Pintoreak

Dublang y Uranga, Teodoro

Pintore garaikidea, ingienari militarra ogibidez. 1874ko azaroaren 9an jaio zen Gasteizen eta 1940ko urtarrilaren 11n zendu zen.

Hamar urte zituela umezurtz geratu zen eta lehengusuek hartu zuten, Gregorio Dublang eta Juana Tolosanak. Ingienari militar modura Kuban izan zen mendearen amaieran. Armen artean lan egiten zuen arren, pintura ikasketak ere burutu zituen. Ez da ezagutzen bere prestakuntza artistikoari buruzko xehetasun handiegirik. XX. mendearen lehen herenean Ignacio Diaz Olano pintoreak Arka kalean zuen estudioan maiz agertzen zen. Haren ikasle izan zela uste da.

Europan zehar bidaiatu zuen eta kontinente zaharreko pinakoteka onenak ezagutu zituen. Esan denez, Munichen pintura-ezagutzak sakondu zituen Stuck maisu zuela. Sarritan jotzen zuen Madrilgo Arte Ederretako Zirkulura eta, jakina, Prado Museoa ere askotan bisitatzen zuen. Marrazkilari bikaina zen eta Espainiako maisu zenbaiten margolanak kopiatu zituen. El Greco eta Goya miresten zituen batez ere. Lehen hamarkadaren erdialdera Madrilen bere estudioa ireki zuen, Salamanca auzoan, Villanueva kalean, Kontzepziozko parrokiaren alboan. Zubiaurre anaien lantegitik oso hurbil zegoen. J. Bellsolak halaxe dio behinik behin (Heraldo Alavés, 1917-II-28).

Goizetan Prado Museora joan ohi zen kopiak egitera. Bazkalostean frantses- eta marrazketa-eskolak ematen zituen Carabanchelen, Santa Barbara eta San Fernandoko Umezurtzen Ikastetxean (artilleria eta ingeniariena). Eta handik, ostera ere estudiora. Oso pertsona jantzia izan zen pinturarekin lotutako teknika eta perspektibari dagokienez. Hainbat lan idatzi zituen. Tamalez, ordea, sekula ez ziren inprentara iritsi. Argitaragabeak izan ziren. 1915ean Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan Pensando en estudiar obra zintzilikatu zuen eta 1920an Descanso del modelo izenekoa. Bakarkako erakusketarik ez zuen egin edo ez dira ezagutzen.

1913ko uztailean Artista Euskaldunen Erakusketan parte hartu zuen Tolosan eta 1916ko abuztuan Gasteizko Langileen III. Lehiaketan. Orduko horretan honako olio-pinturak erakutsi zituen: Las Conchillas del Ebro (Salinillas de Buradón), Nublado, Sol de la tarde eta Salinillas de Buradón. Horiez gain, beste hiru margolan eraman zituen, Estudio izen orokorrarekin. Urte batzuk geroago, 1934ko abuztuan, Ignacio Diaz Olano eta haren ikasleek egindako erakusketan parte hartu zuen. Arte eta Ofizioen Eskolan guztira zortzi margolan zintzilikatu zituen: Cabeza de estudio, Ramillete de flores, Flores al aire libre, Primavera y otoño, El Maestro [Diaz Olanoren erretratua], Ermita de Santa Lucía, Estudio al aire libre eta Rioja alavesa.

Gerra zibila hasi aurreko hiletan Arte eta Ofizioen Eskolan paratzeko Arabako Artisten Erakusketa bat ari zen atontzen Emilio Ibargoitiarekin batera. Erakusketa, azkenik, 1936ko abuztuaren 5etik 23ra bitartean ospatu zen eta Arabako pinturako ordezkari ospetsuenek parte hartu zuten. Dublangek hamabi mihise aurkeztu zituen, gehienak Gasteizko ikuspegi ezberdinak (El seminario, Campo de los Sogueros, Desde la Escuela de Artes y Oficios, Cuesta del Banco de España, Plaza de la Provincia, El tío vivo). Horiez gain, Arabako bi paisaia (zehazki esatera, Arabako Ali eta Durana herrikoak), Haroko ikuspegi bat, elurtutako bi paisaia eta De primera Comunión eta En el estudio de Aldecoa izeneko margolanak. Adrian de Aldecoa lagun-mina zuen. Orduak eta orduak eman zituzten elkarrekin solasean lagunak Posta kalean zuen pintura industrialeko lokalean.