Jaialdiak-Ekimenak

Lantzeko Inauteriak

Inauteri horiei buruzko idatzizko lehen lekukotzetako bat 1931ean topa dezakegu, V. Alfordek idatzitako testuan. Zaldikoari buruzko testua da oso-osorik eta bertan heriotza eragiten dion tiro bat jasotzen duela esaten da.

Gerra zibila eta haren ostean etorri ziren gobernuaren debeku ezberdinak iritsi aurretik, Inauteri-igandearen aurreko igandez haurrak mozorrotuta atera ohi ziren. XX. mendeko hastapenetik 1945. urtera arte, ordea, debekuak etengabeak eta iraunkorrak izan ziren. Dena den, ez zuten herritarren ahotsa isiltzerik lortu.

Lehen albiste garrantzitsuak idatzizko lekukotzetan irakur ditzakegu. Horren adibidea da Iribarrenena, 1944koa. Bertan balio historiko handiko xehetasuna jasotzen da. Lan horretan hainbat argazki agertzen dira idatzizko edukiari lagunduz.

Hogei urte beranduago, 1964an, Pio Caro Baroja eta Julio anaia, "El año del pueblo. Documentales folklóricos de España" proiektuaren barruan festari buruzko dokumental bat prestatzeko xedez, herrira hurbildu ziren Inauteriak birsortzeko; izan ere, dagoeneko ez ziren ospatzen, gutxienez Iribarrenek jasotako azken alditik.

Orduko hartan, anaiek azken ospakizunean parte hartu zuten adin nagusiko eta helduak elkartu zituzten. Alboan herriko gazteak kokatu ziren, ospakizuna sekula ikusi ez zutenak eta, Piok aipatzen duenez, uko egin ziotenak hasiera batean ekitaldia burutzeari.

Gazteak parte hartzeko limurtu ondoren, eszena guztiak gainjarri ziren bata bestearen atzetik eta filma burutu zen, irudikapen horren oroitzapen plastiko gisa geratu delarik. Gainera, gertakari hark oihartzun handia izan zuen herrian eta, ordutik, berriro ere Inauteriak ospatzen hasi ziren debekuen gainetik eta, gaur egun, guganaino iritsi da Nafarroako Interes Kulturaleko Ondare Ez-material bilakatuz.

Hirurogeiko hamarkadaz geroztik, zehazki esatera, 1964tik, aldaketa eta eten txiki batzuk tarteko, Inauteriak ospatzen dira debekualdi luzea gaindituta. Hiru egunez luzatzen da ospakizuna eta segizio bitxi horretako partaideak kalez kale ibiltzen dira. Azkenean, plazara inguratzen dira txistuaren eta atabalaren doinupean dantzatzera.

Igandean hasten da festa. Egun horretan haurrak mozorrotu eta herria zeharkatzen dute desfilea berezia eginez. Urtez urte ibilbidea, mozorroak eta pertsonaiak errepikatu egiten dira. Beste bi egunetan gauza bera egiten dute helduek.

Aintzat hartzen ez den ekitaldia eskea da. Hori galzorian dago eta Inauteri-igandez (Igande Iyotia) egiten da, arratsaldean. Arrautzak, lukainkak eta bestelako produktuak biltzen dira.

Astelehen-inauterian (Astelehen Iyotia) goizeko lehen orduetatik kaleetan animazioa nabari da. Ikastoletatik, eskoletatik, elkarte ezberdinetatik nahiz bakarka herrira hurbiltzen da jendea kamera eskuan hartuta eta tabernaren aurrean pilatzen dira segizioaren hasiera ikusteko.

Bitartean, gazte batek Ziripot jantzia janzten du hainbat gizonek lagunduta. Zakuz osatutako jantzia lastoz betetzen da barrutik. Parean eta ostatuaren pareta sendo batean bermatuta, Miel Otxin erraldoia dago, irteera ordua iristeko irrikaz balego bezala. Hura ere orduantxe jantzi da eta bere tamaina handiak eraginda teilatu-hegala ukitzen du.

Badaezpada ere txatxoek jendea zirikatzen dute eraikinetik irten daitezen, izan ere, argazkiak ateratzen ari dira Ziripot janzten den unea jasotzeko asmoz. Prestaketa eta janzteko prozesu hori erritu bilakatu da denboraren poderioz.

Segizioa eguerdian abiatzen da. Txatxoak ezker-eskuin kokatzen dira erratza hartuta jendea zirikatuz. Miel Otxin eramaten duenak alde batetik bestera mugitzen du, mantso, musikaren erritmora, txistulari eta atabalariek interpretatzen duten kalejiran. Urte askoan zehar Maurizio Elizalde baztandarra, zonaldean aski ezaguna den musikaria, eta bere adiskide Felix Iriarte danbor-jolea arduratu izan dira kalejira horretaz.

