Kulturalak

Aukeran Dantza Konpainia

Aukeran DK Donostian 1997 urtean sortzen da Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoaren ekimenez, eta orduz geroztik ibilbide luze eta aberatsa jorratu du hainbat ikuskizun ekoiztu dituztelarik: dantza tradizionalaren eta garaikidearen mestizajean oinarritzen dira konpainiaren lanak, zenbaitetan musika eta dantza tradizionalaren erritmo bizia hautsiz, pausoak mantsotuz edota deseraikiz.

Aukeran-eko kideek proposamen berritzaileak gauzatu dituzte konpainia sortu zenetik; 2001 urtean "Sutargi" ikuskizunarekin aurkezten dira. Euskadin, Gaztela-Mantxan, Katalunian, Murtzian eta Frantzian bira egiten dute, eta bai publikoak bai kritikak harrera oso ona egiten diete; 2003ko udan Donostiako Kursaalen bigarren kreazioa estreinatzen dute, "Izena duen guztia omen da". lan honekin dantza konpainia egonkor gisa finkatzen da, eta Manilaraino bidaiatzen dute Cultur Center of the Philippinesen antzezteko beren lana; 2006ko uztailean Donostiako Antzerki feriaren barnean "Bideak" azken lana aurkezten dute, Azpeitiko antzerki topaketetan ikuslearen saria jasotzea lortuz.

2007 urtean, konpainiaren 10. urteurrena ospatzeko aurreko hiru lan garrantzitsuenetan oinarritutako ikuskizuna eramaten dute Euskal Herriko hainbat antzokietara.

"GERNIKA, mihise gaineko dantza" (2009) Donostiako Victoria Eugenia Antzokian (Dferia) estreinatzen da eta 2011 urtean Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin batera Neguko Kontzertuen barne eszenaratzen dute elkarkidetzan, Erkidegoko hiru hiriburutan; Argentina eta Uruguaien egindako biran ere arrakasta itzela jasotzen dute ikuskizun honekin. "Burnia" konpainiaren azken ekoizpena eta 2011 urtean estreinatua, Arriaga Antzokiaren eta Aukeran Dantza Konpainiaren arteko ekoizpena da.



2014ko martxoaren 13an konpainiak ikuskizun berri bat estreinatzen du Donostiako Victoria Eugenia antzokian. "Geltokia" da obra honen izena.