Toponimoak

Aretxabaleta

Aretxabaleta da 2001ean Euskaltzaindiak proposatu zuen izena. Donemiliaga Kukullako kartularioan leku honi egindako erreferentzia Harizavalleta da, Malizaezako antzinako merindadean (Malizhaeza, Reja agirian); kartulario horretan, Donemiliagako monasterioari zerga ordaintzen zioten Arabako herrien zerrenda agertzen da 1025ean; zerga gisa burdin sare bat edo gehiago edo, gutxieneko kasuan, ahariak ematen zituzten. 1135eko dokumentu batean Harizaballeta agertzen da; dokumentu horretan, Naiarako gotzainak Pedro artxidiakono maisuari mandatua ematen dio Armentiako etxea eta inguruko hogei hiribildutako apezpiku-laurdenak zaintzeko (Rodríguez R. de Lama, 1976: 170). Alfonso X. erregearen pribilegio errodatuan Arechavaleta agertzen da; bertan, J.J. Landazuri historialari gasteiztarraren transkripzioaren arabera, 1258an Arabako Kofradiak Gasteizi zortzi herrixka ematen dizkiola baieztatzen da (Landazuri IV: 71). 1352ko epai arbitrario batean, alde batetik herrixka zaharretako nekazariak eta Gasteizko kontzejua zirela, eta bestetik Gasteizko hiribilduaren gazteluko alkaidea zela, Arechavaleta aipatzen da behin baino gehiagotan (Díaz de Durana 1994: 26-27). Halaber, 1481eko Gasteizeko jurisdikzioko Apeoan ere Arechavaleta ageri da (GUA).

1551n, Martín Gil lizentziatuaren bisita-liburuan, Arechavaleta aipatzen da Armentiako Artzapez-barrutiko herrien zerrendan. Mende bereko dokumentuetan, Arabako herrien zerrenda eta haiek elizari ordaindu beharreko hamarrenak jasotzen direnetan, 1580an, 1592an eta 1593an, Arechaualeta eta Arechabaleta (APAH). Ondorengo mendeetan, gaur egun arte, izen berari eutsi zaio.

Toponimia txikian, hau da, pieza, nekazaritza-lur, soro, bide, eta abarren izenetan ere forma bera gordetzen da; hitz-elkarketan agertzen da, bai euskaraz bai gaztelaniaz, ... bidea eta abar adieraziz; esate baterako: Prado de Arechavaleta (1481, GUA), Camino de Arechavaleta (1570, APAH), Arechabaletabidea (1626, APAH), Campo de Arechabaleta (1674, APAH), Arechaualeta vide (1699, EAH), Camino de Arechaualeta (1759, EAH), Arechavaletavidea (1785, APAH), Arechavaletagana (1836, APAH), Senda de Arechabaleta (1841, APAH), Roturas de Arechabaleta (1933, GUA). Datu horietako batzuk Martínez de Madina & Knörr (2009) egileek argitaratu dituzte, Aretxabaletabidea araututako formarekin.

Toponimo hau hiru elementuk osatzen dute: Koldo Mitxelenaren arabera, lehenengo elementuak -aretx, (h)aritz "haritz"- ez dirudi beti esanahi bera duenik, eta bizkaiera zaharrean bezala, "zuhaitz" adieraz dezake; gehi zabal "zabal", eta aniztasuna adierazten duen -eta atzizkia, oso ugaria euskal toponimian.

EMS 2009

Iturriak

  • EAH: Elizbarrutiko Artxibo Historikoa.
  • APAH: Arabako Probintziako Artxibo Historikoa.
  • GUA: Gasteizko Udal Artxiboa

Bibliografia

  • Caro Baroja, Julio: "Álava en la llamada Reja de San Millán", Historia General del País Vasco, III, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1980, 109-149.
  • Caro Baroja, Julio: "El elemento vasco en la toponimia alavesa de la "Reja de San Millán" Historia General del País Vasco, III, La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1980, 174. eta 177. or.
  • Díaz Bodegas, Pablo: Libro de visita del Licenciado Martín Gil, Kalagorri eta Ozkabarteko Elizbarrutia, Logroño, 1998, 314. or.
  • Díaz de Durana, J. Ramón: Álava en la baja Edad Media a través de sus textos, "Fuentes documentales medievales del País Vasco", 54. zk., Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1994, 26-27.
  • Euskaltzaindia: Euskal Autonomia Erkidegoko Biztanle-Entitateak = Entidades de Población de la Comunidad Autónoma Vasca, Euskaltzaindia - EUDEL - Eusko Jaurlaritza, Bilbo, 2001.
  • Fita, Fidel: "El vascuence alavés anterior al siglo XIV", Boletín de la Real Academia de la Historia, III, 1883, 215-243; 39.
  • Landázuri y Romarate, Joaquín José de: Obras históricas sobre la provincia de Álava, I, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 1976, 47. or.
  • Landázuri y Romarate, Joaquín José de: Obras históricas sobre la provincia de Álava, IV, Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 1976, 71. or.
  • López de Guereñu, Gerardo: Toponimia alavesa seguido de mortuorios o despoblados y pueblos alaveses, Onomasticon Vasconiae 5, Euskaltzaindia, Bilbo, 1989.
  • Martínez de Madina, Elena & Knörr, Henrike: Toponimia de Vitoria II, Malizaeza, Onomasticon Vasconiae 28, Euskaltzaindia, Bilbo, 2009.
  • Mitxelena, Koldo: Apellidos Vascos, 5. argit., Txertoa, Donostia, 1997, 52., 87. eta 162. or.
  • Ramos Remedios, Emiliana: El Apeo de Vitoria y su Jurisdicción a fines del siglo XV, I eta II liburukiak, Vitoria-Gasteizko Udala, Gasteiz, 1999.
  • Rodríguez R. de Lama, Ildefonso: Colección diplomática medieval de la Rioja, II, Instituto de Estudios Riojanos, Logroño, 1976, 170. or.
  • Ubieto Arteta, Antonio: Cartulario de San Millán de la Cogolla (759-1076), Instituto de Estudios Riojanos, Valentzia, 1976, 176-179.

EMS 2009