoaldeko lurmuturrean burutu zuten bigarren lehorreratzeak hego-mendebaldeko tropen erretreta bultzatu zuen eta iparraldera jo zuten harrapatuta gelditzea ekiditeko. Abuztuko bigarren hamabostaldian naziek Pirinioetako ingurutik presaka ihes egin zuten, eta talde armatuak, bitartean, matxinada orokorrean zeudela, naziak gertutik erasotzeari ekin zioten. Zenbait soldadu-taldek Maulen eta Atharratzen jarraitu zuten. Abuztuaren 10ean, ORAko Corps-Francs Pommies taldeko makiek (Lavalou batailoiko nagusia arduraduna zela) Bildozen konboi alemaniar bati eraso egin zioten Mauletik irteterakoan. Ondoren, alemaniarrek errefortzuak jaso zituzten eta inguruko AS taldeak borrokan sartu ziren. Zenbait istiluren ostean, Atharratzeko soldadu-talde alemaniarrak amore eman zuen abuztuaren 23an. Hala ere, hori izan zen Euskal Herri kontinentaleko askapenean gertatu zen arma ekintza nagusia, eta 1944ko abuztuaren 22 eta 24 artean bukatu zen. 24an, arratsaldean, Mauletik, Nabarrengosetik, Kanbotik etab. etorritako erresistentziako kideak Baionan sartu ziren. Hala ere, Iparralde askatu bazuten ere, gerrak zortzi hilabete gehiago iraun zuen eta euskaldunek (oraingoan hego Euskal Herrikoak) parte hartu zuten, herrialdea okupatzen zuten azkeneko nazien gotorlekuak hustuz ia erabat askatuta zegoen Frantzian.