Kontzeptua

Zamakolada

Konbentzio-gerraren (1793-1795) ostean, Frantziako ejertzitoak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba okupatu zituen. Hori, ziurrenik, lurralde horretako biztanleek (batez ere gipuzkoarren kasuan) Espainiako koroaren interesak defendatzeko zuten motibazio faltak ahalbidetuko zuen. Dena den, agerian geratu zen sistema militar foral tradizionalak (herri bakoitzean borrokatzeko adinean ziren gizonez osatutako milizia herrikoietan oinarritua), gerora Europa konkistatuko zuen Frantziako ejertzito modernoaren aurka lehiatuta, aurreko mendeetan izan zuen eraginkortasuna galdu zuela. Hori dela eta, Basileako bakea negoziatzean, Espainiako monarkiak Santo Domingo irlaren gaineko administrazioaren zati bat frantziarren eskuetan utzi behar izan zuen. Trukean, Frantziako tropak Pirinioez bestaldera itzuliko ziren.

Bizkaian gerrak izandako ondorio nabariena pilatutako zor handia izan zen, izan ere, Bizkaiko instituzioek aurre egin zieten gerrak sorrarazitako gastuei. Zor handi horren ordainketa banatzeko moduari buruzko eztabaidan agerian geratu zen oso iritzi ezberdinekoak zirela bilbotarrak eta gainerako bizkaitarrak. Desadostasun hori areagotu egin zen, nagusiki bi arrazoi zirela medio:

  • Oinarri ekonomiko arras ezberdinak: hiribilduan merkataritzaren garrantzia handiagoa nabarmentzen zelarik.
  • Lege-oinarri ezberdina. Bilbo fundatzeko forua erregearen emakida da. Jaurerriaren foru-antolamendu orokorra, berriz, ohiturazko kontua da.

Batzar Nagusietan erabaki behar zen zor hori nola banatu. Bertan, bilbotarrek (Bizkaiko populazioaren hamarrena baino gehiago ziren jadanik) ez zuten botoen %1a ere eskuratu. Abagune hori baliatu zuten arerioek beren irizpideak ezartzeko, bilbotarrekin inolako adostasunik bilatu gabe.

Jaurerrian nagusi zen elite horretako buruzagi nabarmenena Simon Bernardo de Zamacola izan zen azkenik. Hark, Bilborekin zegoen norgehiagokari jarraiki, hiribildu horretan, itsasadarraren beste aldean, orduan Abandoko elizatearen baitakoak ziren lurretan, portu berri bat garatzeko plan bat proposatu zuen 1801eko Batzar Nagusietan. Bere asmoa bete eta Batzar Nagusietan onartu egin zen proposamena, hala, itsas merkataritza jasoko zuen portuaren kudeaketa jaurerriko foru-instituzioen eskuetan geratuko zen Zamacolaren arabera. Zurrenik Bilboko etorkizuna suntsituko zuen egitasmo horren aurka azaldu ziren hiriko Udala, hiriko Eliza Kabildoa eta baita Kontsulatua ere, koroaren agintaritzaren aurrean apelazioa aurkeztu zutelarik.

Monarkia krisi sakonean zegoen eta bere interesak indartzeko abagunea ikusi zuen bizkaitarren arteko adostasunik eza baliatuta, izan ere, bi aldeek erregearen eta haren balidoa zen Manuel Godoyen atxikimendua bilatzen zuten, beren argudioak onartuak izan zitezen.

Koroa Zamacolak zuzendutako bandoaren alde egin zuen. Bando horretako pertsona ezagunenetakoa zen, era berean, jaurerriko korregidorea zen Luis Marcelino Pereira. Hala, 1801eko abenduaren 31n Abando garatzeko proposamena onartu zen eta 1803ko azaroaren 17an berretsi zen, bitarte horretan bilbotarrek hainbat helegite jarri bazituzten ere. Gainera, 1804ko uztailaren 1ean zera erabaki zen, portu berria, Bilboko Kontsulatuaren nahiari uko eginez, aipatu instituzioaren jurisdikziotik at izango zela.

