Monarkia eta noblezia

Tibalt II.a

Nafarroako erregea (1253-1270).

Provinsen jaio zen (Île-de-France) 1239an eta Trapanin (Sizilia) hil zen 1270eko abenduaren 4ean. Aitaren, Tibalt I.aren, ondorengotza hartu zuen Nafarroako errege eta Xanpainako konde gisa 1253an, 14 urte zituela. Amak, Margarita Borboiko-Dampierrek, hartu zuen erregeordetza adin txikikoa zen bitartean.

Erregealdiaren lehen uneetan, nobleak erregeordearen inguruan bildu ziren. Tentsioz betetako garai izan zen, batetik Nafarroa eta Aragoi gnituen eta bestetik, Gaztelako Erresuma. Bai Nafarroako nobleziak, bai Aragoikoak mesfidantzaz begiratzen zioten Gaztelako Alfontso X.a erregearen politikari, eta Jakue I.a Aragoiko monarkak Alfontso X.a bere suhiarekin zuen etsaitasuna zela eta, erregeordetzak hitzarmena sinatu zuen Aragoiko monarkarekin, 1253ko abuztuaren 1ean, Tuteran. Hitzarmen horren bitartez, Jakue I.ak Tibalten interesak defendatzeko konpromisoa hartu zuen; Margarita edo Nafarroa gobernatzen zuen haren semeren bat gerran sartuko balitz, Aragoiko erregea bera etorriko litzateke laguntzera. Hitzarmen horren arabera, Jaime I.ak bere alabaren bat Tibaltekin ezkonduko zuela ere hitz eman zuen -hori ez zuen bete- eta Nafarroako erregea hilko balitz, tronua oinordetzan hartuko zuen Tibalten anaiarekin ezkonduko zatekeen alaba alarguna. Ituna 10 noblek eta Lope Arceiz-ek -Tuterako deanak- sinatu zuten. Ituna Monteagudon berritu zen 1254ko apirilaren 9an eta orduko hartan Tibaltek jardun zuen amaren ordez.

Egoera horren aurrean, Gaztelako erregea Iruñeko burgesengana hurbiltzen ahalegindu zen arrakasta handirik gabe, baina ez zuen inolako ekintza militarrik hasi.

Aitaren garaietan finkatutako "Foru Zaharrari" jarraiki, Tibalt II.ak 1253ko azaroaren 27an elizaren, nobleen, infantzoien, zaldunen, frankoen eta "Nafarroako herri guztiaren" foruak eta irekitasuna gordeko zituela zin egin zuen. Juramentu horretan, "Ugazabaren" pertsonaia sartu zen, erregearen tutore eta erregeorde eraginkor gisa, Margarita erregina alargunaren agintaritza alde batera utzita. Pertsonaia hori nobleek, zaldunek, ordenek, infantzoiek eta hiribilduetako frankoek aukeratu zuten eta 12 noblek osatutako kontseiluaren buru izango zen. Era berean, erregeak seneskala utzi behar zuen bera ez zegoenean eta seneskal hori ugazaba bera edota kontseilariek izendatutako pertsona izan zitekeen. Juramentu hura garai hartan mendebaldeko monarkia batek egindako botere-uzterik handiena izan zen. Erreinuak behartutako juramentuarekin desadostasunean, Tibaltek Aita Santuarengana eta Frantziako Luis IX.arengana jo zuen; izan ere, haien kontzeptu politikoek Nafarroako foruekin nabarmen egiten zuten talka. Hain zuzen ere, Aita Santuarengana jo zuen elizaren askatasunekin bateraezintzat jotzen zuen juramentua hartzera behartua izan zela argudiatuta, eta hartatik askatzeko eskatu zuen.

Luis IX.a errege frantsesak lehen unetik egin zuen Tibalten alde, eta horren adierazgarri, Isabel alabarekin ezkondu zuen (1255eko apirilaren 6an). Era berean, Gaztelarekin zituen harremanak arintzen lagundu zion; modu erabakigarrian eragin zuen eta Tibalt II.aren erregealdia zehaztu zuen. Frantziako monarkaren laguntzarekin, Tibalt Nafarroara itzuli zen bere agintaritza inposatzeko prest; frantsesen segizio oparoaz lagunduta, nobleak Lizarrara deitu zituen, leialtasuna zin egin ziezaioten eta omenaldia egin ziezaioten; hala egin zuten Iruña, Zangoza, Olite eta Tuterako hiribilduek ere. Lizarrako biltzarrean bertan adostasunera heldu ziren Iruñeko apezpikuarekin haren eta koroaren arteko hainbat gaitan; hala nola hiriburuko jurisprudentzien gaian eta Urrezko eta Monjardineko gazteluen gaian. Era berean, Xanpainako Geofroi de Bourlemont seneskal izendatu zuen eta bi urtez, 1257 arte, kargu hori izan zuen. Lizarrako biltzar hark erregealdiaren norabide politikoa zein izango zen adierazi zuen: ulermena botere erlijiosoarekin, orekazko harremanak goi-nobleziarekin eta esku gogorra infantzoiekin eta zaldunekin. Burgesiak, bestalde, erreforma administratiboen eta fiskalen alde egin zuen.

