Literatoak

Unamuno Jugo, Miguel de

Filosofoa eta idazlea. Bilbao, 1864 - Salamanca, 1936.

Miguel de Unamuno Jugo 1864ko irailaren 29an jaio zen Bilboko Ronda kalean, Hirigune Zaharrean. Gurasoak (Félix Unamuno eta honen iloba Salomé Jugo) liberalak ziren. Telesforo de Aranzadiren lehengusua zen Miguel de Unamuno. Espainiar idazle eta pentsalarien 98ko belaunaldiko kide izan zen, XX. mende hasierako espainiar idazle eta filosofo garrantzitsuenetarikoa da.

Ume-sasoiko ikasketak Bilbon bertan egin zituen, San Nicolás ikastetxean. Marrazteko abilezia berezia zeukala ikusita, Antonio Lecuona margolariaren tailerrean ere ikasle aritu zen, baina Unamunok ez omen zuen bere burua margolari gisa ikusten, eta bertan behera utzi zuen tailerreko jarduna. Irakurle ona zen, eta gaztetarik irakurri zituen egile foruzaleak (Arakistain, Navarro Villoslada, etab.) nahiz federalismoaren aldekoak (Pi y Maragall). Sabino Arana-ren giro bertsuan hazi zen Unamuno, eta gazterik hasi zen euskara ikasten. Horretaz gain, kezka politiko eta filosofiko goiztiarrek bultzatuta, arin hasi zen artikuluak hor-hemen argitaratzen. Lehenengoa 1880an argitaratu zen, El noticiero-n, "La unión hace la fuerza" izenburuarekin.

Madrilera joan zen Filosofia eta Letrak ikastera, eta 21 urterekin, 1883an, amaitu zuen karrera. Hasiera batean ez omen zen gustura ibili unibertsitate-giroan, baina espainiar hiriburuan aurkitutako beste giro batzuetan (Ateneoan, esate baterako) gustura zebilenez gero, bertan gelditu eta apurka-apurka garaiko pentsalarien giroetan sartzen hasi zen. 1884an doktorego-tesia aurkeztu zuen Crítica sobre el origen y prehistoria de la raza vasca [=Euskal arrazaren jatorriari eta historiaurreari buruzko kritika]. Bada, lan horretan ageri da, jada, hainbat urte geroago bortizki defendatu zuen euskararen ezintasunaren ideia, hots, euskara eta modernotasuna ez zirela bateragarriak. Alabaina, euskara hizkuntza gisa (ez euskal abertzaletasuna, ordea) gogoko zuela ikus daiteke Euskal-Erria aldizkarian argitaratutako "Agur, arbola bedeinkatube" (1888) artikuluan, besteak beste.

1884an, latina eta psikologia irakastearekin batera, beste egunkari eta aldizkari batzuetan hasi zen idazten; hala nola, El noticiero de Bilbao -n. Handik lau urtera Bizkaiko Aldundiak Bilboko Euskara Katedrarako deialdia egin zuenean, Unamuno, Arana eta Azkue izan ziren posturako hautagaiak, eta azken horrek irabazi zuen.

1891n Concha Lizarragarekin ezkondu zen, eta orotara bederatzi seme-alaba izan zituzten. Urte hartan bertan prestatu zuen Salamancako Unibertsitateko greziera katedra, baita lortu ere. Garai hartan kezka politikoak leku handia hartzen zuen Unamunoren bizimoduan, eta horren ondorioz ez ziren gutxi izan Sabino Arana abertzalearekin izandako eztabaidak. Kezka horri jarraiki egin zen Bilboko Agrupación Socialista-ko kide eta Lucha de clases aldizkariko laguntzaile. Hiru urteren buruan, baina, sozialisten alderdia uztea erabaki zuen. Esan ohi da, halaber, 1897 hartan jo zuela goia Unamunoren erlijio-krisiak.

