Musikariak

Arana Martija, José Antonio

Gernikan 1931n jaiotako Bizkaiko musikografoa. Herri berean hil zen 2011ko apirilaren 27an.

Frantzian erbestean ibili eta gero, Gasteizko Seminarioan giza zientziak ikasi zituen, bertan Julio Valdes maisu bezala izan zuelarik. Gero Deustu eta Valladolid-eko Unibertsitateetan zuzenbideko lizentziatura eskuratu zuen eta Ekonomia Zientziak ere ikasi zituen.

Hainbat euskal enpresatan lanean aritu izan zen eta aldi berean euskal kulturari buruzko ikerlanak burutu zituen. Seber Altube ikastolaren fundatzaileetako bat izan zen. Euskarari buruz hainbat ikerlan egin eta gero, 1979an Euskaltzaindiko urgazle eta liburuzain izendatu zuten eta 1988an Euskaltzain osoa eta Diruzain bilakatu zen.



Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea zen, baita Eusko Ikaskuntzen Institutu Amerikarra eta Eusko Ikaskuntza erakundeetakoa ere. Azken horretan, 1987an Musika Saileko presidentea izan zen. Liburuzain eta liburuzale bezala Estatu Batuetan, Londres eta Parisen hainbat liburutegi bisitatzeko gonbidapena jaso du.

Bideratu dituen kultura ekimen gehienak musika, folklorea eta bertsolaritza dute helburu gisa. Euskera aldizkarian lan ugari argitara eman ditu eta 1962an Tesoro Sacro Musical aldizkariarekin ere elkarlanean hasi zen. Euskal musikariei buruzko hainbat lan burutu ditu, bestek beste, Eustaquio Uriarte, Jose Domingo de Santa Teresa, Jose Maria Iparraguirre, Sebero Altube, Francisco Madina, Luis Iruarrízaga, Aita Donostia. Horrez gain, beste bi liburu idatzi ditu Bernardo Gabiola eta Resurrección Maria de Azkueri buruz. Era berean Donostiako Hoja del lunes delakoan astero euskal musikariei buruzko artikulua idatzi zuen. Beste erakunde hauekin ere elkarlanean aritu da: Enciclopedia Catalana, Euskal Herriko Entziklopedia Irudiztatu Orokorra (Auñamendi); aldizkariak: Txistulari, Dantzariak, Jakin, Aranzazu, Euskor, Mínima, Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, Egan, Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos, eta abar. Elkarlanean euskal musikari buruz argitara eman diren hainbat liburuetan ere esku hartu du, esaterako, Lur eta Gizon, Etre Basque, Euskal Herria, Historia eta Gizartea, Enciclopedia Histórica Geográfica, Bizkaia 1789-1814.

Artikulu eta liburu ugari idatzi ditu: Elai-Alai, Ópera vasca en Vizcaya, Canciones de Navidad, Opera Omnia Vasconice eta Bibliografía Bonapartiana. Dena den bereziki bi azpimarratu behar dira: Música vasca (1976) -bigarren edizio trinkoagoa ere izan zuen (1987), eta Eresoinka (1986).

1962an Bogamuza otxotea antolatu eta harekin lau disko grabatu zituen, eta 1978an aldiz Gernikako Andra Mari Abesbatza eratu zuen, hamar urtez horren zuzendari izan zelarik.

1979ko apirilaren 3ko Batzar Orokorretarako hauteskundeetan Batzarkide aukeratu zuten (HB) Bizkaiko ordezkari gisa.

2004ko ekainean Urrezko Luma Saria jaso zuen Bilboko Liburu Azokan.

Arana Martija

2010eko abenduan Eusko Ikaskuntzak bere ibilbide osoa aintzat hartuz eta berau omendu nahian Manuel Lekuona Saria eskaini zion.

Musiker sailean Jose Antonio Arana-Martijari omenaldia = Homenaje a Jose Antonio Arana-Martija ale monografikoan bere ibilbideari buruzko informazio ugari aurki dezakegu.

Honako monografia argitara eman ditu:

  1. Música Vasca, Donostia, Aurrezki Kutxa Munizipala, 1976.
  2. Elai-Alai , primer grupo coreográfico del País Vasco, Gernika, Kultur Artea, 1977.
  3. Ópera vasca en Vizcaya, Bilbo, Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1978.
  4. Bernardo Gabiola, Bilbo, Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1980.
  5. Canciones de Navidad, Bilbo, Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1981.
  6. Resurrección Mª de Azkue, Bilbo, Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1983.
  7. Euskal Musika, Gasteiz, Eusko Jaurlaritza, 1985.
  8. Música Vasca, Donostia, Erein, 1985.
  9. Eresoinka: Embajada cultural vasca 1937-39, Gasteiz, Eusko Jaurlaritza, 1986.
  10. Musikaren Historia: BBB-1 , Donostia, Elhuyar, 1988.
  11. Musikaren Historia zehar: BBB-1, Usurbil, Elhuyar, 1994.
  12. Historia de la Música Vasca, Bilbo, Orain, 1996.

Bere konposizioen artean, koruentzako honako lan hauek aipa daitezke: Aintza, Sinesten dot; Tenebrae factae sunt; Ator ator; Agur Jaunak; Iruñeko Ferietan; Iturengo Arotza; Euskal Abestiak: Ixil ixilik dago, Nere semian sema, Iruten arin nuzu, Capitán pilotu; Agur jaunak, Gernikako arbola; Kandelario, Urte Barri.