Kontzeptua

Artearen Historia. Prehistoriako Artea

Etxeko erabilerako lanabesetan eta haitzuloetan egiten zituzten erliebeen kasuan, bereziki haitzuloetako sarreretan, dudarik gabe zailtasun teknikoaren ondorioz, eskematismoa labar pinturan baino gehiago erabili zuten. Hori bai, errealismo guztiaz biluzi gabe eta naturalismorako joera argia erakutsiz. Haitzuloetan grabatutako figuren adibide onenak Urdazubiko Alkerdiko (Nafarroa) eta Isturitzeko (Nafarroa Behera) haitzuloetan aurkitzen ditugu; bertan, haitzuloen hormetan baxuerliebeez gainera, hezurrean egindako higigaiak ere aurkitu zituzten, hala nola bastoiak, hagaxkak eta eskulturak. Bestalde, Oiartzunen (Gipuzkoa), La Torre haitzuloan aurkitu zuten hezur batek, zazpi animalien figura grabatu dauzkana, garai honetako horrelako adierazpen artistikoen adibide esanguratsua eta ederra da.