Kontzeptua

Artearen Historia. Prehistoriako Artea

Arte

Prehistorian gizakiak garatu zituen lehen adierazpen artistikoak pinturarekin eta eskulturarekin izan zuten zerikusia. Klima hotzagatik eta beharrezko aurrerapen teknikoak ezagutzen ez zirelako, Prehistoriaren lehen aldi honetan arkitektura ez zen garatu. Honen ondorioz, sentsibilitate artistikoa, oinarrizko beharrak asetzeko behar zituen lanabesak dekoratuz (hala nola, ehizarakoak, jatekoak edo su egitekoak) eta bizitzeko zituen haitzuloetako hormak margotuz azaleratu zuen. Beraz, ehiza eta haitzuloa elementuei atxikirik aitzinatu zen artea. Horregatik, adierazpen forma hori zergatik garatu zen azaltzeko garaian, hots, orduko esanahia ulertzeko ahaleginean, teoria hedatuenak dio lehenbiziko adierazpen artistiko haiek izaera magiko erlijiosoa zutela eta ehizarekin -bizitzeko baliabide nagusiari- eta gizakiaren ugalketarekin bereziki harremana zuzena zutela.

Euskal Herriaren historiaren lehen fase honetatik iritsi zaizkigun aztarna gehienak Goi Paleolitoko azken fasekoak dira, eta kantitatez urriak badira ere, garaiko Europako testuinguruan adierazgarriak eta garrantzitsuak dira. Guztietatik zaharrenak Bizkaiko Karrantza herriko Venta Laperra haitzulokoak dira, zeinen sarreran figurak baitaude irudikatuak -bai gizakiak bai animaliak- modu errealistan nahiz eta oraindik ezaugarriak oso eskematikoak izan. Fase honetako labar pinturetan animaliak dira figura irudikatuenak, eta honek argi eta garbi adierazten du bai errealismora eta naturalismora, bai barietate kromatikora jotzen zutela.

Arte

Gainerakoan, ondoko lau haitzulo hauetan daude aztarna garrantzitsuenak: Galdamesko Areatzan (Bizkaia), Kortezubiko Santimamiñen (Bizkaia), Aiako Altxerrin (Gipuzkoa) eta, batez ere, Debako Ekainen (Gipuzkoa), Santillana del Marreko Altamira (Cantabria) haitzuloarekin batera, Europako mendebaldeko labar pintura multzo garrantzitsuenetakoa osatuz. Lau haitzuloetan animalien figurak ageri dira, besteak beste bisonteak, oreinak eta zaldiak, forma naturalistan irudikatuak, eta ondorioz, alde horretatik, beraz, ez dute hurrengo fasean nagusitu zen eskematismoarekin zerikusi handirik, Euskal Herriko lurraldetan adibiderik aurkitu ez den eskematismoa gainera.