Jaialdiak-Ekimenak

Lantzeko Inauteriak

Hirurogeiko hamarkadaz geroztik, zehazki esatera, 1964tik, aldaketa eta eten txiki batzuk tarteko, Inauteriak ospatzen dira debekualdi luzea gaindituta. Hiru egunez luzatzen da ospakizuna eta segizio bitxi horretako partaideak kalez kale ibiltzen dira. Azkenean, plazara inguratzen dira txistuaren eta atabalaren doinupean dantzatzera.

Igandean hasten da festa. Egun horretan haurrak mozorrotu eta herria zeharkatzen dute desfilea berezia eginez. Urtez urte ibilbidea, mozorroak eta pertsonaiak errepikatu egiten dira. Beste bi egunetan gauza bera egiten dute helduek.

Aintzat hartzen ez den ekitaldia eskea da. Hori galzorian dago eta Inauteri-igandez (Igande Iyotia) egiten da, arratsaldean. Arrautzak, lukainkak eta bestelako produktuak biltzen dira.

Astelehen-inauterian (Astelehen Iyotia) goizeko lehen orduetatik kaleetan animazioa nabari da. Ikastoletatik, eskoletatik, elkarte ezberdinetatik nahiz bakarka herrira hurbiltzen da jendea kamera eskuan hartuta eta tabernaren aurrean pilatzen dira segizioaren hasiera ikusteko.

Bitartean, gazte batek Ziripot jantzia janzten du hainbat gizonek lagunduta. Zakuz osatutako jantzia lastoz betetzen da barrutik. Parean eta ostatuaren pareta sendo batean bermatuta, Miel Otxin erraldoia dago, irteera ordua iristeko irrikaz balego bezala. Hura ere orduantxe jantzi da eta bere tamaina handiak eraginda teilatu-hegala ukitzen du.

Badaezpada ere txatxoek jendea zirikatzen dute eraikinetik irten daitezen, izan ere, argazkiak ateratzen ari dira Ziripot janzten den unea jasotzeko asmoz. Prestaketa eta janzteko prozesu hori erritu bilakatu da denboraren poderioz.

Segizioa eguerdian abiatzen da. Txatxoak ezker-eskuin kokatzen dira erratza hartuta jendea zirikatuz. Miel Otxin eramaten duenak alde batetik bestera mugitzen du, mantso, musikaren erritmora, txistulari eta atabalariek interpretatzen duten kalejiran. Urte askoan zehar Maurizio Elizalde baztandarra, zonaldean aski ezaguna den musikaria, eta bere adiskide Felix Iriarte danbor-jolea arduratu izan dira kalejira horretaz.

Segizioan hainbat pertsonaia aurki daitezke, horietako bat Zaldiko da, gazte batek irudikatzen duena. Hura arduratzen da Ziripot baldarra behin eta berriz astintzeaz, ondorioz, Ziripot lurrera erortzen da behin eta berriz. Mozorrotuek altxatu egiten dute pazientzia handiz, baina, ia arnasarik hartzeko betarik gabe, lurrera jausten da ostera ere.



Segizio horretan, itxura batean, ez dago hurrenkera zehatzik eta tartean perratzaileak ageri dira, matxarda handiz oinezkoen sabela zanpatuz. Ikusleak ikusminez batzen dira kalearen bi alboetara; atzean, aurrean eta alde guztietan, berriz, txatxoak ageri dira, nahaspilaren erdian.

Aspaldiko urteetan ibilbide bera errepikatzen da. Erdiguneko kaleak eta kale nagusiak zeharkatzen dira, plazara iritsi arte. Han, Miel Otxin erdian paratzen dute, mozorrotuek Zortziko ezaguna dantzatzen duten bitartean. Dantzaldiaren ostean guztiak ostatura itzultzen dira.

Astearte-inauterian (Astearte Iyotia) ekitaldi bera errepikatzen da goizez. Arratsaldean erdigunera itzultzen dira berriz ere, azken aldiz. Hala ere, dagoeneko Ziripot eta Zaldiko ez dira ageri.

Ibilbidea amaitzen denean Miel Otxin epaitu eta tiroka hiltzen du eskopetaz armatutako txatxo batek. Ondoren sutzarra prestatzen da. Bertan erretzen dute panpina, edo haren zati bat, eta haren inguruan Zortzikoa dantzatzen dute berriz ere. Horrela amaitzen da Inauterietako ospakizuna hurrengo urtera arte.