Kontzeptua

Hizkuntza Ofiziala

Hizkuntza bat ofiziala da, botere publikoek hizkuntza hori beraien arteko eta subjektu pribatuekiko komunikaziorako ohiko bitarteko gisa onartu dutenean, erabateko balio eta eragin juridikoekin.

Indarrean dagoen legediarekin bat, Euskal Herriko hiru errealitate juridikoetan, euskara ofiziala da Euskal Autonomia Erkidego osoan (EHAE 6.1 art.) baita Nafarroako "euskal hiztunen eramuetan" ere (NFBHLO 9.2 art.). Ipar Euskal Herrian ordea, soilik frantsesa da ofiziala (1992ko ekainaren 25eko "92-554 zki.dun Loi constitutionnelle"ri jarraiki; izan ere, 1958ko urriaren 4ko Konstituzioko 2 art.ari ondoko xedapena gehitzen dio: "La langue de la République est le français"); nahiz eta aipatu beharra dagoen, Frantziar Konstituzioan, lehen aldiz, 2008ko uztailaren 23ko "2008-724 zki.dun Loi constitutionnelle"k, 75.1 artikulu berria gehitzen diola testuari, zera xedatuz: "Les langues régionales appartiennent au patrimoine de la France".

Agerikoa da, Euskal Herriko lurralde bakoitzean euskara ofizialtzat aitortzearen ondorio juridikoak, biztanleen hizkuntza-eskubideen estatus ezberdina dakarrela euskararen erabileran eta derrigorrezko hezkuntza-esparruan, euskararen irakaskuntza bermatu beharko litzatekeelako eraginkorki ofiziala deklaratzen den eremuetan. Nolanahi ere, pribatuen arteko harremanetan, hiritarrek inolako eragozpenik gabe erabili ahal izango dute euskara; aitzitik, hertsiki publikoa den eremuan, lurralde bakoitzean ezargarria den eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoak xedatuko ditu hiritarren hizkuntza-eskubideak.

Jakina, hiritarrek hautatuko botere publikoak dituzten herrialdeetan, baita arauak egiteko nahiz aginte publikoa kontrolatzeko parlamentu-sistemak dituztenetan ere, legeek erabakitzen dute beti hizkuntza bat ofiziala den ala ez. Nolanahi ere, hizkuntza bat ofiziala izateak gizarte baten borondatea adierazten du, kontuan hartu gabe, aipatu hizkuntzak, gizarte-fenomeno gisa, bizi duen egoera eta daukan errealitate soziolinguistikoa; alabaina, horrek ez du esan nahi aintzat hartu behar ez denik, hizkuntza ofizial batek duen errealitatea eta bere ezaguera soziala.

Honetara, nabarmena da, hizkuntza gutxitu baterako eskubideak (oraindaino euskara den bezala Euskal Herriaren zati handi batean) bere erabilera eragozten duela toki, harreman eta egoera askotan, ofiziala izan arren lurraldearen zati handi batean. Izan ere, hizkuntzaren normalizazioak galdatzen du, administrazio-egiturak, botere publikoak eta, batik bat, errealitate soziala molda daitezela, hizkuntza-ofizialtasuna aitortzen den toki horretara, nahiz eta bertan bere ezaguera soziala gutxiengo bat izan.

Hortaz, Euskal Herriko eskualde nahiz lurralde ezberdinetan dagoen errealitate soziolinguistikoak eta legez anitza denak zera galdatzen du: tokian tokiko plangintza bat egitea, euskara normalizatzeko eta ahalbidetzeko erabilera eremu guztietan, lehenik eta behin, hizkuntzaren ofizialtasuna legez horrela onartzen den tokietan. Jakina, bigarrenez, horrek ez du esan nahi euskararen erabilera hedatu behar ez denik lurralde guztietara, hezkuntza nahiz gizarte-eremuetan, bere sustapenak hiritarren sostengua duenean.

Nolanahi ere, halabeharrezkoa dirudi, euskaldunak ez diren eremuetan, errealitate soziolinguistikoak, egitez, beheratu egin ohi duela hizkuntza gutxituen estatusa, ofizialtasunetik erdi-ofizialtasunera, hain zuzen ere. Edo are okerrago; ezerezean uzten duela, zenbat adierazpenetan ofizialtasun bera. Ahantzi ezin dena, ordea, zera da: ofizialtasunak dakarren normalizazio prozesuak oinarriak finkatzen dituela, derrigorrezko hezkuntza orokorraren bitartez, etorkizuneko belaunaldiek euskara eraginkortasunez jakingo dutela bermatzearren.

