Kontzeptua

Artearen Historia. Prehistoriako Artea

Erdi Aroa izenez ezagutzen den garaia iritsi arte, Euskal Herriaren kasuan K.o. X. mendean hasten dena, aurreko garaietan -Prehistorian eta Antzin Aroan- kontserbatutako aztarna kultural eta artistiko gutxi daude Euskal Herriko lurraldetan. Egiaztatuta badago ere Prehistoriaz gero izan zirela bizigune garrantzitsuak gure lurraldean, eta berez aztarna ugari daude haitzuloetako pinturak edo arte higigarriko piezak osatzen dituzten diziplinetan, beste arlo batzuetan, arkitekturan adibidez, egiaztatutako gertaerak baino arrastoak soilik aurkitzen ditugu. Horregatik, Euskal Herriko artearen historiaren abiapuntua eta hasierako bilakaera xehetasunez zehaztea oso zaila gertatzen zaigu. Nolanahi ere, argi eta garbi hiru fase bereizten dira -Prehistoria, erromatarren kolonizazioa eta kristautasuna- eta horien arabera ikertuko ditugu kontserbatutako arrastoak eta arrasto horien eragina Euskal Herriko artearen historiaren ibilbidean.