Literatoak

Unamuno Jugo, Miguel de

Miguel de Unamunok asko idatzi zuen, XX. mendearen hasieratik aurrera batik bat. Literaturaz denaz bezainbatean, ipuina, eleberria, olerkia eta antzerkia landu zituen. Aipagarriak dira, halaber, filosofiaren esparruan idatzitako saiakerak. Obra luzea izanagatik, zenbait gai eta kezka maiz errepikatzen dira genero bateko eta besteko idazkietan.

Narratibaren esparruan, XIX. mendeko eleberriaren molde eta muga hertsiak gainditu nahi izan zituen, eta nivola kontzeptua asmatu zuen bere obra batzuk izendatzeko. XIX. mendeko errealismoaren ezaugarri batzuei (pertsonaien garapen psikologiko funtsezkoa, deskribapen errealista, hirugarren pertsonako narratzaile orojakilea, etab.) aurre egiteko nahiari jarraikiz asmatu zuen aipaturiko kontzeptua, eta, besteak beste, formaren garrantzia beste ezeren gainetik edo pertsonaien garapen psikologiko eskasa (hots, pertsonaia lauak, ideia bakarraren edo gutxiren ordezkari direnak) aipa daitezke nivola delakoari loturik.

1895ean argitaratu zuen Paz en la guerra [=Bakea gerran]. Lan horretako kontakizuna Bilbon eta hirugarren karlistaldian dago kokaturik, eta Unamunok norbanakoek euren inguruarekin zer nolako harremana daukaten aztertu zuen. Kritikari askoren ustez, garai hartako Bilboko bizimodu arruntaren argazki zehatza da obra, non bizimodu arrunten garrantzia eta historiaren biktimen estimazioa aldarrikatu baitzituen egileak.

Amor y pedagogía [=Maitasuna eta pedagogia] 1902an kaleratu zen, eta eleberriaren eta saiakeraren mugen arteko lana da. Izan, fartsa groteskoa da, non Unamunok soziologia positibistaren kritika (batzuetan tragikoa, batzuetan komikoa) egiten baitu. Badirudi egilearen asmoa pedagogia zientifikoa barregarri uztea zela.

Recuerdos de niñez y mocedad [Haurtzaro eta gaztaroko oroipenak] (1908) lan autobiografikoa da, eta batik bat Bilbon igarotako haurtzaroa eta gaztaroaren lehen urteak ditu hizpide. Handik bost urtera El espejo de la muerte [=Heriotzaren ispilua] (1913) inprimatu zen, 26 ipuin biltzen dituen bilduma. 1914an ikusi zuen argia Unamunoren literatur lan ezagunenak: Niebla [=Lainoa]. Norbanakoen arimaren hilkortasunari eta hilezkortasunari buruzko lana da, eta oinarrian kezka filosofiko nabarmena dago, zalantza egiteari buruzko fikzioa, alegia. Hain zuzen ere, ohikoa izan zen Unamunoren obretan literatura, hots, fikzioa baliatzea kezka filosofikoak aurkezteko eta gogoeta egiteko.

1917an Kain eta Abelen istorioa pertsona bakarrarengan (Joakin Monegro, berez Kain dena) bildu zuen Abel Sánchez lanean, eta hogeigarren hamarkadako narrazio-lanak dira Tulio Montalbán (1920), Tres novelas ejemplares y un prólogo [=Hiru nobela etsenpluzko eta hitzaurre bat] (1920), La tía Tula [=Izeko Tula] (1921), Cómo se hace una novela (1927) eta San Manuel Bueno, mártir [=San Manuel Bueno, martirra] (1927). Horien artean ezagunenak azken hirurak dira. Lehenengoan Unamunoren gainerako literatur lanetan ageri ez den elementua ageri da: erotismoa, lausoki bada ere; gainera, errealitatearen eta itxuraren arteko zalantzak eta gatazkak ageri dira. Izenburuak hori ulertzeko bidea ematen badu ere, bigarrena ez da literaturazko eskuliburua, ezpada Unamunoren beraren nobelagintzaren erradiografia. Hirugarrena, hots, San Manuel Bueno, mártir da, ziur aski, bilbotarraren lan biribilena. Gertakizunak ez daude leku errealetan kokaturik, ezpada legendazko tokietan, eta idazlea pertsonaien hondora iristen da.