1804ko uztailean egin ziren Batzar Nagusietan Zamacolaren bandoak bilbotarren aurka ukandako garaipena ospatu zen eta, horrenbestez, bere ospeak goia jo zuen. Diskurtsoa euskaraz eta gaztelaniaz irakurri zuen. Bertan koroarekiko kudeaketak iruzkindu zituen eta Bizkaiko sistema militar tradizionalaren aldaketa iragarri zuen. Bizkaiko interes orokorren alde egindako defentsagatik goraipatu zuten eta jaurerriko erregidore izendatu zuten.

Batzar Nagusietako ahalordeak beren herrietara itzuli ahala sistema militarrari buruzko berria hedatuz joan zen eta berrikuntzak harrera txarra izan zuen biztanleen artean. Proposaturiko sistema berriak foraltasuna errespeta zezakeen, baina ordutik aurrera soldaduak uniformez jantzita ibili beharko ziren. Haien antolaketa ere aldatu egin zen, izan ere, Bizkaiko tropen komandante bat jarriko zen lehen aldiz eta soldaduska nahiz alardeak arautu egin ziren. Horren aurrean, Zamacolaren arerioek, Bilboko burgesek, argudioak ikusi zituzten gainerako bizkaitarrak xaxatzeko errejidore berriaren aurka egiten zezaten. Gainera, erreforma koroari egindako emakida besterik ez zela esan zuten, koroak Abandoko portua garatzeko egitasmoa onartu zuelako. Eta litekeena da horren urrun ez ibiltzea.

Kontua zera da, Batzar Nagusietan onartutakoaren interpretazio partzial baten erruz (agian Zamacolaren arerioek baldintzatua), bizkaitarrek ulertu zutela ezkongabe guztiek errege-ejertzitoan sartzeko betebeharra zutela. Gainera, San Luis egunerako (abuztuak 25) mila eta bostehun bizkaitar beztitzeko uniformez betetako kaxak, haiek elikatzeko galleta-ogiak eta, lotuta, Bizkaitik kanpora erregearen zerbitzura eramateko sokak prest zirelako zurrumurrua hedatu zen.

Gorabeherak ostegunean, abuztuaren 16an hasi ziren, Begoña eta Abandoko elizateetan. Begoñan biztanleek hurrengo egunerako udal-asanblada bat deitzeko eskatu zioten Jose Nicolas de Batiz ordezkariari, Batzar Nagusietan plan militarrari buruz adostutakoaren berri eman zezan. Batiz Zamacolaren laguna zen eta planaren aldekoa. Horrenbestez, hasiera batean muzin egin zion herritarren eskaerari; azkenean, ordea, etsi egin behar izan zuen. Gorabehera horren ondotik, Begoñako bizilagunak Bilbora jaitsi ziren Zamacolaren, korregidorearen, Francisco Antonio de Aranguren kontsultariaren eta jarraitzaileen aurkako aldarriak oihukatuz. Hurrengo goizean Begoñako bizilagunek deitutako asanbladan plan militarraren kopia bat eskatu zioten Batizi. Hark ukatu egin zuen kopia hori ematea eta atxilotua izan zen. Horrenbestez, zepora eraman zuten elizateko beste ordezkariarekin batera. Begoñako bizilagunak erreformaren aurka azaldu ziren aho batez.

Haien helburu nagusia soldaduska egiteari zegokion neurria ekiditea zen, foru-ordenamenduaren aurkakoa zelakoan. Begoñako gertakariak berehala jakin ziren inguruetan eta Bilboko moilan.

Arratsaldean Begoñako asanbladako komisio bat jaitsi zen Bilbora korregidoreari plan militarraren kopia bat eskatzeko, modu horretan, azken Batzar Nagusietan onartutako aldaketak zehaztasunez jakingo zituzten. Pereirak eskatzen zuten kopia helarazi zien eta era baketsuan erretiratu ziren. Dena den, irakurri ostean bizilagunen asanbladak onartezintzat jo zuten plana. Hori zela eta, beste komisio bat (jendetsuagoa) bidali zuten Bilbora, agintariei plan militarraren aurka azal zitezela eta Abandon lekutzen zen jaurerriko arma-gordailuan zeuden eta Begoñari zegozkion fusilak hartzeko baimena eskatuz.