Aitaginarrebaren jarraibideei esker, bakea sinatu zuen Gaztelako Alfontso X.arekin Gasteizen, 1256ko urtarrilaren 1ean eta gaztelauak Hondarribia eta Donostia laga zituen. Urtebete lehenago, Frantziako erregeak Luis lehen semea, Gaztelako Alfontso X.a erregearen lehen alaba Berenguelarekin ezkontzeko prestaketak hasi zituen eta Teobaldo II.ak Parisera jo zuen bi erregeen enbaxadoreen artean sinatutako itunaren lekuko gisa. Nafarroako erregea 1255. urtean Nafarroara itzuli zenean, ezin zenez bere babeslearen aliatuarekin liskartuta egon, Nafarroako eta Gaztelako erregeen arteko etsaitasuna arintzen joan zen. Nafarroaren eta Gaztelaren arteko adiskidetasuna berretsita, Gaztelaren eta Aragoiren arteko harremanak ere lasaitu egin ziren. Erregealdiko ekimen beliko bakarra 1266an Gaskoinian koroa ingelesaren aurka egindakoa izan zen, Bigorra izeneko eremua Nafarroako koroan sartzearen ondorioz.

Tibalt II.a Frantzian bizi izan zen -aita baino gehiago- eta 5 bidaia besterik ez zituen egin Nafarroara. Erregealdiaren bigarren zatian, Launayko Clementek seneskal-gobernadore kargua hartu zuen (1258-1269) eta beste arazo batzuen artean, Araba eta Gipuzkoako mugetako ezegonkortasunari egin behar izan zion aurre, bidelapurren ondorioz.

Erreinuko administrazioa, frantziarren moduan, jauregian edo curia regian oinarritu zen eta zentralizazio horren ondorioz, bi erakunde sortu ziren: errege-kontseilua eta Cort (justizia-epaitegi gorena) delakoa. Errege-kontseilua nobleek osatzen zuten eta "ugazaba" eta seneskala izendatzen zituzten. Gorteko lanbideak administrazioko kargu gorenak dira: seneskala, txanbelana -bere aita Tibalt I.ak sortutako kargua, finantzez eta funtzionarioek errege-ogasunari aurkeztutako kontuak egiaztatzeaz arduratzen zena- eta kantzelaria. Kantzelaritza Nafarroako erabilera diplomatiko zaharrak eredu frantsesetara moldatzen joan zen, latina nazioarteko hitzarmenetarako eta hartzaile eliztarrentzat soilik erreserbatuta. Lurralde-antolaketa aurreko erregealdian xedatutako merindadeetan finkatu zen. Lurralde-barrutien antolaketa -garai bateko esparruak baino hedadura handiagokoak- bailegoen sistema frantsesaren antzekoa izango zen.

Bestalde, aitaren -Tibalt I.aren- antolaketa fiskala finkatu egingo da, etorkizuneko kontuetako ganberaren hazia sortuz. Creste de Sezanak eta Miguel de Undianok, erregearen zerbitzariek, administratu zituzten erregearen finantza-gaiak.

Cortek, apelazio- edo merkatu-alkateek eta lehen auzialdiko tokiko alkateek administratzen dute justizia.

Erreinuaren defentsa hiribilduen eta gazteluen -dagoeneko ez dira nobleen "ohoretan" ematen- gotortzeetan oinarritzen zen; lurraldearen defentsa orduan erregearen merio delako funtzionarioen esku zegoen. Horiek zerga- eta polizia-funtzioak betetzen zituzten merindadeen mugaketa berrietan.

Xanpainako etxearen ekarpen esanguratsuena osatzen duen erreforma-sistema horrek guztiak errege-agintaritzaren areagotzeari eta erreinuaren zentralizazioari erantzuten dio, nobleen lurralde-agintaritzaren aurrean, eta Evreux etxearekin amaituko da.

1270eko uztailean, Tibalt II.a Marseillan Lurralde Santurantz ontziratu zen Luis IX.arekin batera, bi monarkek 1267an jakitera eman zuten gurutzadan. Bi monarkek Cagliarin egin zuten topo eta han erabaki zuten gurutzada Tunisiara bideratzea. Luis IX.a Tunisian hil zen abuztuaren 25ean, kristauak garaile izan ziren batailaren hurrengo egunean. Tibaltek borrokan jarraitu zuen eta kristauen aldeko emaitzak izandako hainbat istiluren ostean, Tunisiako erregeak bakea sinatu behar izan zuen. Nafarroako monarka espediziotik bueltan hil zen, abenduaren 4ean, Trapanin. Kartagon ontziratu aurretik, izurritea harrapatu zuen eta testamentua egin zuen. Tibaltek ez zuen oinordekorik izan eta Henrikek hartu zuen oinordetzan Nafarroako koroa.