Salamancan irakasle zela, erraza izan zen bertako pentsalarien giroan sartzea, eta bilbotarraren ospeak gora egin zuen. 1901ean Salamancako Unibertsitateko erretore izendatu zuten lehenengoz. Urte hartako abuztuan Lore Jokoak antolatu ziren Bilbon, eta orduan eman zuen Unamunok euskararen izaerari eta etorkizunari buruzko hitzaldi ezaguna: euskaldunei Espainiaren menpe geratzeko deia egin zien. Euskaraz denaz bezainbatean, hiltzen utzi beharreko hizkuntza zen haren ustez (behar bezalako hileta eginda, hori bai), ez omen zelako bateragarria modernotasunarekin eta izan zezakeen interes bakarra zientifikoa zelako: "¿Y el vascuence? ¡Hermoso monumento de estudio! ¡Venerable reliquia! ¡Noble ejecutoria! Enterrémosle santamente, con dignos funerales, embalsamado en ciencia; leguemos a los estudios tan interesante reliquia." [Eta euskara? Ikerketa-gai ederra! Erlikia ohoragarri! Nobletasun-agiri hori! Lurpera dezagun santuki, bere mailako hiletekin, zientzian bildurik; utz dezagun erlikia interesgarri hau ikerketarako"].

Miguel de Unamunoren adierazpenek hautsa harrotu zuten euskal giro abertzaleetan, baina Espainian hainbat jarraitzaile izan zituen (eta ditu), tartean Pío Baroja donostiarra, nahiz eta azken horrek ez zuen bat egiten euskararen desagertzeari buruzko ideiekin.

XX. mendea hastearekin batera, Unamuno gero eta kritikoago agertu zen Espainiako monarkiarekin. Han-hemen emandako hitzaldietan eta argitaratutako artikuluetan kritika gogorrak egin zituen Espainiako erregeari nahiz monarkia-sistemari buruz. Artikulu horietako batzuek arazoak ekarri zizkioten, eta 1914an gobernuak arrazoi politikoak zirela eta Errektoretzatik kentzea erabaki zuen. Lankideen artean ospe ona zeukan Unamunok, ordea, eta 1920an Filosofia eta Letren Fakultateko dekano hautatu zuten. Hamarkada hartan zigorra ezarri zioten erregea iraintzeagatik, baina ez zuen bete. 1921ean Unibertsitateko erretoreorde izendatu zuten.

1923an Primo de Riverak bere erregimena aldarrikatu zuen unetik bertatik, Unamuno oso kritiko agertu eta diktadorearen etsai handi bihurtu zen. Salbuespen gutxirekin (Euskal Unibertsitatea sortzeko asmoa ukatzea, kasurako), Primo de Riverak hartutako erabaki guztien eta diktadorearen aginduen exekutatzaileen aurka bortizki agertu zen. Horren ondorioz, Madrilgo agintariek Unibertsitateko lanpostutik bota eta Fuerteventurara bidali zuten 1924an. Urte hartan bertan barkatu zioten zigorra, eta bilbotarrak Espainiatik irtetea erabaki zuen. Parisen egon zen, lehenengo eta Hendaian ondoren. 1925ean eta 1926an, Hendaian zegoela, bere lanak (La agonía del cristianimo [=Kristautasunaren agonia], De Fuerteventura a París [=Fuerteventuratik Parisera], Cómo se hace una novela [=Nola egiten da nobela bat]) frantsesera itzulita ikusteko aukera izan zuen. Azkenik, 1930ean Primo de Riveraren diktadura amaitu zenean, Salamancara itzuli zen Unamuno.

30eko hamarkada oso gorabeheratsua izan zen bilbotar pentsalariarentzat. 1931ko hauteskundeetan errepublikano sozialisten hautagaia izan zen Salamancan bertan, eta zinegotzi hautatu zuten. Ez ziren gutxi izan, gainera, Unamunok sasoi hartan hainbat lekutan errepublikaren alde emandako hitzaldiak. Euskal Herriko Frente aldizkari ezkertiarrean ere orduan hasi zen kolaborazioak argitaratzen. 1931ko apirilaren 14an Unamunok berak aldarrikatu zuen errepublika Salamancan, eta errepublikanoek hiriko unibertsitateko erretore izendatu zuten, berriro ere.

