Antzerkigintza eta dantza

Muruamendiaraz, Edu

Aukeran Dantza konpainiaren sortzaile, koreografo eta zuzendari, dantzaria ere konpainiaren sorreran, Bergaran jaio zen 1964. urtean.

Bere oinarrizko formakuntza dantza tradizionala izanik, ibilbide profesionala lengoai garaikidea eta tradizionalaren arteko esperimentazio eta berrikuntzara bideratuta egon da. Horren ondorioz, koreografi berritzaileak sortu eta osatu ditu berak zuzendutako lanetan.

1994, 1995 eta 1996 urteeetan Gipuzkoar "Aurreskuko" eta "Dantza Solteko" Euskadiko txapelduna izan da. Donostiako Zinemaldiko dantzari ofiziala izan da ere hainbat urteetan. Bestalde, Kepa Junkera, Oreka TX musikariekin edota Euskadiko Gazte Orkestrarekin elkarlanean aritu da. Halaber, Carlos Saura, zinegile ospetsuaren "Iberia" filmean parte hartu du. Bilbao Ballet elkarteak "Euskaldunak eta dantza" ekitaldietan ere izen handiko dantzari profesionalekin partekatu du eszenatokia, Lucia Lacarra eta Igor Yebrarekin, besteak beste.

Aholkulari artistiko eta koreografo lanetan aritu da azken urtean, Pier Paul Berzaizek zuzendutako "Haien ametsa gurea da" (Amaiur) antzezlanean eta "El caserío" (2011, 2013), Ainhoa Artetarekin, Arriaga Antzokia eta Oviedoko Campoamor antzokien arteko koprodukzioan besteak beste.

Hezitzaile gisa, hainbat dantza eskoletan irakasle izan da eta aritzen da Euskal Herriko hainbat herritan, baita atzerriko dantza eskoletan ere, Pariseko Eskualdeko Kontserbatorioan (2011) irakasle eta ikasleei zuzendua, besteak beste. Gaur egun eta honi lotuta, dantzaren sentsibilizaziorako hainbat proiektu bultzatzen eta zuzentzen ditu Urnietako Sarobe Arte Eszeniko Gunearekin elkarkidetzan.