Kontzeptua

Artearen Historia. Prehistoriako Artea

Metalen Aroan aldaketa handiak gertatu ziren, lehengai horien aurkikuntzak eta aplikatzen hasteak aurrerapen handiak ekarri zituelako gizakiaren bizitzako esparru guztietan, bereziki merkataritza eta lehenbiziko populazioen sorrera nabarmenduz. Metalen kanpoko merkataritzaren lekuko ditugu Gipuzkoako Eskoriatzako Axtrokin aurkitutako urrezko ontziak, eta Pagobakoitzeko kanpai-formako basoa, baita Gipuzkoan aurkituta ere, eta aurreko kasuan bezala, honetan ere dudarik gabe kanpoko merkataritzaren lekuko.

Arte

Herrixkei dagokienez, Euskal Herriko lurraldeko hegoaldeko eremuan bakarrik aurkitu dira aztarnak, eta ongien kontserbatu direnak Nafarroako Cortesko Alto de la Cruzeko bizilekua eta Arabako Biasteriko La Hoyakoa dira. Batean nahiz bestean aurkitu diren aztarnek -harresiak, etxeak, sarkofagoak-, azpiegitura urbanoa finkatua erakusten dute eta Europa iparraldetik zetozen herri berrien kutsua ageri dute. La Hoyan bereziki nabarmentzekoak dira etxeak, oinplano laukizuzenarekin, apur bat trapezoidalak, eta egurrezko egiturarekin eginak. Cortesen, aldiz, etxeak buztin eta lastozko adobez eginak ziren, eta auzo txikietan antolatuta zeuden, horrela bertako herritarrek talde izaera finkatuta zutela adieraziz. Bukatzeko aipatu, garai honetan Euskal Herriko lurraldeko iparraldean eraikin megalitikoekin jarraitzeak, hegoaldean, aldiz, lehenbiziko populazioak garatzen ziren bitartean, lurraldearen dibertsitatea eta garatzeko erritmo desberdinak egon zirela adierazten duela.