Diputazioak (Begoñako bizilagunek hartako lokalak hartu zituzten) onartu egin zituen eskaerak eta beste Batzar Nagusi batzuk ospatu artean plan militarra bertan behera geratzen zela azaldu zuten publikoki. Batzar Nagusiak hasiera batean abuztuaren 25erako deitu ziren, nahiz eta azkenik hilaren 22ra aurreratu ziren. Begoñako bizilagunak, beraz, Abandora abiatu ziren armen hartzera. Hori ikusirik, Diputazioko kideak Bilboko alkatearen etxera mugitu ziren, segurtasun bermea nahi baitzuten.

Hurrengo eguneko goizean, larunbatean, abuztuaren 18an, bizilagunen asanblada bat egin zuten Abandon. Bertan haien ahalordeek aurreko Batzar Nagusietan onartutako plan militar berria ezereztatzea erabaki zuten. Ondoren, Abandoko bizilagunek jaurerriko gordailuan gordetako fusil-sorta bat bereganatu zuten. Hala, elizate horretako eta inguruko beste batzuetako berrehun gizon baino gehiago Bilbora abiatu ziren fusilak hartuta. Han hainbat miaketa egin zituzten eta Diputazioko kideak preso hartu zituzten. Atxilotuak elizatera eraman zituzten, asanbladara. Han "lapur" eta "aberriaren traidore" modura tratatu zituzten.

Korregidorea, Jose Agustin Ibañez de la Renteria eta Pedro Jimenez Breton diputatu nagusiak eta Benito de Arechabala eta Diego Antonio de Basaguren jaurerriko idazkariak Abandoko udaletxean giltzaperatu zituzten, aurreko biurtekoan diputatu nagusi izan zen Pedro Francisco de Abendañorekin batera. Azken hori ere indarrez eraman zuten hara, azken hiletan bere erretiroko bizitokia zen San Francisco komentutik indarrez hartu ostean. Beranduago, plazara (egun Albia Lorategia lekutzen da) begira zegoen balkoira irtenarazi zituzten udaletxearen aurrean batutako jendetzaren eskakizunei erantzuteko. Bertatik matxinatuen aldarrikapen nagusiak jasotzen zituen idatzi bat irakurri zen. Aldarrikapen horiei bertaratuek egindako eskaerak gaineratu zitzaizkien. Horri eta berriro Batzar Nagusiak egin arte erreforma militarra bertan behera geratzen zelako albisteari esker, egoera baretu egin zen. Egoera hori baliatu zuten Bilboko pertsonaia ospetsu batzuek (esate baterako, Mariano Luis de Urquijo Estatuko idazkari ohiak eta Jose de Mazarredo almiranteak) agintarien askatasuna lortzeko, haien zaintzapean geratuko zirelako bermearekin.

Dena den, ezin esan giroa lasaia zenik. Gau guztian zehar patruilen mugimendu etengabeak izan ziren Abando, Begoña, Deustu, Barakaldo eta Bilbo artean. Matxinatuek miaketa ugari egin zituzten sistema militar berriaren egileak aurkitzeko eta haiek kinka larrian jarri zituzten frogak topatzeko. Luis Marcelino Pereira korregidoreak Batzar Nagusiak hilaren hogeita birako deitzeko dokumentu bat taxutu zuen eta Mazarredok dokumentu horren kopia ugari sinatu behar izan zituen elizate ezberdinetatik zetozen taldeei emateko. Iskanbilak ez ziren Bilbo eta inguruetako elizateetara mugatu. Abandotik zortzi edo bederatzi kilometrora, Barakaldoko bizilagunez osatutako talde batek jaurerriko kontsultaria eta haren idazkaria atxilotu eta Abandora eraman zituen. Halaber, erreforma militarraren aurka zeuden bizilagunek eragindako iskanbilak izan ziren Sestaon, Portugaleten, Gordexolan, Somorrostroko lau kontzejuetan, Lezaman, Loiun, Sondikan, Erandion eta Galdakaon. Arrigorriagan eta Etxebarrin.

Arratian merindadeko Batzar bat deitu zuen Dimara mugitu zen Zamacolak. Batzar horietan ibarraren segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea erabaki zuten, horretarako, hainbat bizilagunek armak hartu zituztelarik. Akordio horren albisteak bizkaitarren arteko balizko borroka armatu baten beldurra azaleratu zuen. Horrenbestez, Diputazioak armak ez hartzeko eskatu zien Arratiako bizilagunei. Zamacolak eta matxinatuengandik ihes egin zuten bere bandoko kideak Nafarroara egin zuten ihes. Han erregeordearen tropen babespean gorde ziren.

