Monarkia eta noblezia

Tibalt II.a

Luis IX.a errege frantsesak lehen unetik egin zuen Tibalten alde, eta horren adierazgarri, Isabel alabarekin ezkondu zuen (1255eko apirilaren 6an). Era berean, Gaztelarekin zituen harremanak arintzen lagundu zion; modu erabakigarrian eragin zuen eta Tibalt II.aren erregealdia zehaztu zuen. Frantziako monarkaren laguntzarekin, Tibalt Nafarroara itzuli zen bere agintaritza inposatzeko prest; frantsesen segizio oparoaz lagunduta, nobleak Lizarrara deitu zituen, leialtasuna zin egin ziezaioten eta omenaldia egin ziezaioten; hala egin zuten Iruña, Zangoza, Olite eta Tuterako hiribilduek ere. Lizarrako biltzarrean bertan adostasunera heldu ziren Iruñeko apezpikuarekin haren eta koroaren arteko hainbat gaitan; hala nola hiriburuko jurisprudentzien gaian eta Urrezko eta Monjardineko gazteluen gaian. Era berean, Xanpainako Geofroi de Bourlemont seneskal izendatu zuen eta bi urtez, 1257 arte, kargu hori izan zuen. Lizarrako biltzar hark erregealdiaren norabide politikoa zein izango zen adierazi zuen: ulermena botere erlijiosoarekin, orekazko harremanak goi-nobleziarekin eta esku gogorra infantzoiekin eta zaldunekin. Burgesiak, bestalde, erreforma administratiboen eta fiskalen alde egin zuen.

Aitaginarrebaren jarraibideei esker, bakea sinatu zuen Gaztelako Alfontso X.arekin Gasteizen, 1256ko urtarrilaren 1ean eta gaztelauak Hondarribia eta Donostia laga zituen. Urtebete lehenago, Frantziako erregeak Luis lehen semea, Gaztelako Alfontso X.a erregearen lehen alaba Berenguelarekin ezkontzeko prestaketak hasi zituen eta Teobaldo II.ak Parisera jo zuen bi erregeen enbaxadoreen artean sinatutako itunaren lekuko gisa. Nafarroako erregea 1255. urtean Nafarroara itzuli zenean, ezin zenez bere babeslearen aliatuarekin liskartuta egon, Nafarroako eta Gaztelako erregeen arteko etsaitasuna arintzen joan zen. Nafarroaren eta Gaztelaren arteko adiskidetasuna berretsita, Gaztelaren eta Aragoiren arteko harremanak ere lasaitu egin ziren. Erregealdiko ekimen beliko bakarra 1266an Gaskoinian koroa ingelesaren aurka egindakoa izan zen, Bigorra izeneko eremua Nafarroako koroan sartzearen ondorioz.