Segizioan hainbat pertsonaia aurki daitezke, horietako bat Zaldiko da, gazte batek irudikatzen duena. Hura arduratzen da Ziripot baldarra behin eta berriz astintzeaz, ondorioz, Ziripot lurrera erortzen da behin eta berriz. Mozorrotuek altxatu egiten dute pazientzia handiz, baina, ia arnasarik hartzeko betarik gabe, lurrera jausten da ostera ere.



Segizio horretan, itxura batean, ez dago hurrenkera zehatzik eta tartean perratzaileak ageri dira, matxarda handiz oinezkoen sabela zanpatuz. Ikusleak ikusminez batzen dira kalearen bi alboetara; atzean, aurrean eta alde guztietan, berriz, txatxoak ageri dira, nahaspilaren erdian.

Aspaldiko urteetan ibilbide bera errepikatzen da. Erdiguneko kaleak eta kale nagusiak zeharkatzen dira, plazara iritsi arte. Han, Miel Otxin erdian paratzen dute, mozorrotuek Zortziko ezaguna dantzatzen duten bitartean. Dantzaldiaren ostean guztiak ostatura itzultzen dira.

Astearte-inauterian (Astearte Iyotia) ekitaldi bera errepikatzen da goizez. Arratsaldean erdigunera itzultzen dira berriz ere, azken aldiz. Hala ere, dagoeneko Ziripot eta Zaldiko ez dira ageri.

Ibilbidea amaitzen denean Miel Otxin epaitu eta tiroka hiltzen du eskopetaz armatutako txatxo batek. Ondoren sutzarra prestatzen da. Bertan erretzen dute panpina, edo haren zati bat, eta haren inguruan Zortzikoa dantzatzen dute berriz ere. Horrela amaitzen da Inauterietako ospakizuna hurrengo urtera arte.

Mozorrotua izendatzeko tokiko hizkuntza-aldaera txatxo da, arestian aipatu bezala: hori izan da ohikoena mutikoen artean eta baita neskatoen artean ere XX. mendeaz geroztik. Orokorrean kolore deigarridun arlekin erako ehunak erabiliz janzten dira, kanpaitxoz eta kartoizko gorroz apainduta. Azken hori, kono formakoa izaten da gehienetan eta zetazko paper koloredunez apaintzen da. Mantelinak, animalia-larruak, edo zakuaren oihalak izaten dira jantziaren osagarri. Nagusiki erratza edo hiruhortzekoa eramaten dute eskuan.

Konpartsan, mozorrotutako pertsonaien artean, Ziripot ikus daiteke. Zakutan sartuta, makila luze bat izaten du jantziko osagarri nagusia, bastoi modura erabiltzeko, lagungarri zaiona etengabeko kulunkatzean. Horrez gain, lastozko kapera zahar eta erabilia eta katamalo gisa erabiltzen duen zapia janzten ditu. Antropomorfoa, baldarra eta egonkortasunik gabea da eta Zaldikoren astinduak jasaten ditu etengabe. Hura ere katamalo batez estaltzen da, gorputz-enborrean zakuaren oihala jantzi ohi du eta, gerriaren parean, tirante bidez zintzilik, egurrezko armazoi bati eusten dio. Armazoi horrek, zalantzarik gabe, gure tradizioko beste zaldi bat dakarkigu gogora, Maskaradetan agertzen dena: Zamaltzain.

Harekin batera ferratzaileak izaten dira, zenbait argitalpenen arabera, arotzak izendapena jasotzen dutenak. Haien egitekoa, alde batetik jendea zirikatzea da eta, beste alde batetik, Zaldiko urduriari ferrak jartzea. Azken hori egiteko bi une jakin izaten dira. Zaku-oihalez estaltzen dira, saskiz eta lastozko kaperaz edo letoizko uztailez apainduta. Esku artean pertzak, hiruhortzekoak, matxardak, mailuak eta bestelako tresna txikiagoak eraman ohi dituzte. J. M. Iribarrenen arabera, dama ere bazen eta baita epai bat ere, sententzia ostekoa. Esku artean liburu bat izaten zuen pertsonaiak jasotzen zuen epai hori.