Abuztuaren hogeita bian hasi ziren, goizez. Uztaileko Batzar Nagusietan batzartu ziren ahalorde berak elkartu ziren gehienbat. Dena den, bertaratuen kopurua handiagoa izan zen bigarrenean, hainbeste non ez baitzen halako Batzar jendetsurik gogoratzen, Konbentzio-gerran zehar egin zirenak salbuetsita. Gogoan izan, azken horietan Gipuzkoara Bizkaiko tropak eramatearen komenigarritasunaz eztabaidatu zutela, izan ere, Frantziako ejertzitoa Gipuzkoan barneratua zen.

Batzarrak hasi orduko, korregidoreak aurreko Batzarretan onartutako plan militarraren kopia bat irakurri zuen gaztelaniaz eta euskaraz. Euskaraz irakurtzen zen kapitulu bakoitzeko gaitzespeneko halako marmar bat sumatzen zen batzarkideen artean eta, azkenik, Batzarrak plan hori bertan behera utzi zuen egun horretan. Horrez gain, erregeari sistema militar berria ordezkatuko zuen zerbitzu bat proposatzea adostu zen. Azkenik, milioi bat errealeko dohaintza baten eskaria zen egin zena. Batzar Nagusi horietan izan zen giroak ez zuen inolako zerikusirik uztailean izandakoarekin.

Zamacola eta bere jarraitzaileen nagusitasun hertsia desagertuta, hilabete lehenago haren alde esandako hitzak haren aurkako bilakatu ziren. Dena den, eztabaidetan ez zuten soilik Batzar Nagusiak berriro deitzea eskatu zutenek hitz egin, horrela aurreikus bazitekeen ere; izan ere, aurreko beste batzar batzuetan bezala ezadostasunak izan ziren, egoera tirabiratsua izan arren.

Batzar Nagusiak abuztuaren hogeita hamarrean amaitu ziren, diputazioko kideek dimisioan eman zutenen. Horrenbestez, diputaziorako kide berriak hautatu ziren eta batzarkideek beren herrietara itzuli ziren. Hala, plan militarra bertan behera geratu eta hartako sustatzaileek dimisioa eman edo ihes egin ostean, egoera barea zen berriz ere.

Gorteetan oso bestelako aldartea izango zen bizkaitarrek armak hartu zituztela jakin zenean. Denboran oso gertu zeuden Frantzian izandako altxamendu herrikoien ondorioak. Eta Bizkaiko gertakariei zegokienez, eredua beste euskal probintzietara igarotzeko arriskua gaineratu behar zen. Horregatik, monarkiak berehala eta irmoki erreakzionatu zuen albistea jaso bezain pronto.

Muzin egin zitzaien, Bizkaiko instituzioetatik igorrita, jaurerriarekiko leialtasuna mantentzen zela eta herritarrek lasaitasuna berreskuratu zutela zioten txostenei. Horrela, errege-ejertzitoko tropak bidali ziren hara eta baita epai-ordezkari bat ere, gertatutakoaren prozesu bat ireki zezan. Irailaren hogeita batean erregearen troparen abangoardia Bilbon sartu zen Benito San Juan brigadierraren buruzagitzapean, Bakearen Printzeko ohorezko guardiaren komandante zena. Tropa horien atzetik iritsi ziren beste batzuk. Hala, Bilbon bakarrik, lau mila soldadu batu ziren. Tropa horiek sartu eta ordu gutxira Francisco Javier Duran epaile-ordezkaria iritsi zen. Azken hori San Juanekin elkartu zen San Nicolas ostatuan.

