Jaialdiak-Ekimenak

Lantzeko Inauteriak

Mozorrotua izendatzeko tokiko hizkuntza-aldaera txatxo da, arestian aipatu bezala: hori izan da ohikoena mutikoen artean eta baita neskatoen artean ere XX. mendeaz geroztik. Orokorrean kolore deigarridun arlekin erako ehunak erabiliz janzten dira, kanpaitxoz eta kartoizko gorroz apainduta. Azken hori, kono formakoa izaten da gehienetan eta zetazko paper koloredunez apaintzen da. Mantelinak, animalia-larruak, edo zakuaren oihalak izaten dira jantziaren osagarri. Nagusiki erratza edo hiruhortzekoa eramaten dute eskuan.

Konpartsan, mozorrotutako pertsonaien artean, Ziripot ikus daiteke. Zakutan sartuta, makila luze bat izaten du jantziko osagarri nagusia, bastoi modura erabiltzeko, lagungarri zaiona etengabeko kulunkatzean. Horrez gain, lastozko kapera zahar eta erabilia eta katamalo gisa erabiltzen duen zapia janzten ditu. Antropomorfoa, baldarra eta egonkortasunik gabea da eta Zaldikoren astinduak jasaten ditu etengabe. Hura ere katamalo batez estaltzen da, gorputz-enborrean zakuaren oihala jantzi ohi du eta, gerriaren parean, tirante bidez zintzilik, egurrezko armazoi bati eusten dio. Armazoi horrek, zalantzarik gabe, gure tradizioko beste zaldi bat dakarkigu gogora, Maskaradetan agertzen dena: Zamaltzain.

Harekin batera ferratzaileak izaten dira, zenbait argitalpenen arabera, arotzak izendapena jasotzen dutenak. Haien egitekoa, alde batetik jendea zirikatzea da eta, beste alde batetik, Zaldiko urduriari ferrak jartzea. Azken hori egiteko bi une jakin izaten dira. Zaku-oihalez estaltzen dira, saskiz eta lastozko kaperaz edo letoizko uztailez apainduta. Esku artean pertzak, hiruhortzekoak, matxardak, mailuak eta bestelako tresna txikiagoak eraman ohi dituzte. J. M. Iribarrenen arabera, dama ere bazen eta baita epai bat ere, sententzia ostekoa. Esku artean liburu bat izaten zuen pertsonaiak jasotzen zuen epai hori.

Azkenik, segizioko pertsonaia nagusia, Miel Otxin. Egun batzuk lehenago egiten den panpina da. Egurrezko urkila bat jartzen da hura sostengatzeko, gero, lastoz bete eta kolore bizidun alkandora batekin, mahoizko prakekin, gerriko gorri handi batekin eta kono formako gorro luze batekin estaltzen da. Gorro horretatik zintzilik kolorezko paperak paratzen dira, txatxoek izaten dituztenen modukoak. Azkenik, zantzu nabarmenak dituen burua moldatzen da. Garai batean enborraren erdialdean inskripzio bat ezartzen zen: "Gora Lantzeko mutikoak". Elezahar batzuen arabera, preso egin zuten gaizkile bat da aipatu panpina horren jatorria. Uneoro txistulariak izaten ditu alboan. Horiek dira mozorro eta katamalorik gabe segizioan joaten diren kide bakarrak, izan ere, hala agintzen du segizioaren arautegiak.