Azkenik, segizioko pertsonaia nagusia, Miel Otxin. Egun batzuk lehenago egiten den panpina da. Egurrezko urkila bat jartzen da hura sostengatzeko, gero, lastoz bete eta kolore bizidun alkandora batekin, mahoizko prakekin, gerriko gorri handi batekin eta kono formako gorro luze batekin estaltzen da. Gorro horretatik zintzilik kolorezko paperak paratzen dira, txatxoek izaten dituztenen modukoak. Azkenik, zantzu nabarmenak dituen burua moldatzen da. Garai batean enborraren erdialdean inskripzio bat ezartzen zen: "Gora Lantzeko mutikoak". Elezahar batzuen arabera, preso egin zuten gaizkile bat da aipatu panpina horren jatorria. Uneoro txistulariak izaten ditu alboan. Horiek dira mozorro eta katamalorik gabe segizioan joaten diren kide bakarrak, izan ere, hala agintzen du segizioaren arautegiak.

  • AGUIRRE SORONDO, Antxon; AGUIRRE, Juan (testuak). Negua ospatuz. Calor, Color y Ritmos del Invierno. Donostia : Euskomedia Fundazioa-Eusko Ikaskuntza, 2009.
  • ALFORD, Violet. "Ensayo sobre los orígenes de las mascaradas de Zuberoa". Revista Internacional de los Estudios Vascos XXII, 25. urtea, 3. zbk. Paris: Honoré Champion // Donostia: Martín Mena y Compañía, 1931.
  • ARRARAS SOTO, Francisco. Danzas e indumentaria de Navarra. Merindad de Pamplona. Bilduma Ilustratu Laburra, 7. zbk. Iruña: Vianako Printzea, 1987, 19-31. or.
  • CARO BAROJA, Julio. "Folklore experimental: el Carnaval de Lanz (1964)". Vianako Printzea, 98-99. zbk. Iruña: Vianako Printzea Instituzioa, 1965, 5-22. or.
  • CARO BAROJA, Julio. "El Carnaval. Análisis histórico-cultural. Madril: Taurus, 1965.
  • CASIMIRO ITURRI, Ana Rosa. "Estudio etnográfico de Lanz". BEGUIRISTAIN GÚRPIDE, M.ª Amor Contribución al Atlas Etnográfico de Vasconia: investigaciones en Álava y Navarra. B 5 Barandiaran Bilduma. Jose Miguel de Baradiaran Fundazioa. Jose Miguel Barandiaran Ikerketa-beka 1985.Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1990.
  • DUEÑAS, Emilio Xabier; LARRINAGA, Josu. "Los carnavales vascos: restauración y revitalización de un tiempo festivo". Jentilbaratz. Cuadernos de Folklore 9. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2007.
  • FERNANDEZ DE LARRINOA, Kepa. Calendario de fiestas y danzas tradicionales en el País Vasco. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2003, 119-120. or.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Iñauteria. El Carnaval Vasco. Donostia: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1973.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Carnaval en Navarra. Etnografia Saiakerak Bilduma 3. Donostia: Haranburu, 1984.
  • HORNILLA, Txema. El Carnaval vasco interpretado. Biblioteca Vasca. Bilbo: Ediciones Mensajero, 1990.
  • IRIBARREN, Jose M.ª. Historias y costumbres (Colección de ensayos). 9. kapitulua, Lantzeko Inauteria. Iruña: Nafarroako Foru Aldundia. Vianako Printzea Instituzioa, 1949, 191-202. or.
  • JIMENO JURIO, Jose Maria. Calendario festivo II. Invierno. Obra Osoak, Jose M.ª Jimeno Jurio 52. Iruña: Pamiela, Udalbide eta Euskara Kultur Elkargoa, 2009.
  • OZKOIDI ASURMENDI, Mikel; IRUJO ASURMENDI, Karlos. Lantz - Ituren - Zubietako Inauteriak. Panorama Bilduma, 40. zbk.; Iruña: Nafarroako Gobernua-Kultura eta Turismo Saila-Vianako Printzea Instituzioa, 2009.
  • TIBERIO, Francisco Javier (testua); OTERMIN, Luis (argazkiak). Carnavales de Navarra. Nafarroako Gaiak Bilduma, 6. zbk.; Iruña: Nafarroako Gobernua. Lehendakaritza Saila, 1993.
  • URBELTZ NAVARRO, Juan Antonio. Dantzak. Bilbo: Euskadiko Kutxa / Jakin, 1978.
  • CARO BAROJA, Pio. Las cuatro estaciones (DVD). Iruña: Nafarroako Gobernua-Kultura eta Turismo Saila-Vianako Printzea Instituzioa, 2004.
  • Pyrene, P. V.-Nafarroako Etnologia Museoa. Etnografía navarra. Huesca: Pyrene, P. V.-Nafarroako Gobernua, 2009.
  • ZENBAIT EGILEREN ARTEAN. Negua ospatuz. Calor, Color y Ritmos del Invierno. Donostia: Euskomedia Fundazioa-Eusko Ikaskuntza, 2009.