1805eko maiatzaren 23an emandako epaiak Bizkaiko hirurehun eta hirurogeita zazpi gizon eta hamazazpi emakume kondenatu zituen eta besteak beste hauek izan ziren haien aurka ezarritako neurriak: sei mila dukateko isunak, erbesteratze zigorrak, zortzi urtera arteko espetxeratzeak edo, are, erregearen ejertzitoan zerbitzua emateko betebeharra. Ez zen heriotza-zigorrik izan, Zamakoladan zehar ez zelako hildakorik izan. Zalaparta gehien izan ziren herrietan, era berean, 1807ko martxora arte Bizkaian geratuko ziren tropa okupatzaileak mantentzeko gastuak ordaindu behar izan ziren. Bilbok erdia ordaindu behar izan zuen eta, horrez gain, hiriari "Txint Noble eta Txit Leial" tituluak kendu zitzaizkion. Beste laurden bat ordaindu beharko zuten Begoña, Deustu eta Barakaldo artean eta gainerako laurdena Erandio, Sondika, Loiu, Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao eta Gordexolak. Modu horretan, koroak hamaika milioi erreal jaso zituen. Horrez gain, beste miloi bat eskuratu zuen hirurogeita bost partikularrei ezarritako isunetatik.

Gainera, monarkiak epai hori eta Bizkaiko okupazio militarra baliatu zituen jaurerriaren egitura politikoa bere teoria absolutisten arabera aldatzeko. Beste aldaketa batzuen artean, korregidorea kendu zuen, ezinbesteko kargua zena, Bizkaiko foru-antolamendurako jaurerriko agintaritzaren ordezkari izaki. Horren ordez, Bizkaiko komandante nagusia eta Bilboko gobernadore militar eta politikoa ezarri zituen. Era berean, azken horren alboan alkate goren bat ezarri zen ordezkari gisa, korregidorearen eta Bilboko alkatearen tenienteak ordezkatuz.

Espainiako Independentziako Gerraren ostean, absolutismoa ezarri zenean, era berean, Zamakolada gertatu aurretik Bizkaian indarrean zen foru-antolamendua ezarri zen berriro. Dena den, argi geratu zen okupazio militar batekin Bizkaiko forua kolokan jar zitekeela. Hori erabakigarria izan zen ordutik aurrera Bizkaiko garapen politikoan eta baita Espainiako monarkiaren baitan ziren gainerako euskal lurraldeetan ere.

  • BARAHONA, Renato. Vizcaya on the Eve of Carlism. Politics and Society, 1800-1833. Reno: University of Nevada Press, 1989.
  • ESTÉVEZ RODRÍGUEZ, Xosé. Historia de Euskal Herria. II. Del hierro al roble. Tafalla: Txalaparta, 1999, 118-123 orr.
  • FERNÁNDEZ DE PINEDO, Emiliano. Crecimiento económico y transformaciones sociales en el País Vasco, 1100-1850. Madril: Siglo XXI de España, 1974.
  • AGUIRRE, Ignacio F. de: "El bicentenario de la Zamacolada: Simón Bernardo I. de Zamácola, un político moderno". Bilbo: Boletín municipal, julio de 2004, 36-37 orr.
  • EGIBAR URRUTIA, Lartaun de. "Notas para el estudio de la Zamacolada: el expediente instructivo sobre alteración de arbitrios aprobados en Junta General (1794-1798)". In GRACIA CÁRCAMO, Juan Antonio y MIEZA MIEG, Rafael María (koord.). Haciendo Historia: homenaje a Mª Ángeles Larrea. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2000, 447-480 orr.
  • GUEZALA JIMENEZ, Luis Antonio de. Conflictividad social y política en Bizkaia a finales del Antiguo Régimen: la Zamacolada. Euskal Herriko Unibertsitatean defendatutako tesia, 1996.
  • GUEZALA, Luis de. "La Zamacolada: un estado de la cuestión". Euskal Herriaren Historiari buruzko Biltzarra = Congreso de Historia de Euskal Herria / II Congreso Mundial Vasco (1987. Bilbo). Vol. IV. La crisis del Antiguo Régimen. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1988, 289-298 orr.
  • REGUERA ACEDO, Iñaki. "Nuevos datos sobre la Zamacolada: un análisis de los perseguidos por los insurgentes de la asonada de 1804". Bidebarrieta. Revista de humanidades y ciencias sociales de Bilbao 20. zbk. (2009), 57-69 orr.
  • RIBECHINI, Celina. De la Guerra de la Convención a la Zamacolada: Insumisión, matxinada, dispersión. Donostia: Txertoa, 1996.