Abeslariak

Arteta Ibarrolaburu, Ainhoa

Tolosan 1964an jaiotako soprano gipuzkoarra.

Kantuan ikasteko lehen urratsak Tolosako Eresoinka abesbatzan eman zituen. Gero, musika ikasi zuen Donostiako Kontserbatorioan eta jarraian Manova (Italia) eta New Yorkera jo zuen, han Ettore Campogalliani eta Franco Iglesiasekin ikasi zuelarik.

Nazioarteko lehiaketetan hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Metropolitan Opera National Council Auditions (New York) eta Concours International de Voix d'Opera Plácido Domingo (Paris). Bere ibilbidean zehar izan dituen sarien artean honako hauek bereziki azpimarratu behar dira: New Yorkeko Hispanic Society of Americaren Saria artearen alde egindako lanagatik, Musika Sarien V. Edizioan Musika Klasikoko Artistarik Onenari Saria, Ondas Saria musika klasikoko lan ospetsuenari eta Autor Fundazioaren Federico Romero Saria. Era berean Maestro Segovia Fundazioaren ohorezko kidea da, baita Winterthur fundazioaren patronatuko kidea ere.

New Yorkeko Basque International Cultural Center-eko ohorezko kidea da. Eusko Jaurlaritzak 2002an Euskaldun Unibertsala saria eman zion, Martin Ugalderekin batera, bere ibilbide profesionalagatik eta atzerrian Euskadiren irudia zabaltzeagatik.

2003an Kadizeko Arte Ederretako Errege Akademiako kidea izendatu zuten.

1990ean Palm Beachen (Estatu Batuak) izan zuen operako lehen emanaldia. Hortik aurrera nazioarte mailan ibilbide oparoa izan du munduko antzoki eta opera saio garrantzitsuenetan, esaterako: Metropolitan Opera House (New York), Washington, Florida, Seattle, Cincinatti, San Frantzisko, Los Angeles, Houston eta Mexikoko Opera antzokia, Buenos Aireseko Colon Antzokia, Monterrey (Mexiko), Bastillako Opera Antzokia (París), Covent Garden (Londres), Bilbo, Palau, Antibes, Bordele, Napoli, Amsterdam, Hamburgo, Japonia eta Rigako opera denboraldia, eta Perelada, Santander eta Donostiako jaialdiak.

Bere ibilbide profesionalean bi une garrantzitsu aipatu behar ditugu, batetik Michael Tilson Thomas eta New World Symphonyrekin eskaini zuen emanaldia, eta bestetik Dolora Zajick eta Placido Domingorekin New Yorkeko Carnegie Hall aretoan izan zuen debuta. Azken honekin askotan egin du lan eta hainbat lekutan kontzertuak eskaini dituzte, besteak beste, Espainia, Estatu Batuak, Brasil, Frantzia, Turkia, Ingalaterra, Alemania eta Austria.

1993-1994 denboraldian honako hauek izan ziren emanaldi esanguratsuenak: Austrian Verdiren La Traviata-ko Violetta, Seattlen (Estatu Batuak) Bizeten Perla Arrantzaleak-eko Leila eta Mexikon Verdiren Rigoletto-ko Gilda. Era berean, Pucciniren La Bohéme-ko Mimi antzeztuz egin zuen debuta Metropolian Opera House aretoan eta Gounoden Fausto-ko Margarita antzeztuz Mexiko Bellas Artes antzokian.

1995-96 eta 1997-98 denboraldietan berriro ere kantatzeari ekin zion Mexikon, Bilbon (Arriaga antzokia eta Opera Lagunen Bilboko Elkartea (OLBE)), eta Perelada, Santander, Donostia eta Antibeseko (Frantzia) Jaialdietan. Era berean debuta egin zuen hainbat tokitan, Bonnen Magda interpretatuz, Napolin, Amsterdamen Mimi antzeztuz eta Detroiten Violetta interpretatuz. Beste ekitaldi hauek ere azpimarratzekoak dira: Hamburgo eta Washingtongo opera denboraldien irekiera, Metropolitan antzokira itzultzea berriro lan egin izana Violetta eta Giordanoren Fedora-ko Olga antzeztera, Amsterdamen Violetta interpetatzea, Washingtonen debuta egitea, berriro ere Violettaren papera hartuz, eta Bordele, Japonia eta Rigako debuta Leilaren paperean.

1999an lehen aldiz Londresen kantatu zuen Placido Domingorekin batera Convent Garden aretoan antolatutako kontzertuan. Jarraian Vienan Mario del Monacoren omenez eskainitako saioan esku hartu zuen; Bartzelonako Palau de la Musica-ko Milurtekoko jaialdiaren irekieran eta New Yorkeko Metropolitan Opera Houseko Milurtearen Amaierako aparteko jaialdian ere parte hartu zuen. Washingtongo Opera Antzokian Fiordiligi kantatu zuen.

Honako hauek azpimarratzekoak dira: Vivesen Doña Francisquita, zarzuelako diskoa Espainiako Irrati Telebistaren Orkestrarekin (RTVE), musika errenazentistako diskoa eta Jose Maria Canoren Luna opera.