Horrenbestez, jarraian, euskararen ofizialtasuna Euskal Autonomia Erkidegoan aztergai izango da, baita Nafarroan ere. Azkenik, Ipar Euskal Herriko euskaldunen hizkuntza-eskubideak aztertuko ditugu. Aldez aurretik alabaina, ikergai izango dugun legezko errealitate hori kokatuko dugu, argitara eman diren azken datuek islatzen duten errealitate soziolinguistikoan.

Honetara hain zuzen ere, garrantzitsua deritzogu, aurrenik, 2006ko IV. inkesta soziolinguistikotik ateratako zenbait datu aztertzea (2008-ISBN: 978-84-457-2747-8). Aipatu inkestak, Euskal Herriko lurralde guztietan bizi den eta hamabost urtetik gorakoa den biztanleria du aztergai (2.500.000 pertsona gutxi gora behera). Hortaz, kanpo uzten du hamabost urtetik beherako biztanleria; eta datu hori azpimarragarria da, euskaldun kopuru gehien duen taldea delako.

Zehazki, ikuspegi horretatik adierazten da, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), biztanleen hirutik bat dela elebiduna, eta 16 urtetik beherako biztanleriari dagokionez, %66 dela elebiduna. Aitzitik, Ipar Euskal Herrian, elebiduna den biztanleriaren ehunekorik handiena 65 urtetik gorakoen taldean topa daiteke; ehunekoa jaitsi egiten da ostera, adin-taldeetan behera egiten den heinean. Halere, aipagarrian da, Ipar Euskal Herriko gazteen artean joera honen aldaketa-zantzuak gero eta argiagoak direla; izan ere, 2006ko inkestaren datuen arabera, gazte elebidunek gora egin dute kopuruan zein ehunekoan.

Halaber, IV. inkesta soziolinguistikoaren datuei jarraiki, Euskal Herrian, 15 urtetik gorako biztanleen %25,7 elebiduna da (alegia, 1991ean baino 3,4 puntu gehiago, orduan, %22,3 baitzen), %15,4 elebidun hartzailea, eta %58,9 erdaldun elebakarra (hots, gazteleraz ala frantsesez egiten duena). Lurraldeka, Euskal Autonomia Erkidegoan, 15 urtetik gorako biztanleen %30,1 elebiduna da (1991ean baino 6 puntu gehiago, orduan, %24,1 zelako); Ipar Euskal Herrian ostera, %22,5 da elebiduna (1991ean baino 11 puntu gutxiago, orduan, %33,1 baitzen); eta azkenik, Nafarroan, biztanleen %11,1 da elebiduna (hots, 1991ean baino 1,6 puntu gehiago, orduan, %9,5 zelako).

Hortaz, 2006an, hamasei urtetik gorako biztanleen artean, 1991ean baino 137.200 euskaldun gehiago dago. Euskara menperatzen duen biztanleriaren hazkuntza Nafarroan eta, batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu da. Haatik, Ipar Euskal Herrian, biztanle euskaldunen galera oraindik gertatzen den arren, gazteen artean, euskaldunen ehunekoa hazten hasia da dagoeneko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 15 urtetik gorako biztanleen artean, euskararen erabilera sustatzearen alde % 64,7 agertzen da; Ipar Euskal Herrian berriz %41,2, eta Nafarroan %37,7. Ez alde eta ez aurka ostera, Ipar Euskal Herriko biztanleen %41,1 azaltzen da, Nafarroako biztaleen %37,7 eta Euskal Autonomia Erkidegokoen %24. Azkenik, euskararen erabilera sustatzearen aurka agertzen da Euskal Autonomia Erkiegoko biztanleen %11,2, Ipar Euskal Herrikoen %17,6, eta Nafarroako biztanleen herena baino pixka bat gehiago (hau da, %34,2).

Badirudi euskararekiko jarrera hizkuntza-gaitasunari hertsiki lotuta dagoela. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan, euskaraz dakien biztanleriaren %85 baino gehiago, euskararen erabilera sustatzearen alde agertzen dela ikus daiteke; eta Ipar Euskal Herrian, biztanleen %15. Aitzitik, gazteleraz ala frantsesez soilik hitz egiten duten biztanle elebakarren artean, euskararen erabilera sustatzearen aurka, %24,4 agertzen da Euskal Autonomia Erkidegoan, %46 Nafarroan eta %26 Ipar Euskal Herrian. Adinari dagokionez, lurralde orotan, 65 urtetik gorako biztanleen taldean agertzen da euskararen erabilera sustatzearen aldeko ehunekorik zabalena. Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan, orobat, handia da oso euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera azaltzen duten gazteen ehunekoa. Ipar Euskal Herrian, ordea, euskararen erabilera sustatzearen alde daudenen artean, ehunekorik txikiena gazteen taldean ageri da.