Madrilgo Gorte Orokorretara aurkeztu zen, independente gisa, ez zelako alderdi politikoekin askorik fidatzen. Diputatu hautatu zuten Salamancako sozialistei esker; alabaina, ez dirudi errepublikako gobernuaren jarduna gustuko zuenik. Izan ere, apurka-apurka Manuel Azaña presidentearen politikatik eta ekintzetatik aldentzen hasi zen, harik eta 1933an berriz ez aurkeztea erabaki zuen arte. Urtebete igarota hartu zuen irakasle-lanari zegokion erretiroa, eta unibertsitateko bizi guztirako erretore izendatzeaz gain, bere izena zeukan katedra sortu zuten.

Errepublikaren jarduna gaitzesten zuelarik, 1936ko uztailean Franco altxatu zenean, matxinatuen alde agertu zen, hasiera batean, Miguel de Unamuno. Izan ere, errepublikanoak gobernutik kendu eta Espainian behar bezalako sistema serioa ezarriko zela uste zuen. Frankistek Salamancan eskaini zioten zinegotzigoa onartu zuen, eta 1936an bertan Europako hainbat pentsalari eta idazleri gutunak bidali zizkien altxamenduaren alde ager zitezen. Badirudi, dena dela, Unamunok ez zuela denbora askorik behar izan hartutako jarreraz eta erabakiez damutzeko; Matxinatuen altxamenduak eragindako Gerra Zibila eta, bereziki, gerra horrek hurbileko lagun eta kideei ekarritako ondorio latzak (fusilamenduak, torturak, kartzela-aldiak, etab.) ikustean, atzera egin zuen.

1936ko urrian Salamancako Unibertsitatean ikasturte-hasierako hitzaldian aski damuturik agertu zen jendaurrean. Saio istilutsua izan zen, Francoren aldekoak nagusi baitziren. Irakasle batek Euskal Herria eta Katalunia Espainiaren minbizitzat jo zituen, eta Unamunok mindurik erantzun zion bera bilbotarra zela eta apezpikua Bartzelonakoa zela. Unamunoren erantzunak ez zuen lortu, baina, jendarteko zurrumurru eta oihuak isilaraztea, eta Millán Astray jeneral frankistak berretsi egin zuen Euskal Herria eta Katalunia Espainiako minbiziak zirela eta behar bezala deuseztatu behar zirela. Horretaz gain, "intelektual traidoreen" eta inteligentziaren aurkako ahotsak entzun ziren, baita "¡España, una, grande y libre!" [=Espainia bakarra, handia eta askea!] eta "¡Viva la muerte!" [=Gora heriotza!] bezalako aldarrikapenak ere. Horiei guztiei erantzuteko altxatu zen Unamuno, eta bere esaldi ezagunenetariko batekin erantzun zien: "Venceréis porque tenéis sobrada fuerza bruta. Pero no convenceréis, porque para convencer hay que persuadir. Y para persuadir necesitaríais algo que os falta: razón y derecho en la lucha" [=Irabazi egingo duzue behar besteko indar basatia daukazuelako; alabaina, ez duzue inor konbentzituko, konbentzitzeko limurtu egin behar duzuelako baten bat, eta inor limurtzeko ez daukazuen zerbait beharko zenukete: borrokatzeko arrazoia eta eskubidea].

Unamunoren erantzunaren aurrean, oihuak eta irainak biderkatu egin ziren. Soldadu batzuek armak atera zituzten, eta egoeraren larritasuna ikusita, Francoren emazte Carmen Polok besotik heldu eta bertatik ateratzen lagundu zion. Hil hartan bertan kanporatu zuen Francok unibertsitateko erretore-postutik.

Azken asteak etxean atxiloturik egin zituen, oro har, bizimoduarekin aski nahigabeturik. Lagunak bisitan joan ohi zitzaizkion egunero, eta halako batean, 1936ko abenduaren 31n, lagunekin hitz egiten ari zela, bat-batean hil zen.