Bitartean, 1903an martxan jarritako ekimen garrantzitsu hartaz gain, Piarres Broussain herriko kontseiluko kide izatera pasa zen eta 1905ean, Parisen Hazparneko alkatea bat-batean hil ondoren, Harriague Morroxko jauna alkate izendatu zuten, kargu hau modu arduratsuan garatu zuelarik, bere hautesleei agindu bezala.
Gainera, Broussainek ez zuen zalantzarik beste lagun euskaltzaleei laguntza eskaintzeko orduan. Garai hartan asko eta era askotara lagundu zion bere lagun Azkueri, bai Euskal Hiztegi Handia (Gran Diccionario Vasco) lana osatu eta argitaratzeko orduan, bai Kantutegia (Cancionero) osatzeko orduan.
Broussainen beste lorpenetako bat Cercle d'Etudes Euskariennes edo Euskararien Bilkura antolatzea izan zen. Hazparneko alkate euskaltzale gazteak antolatu zuen lehen bilkura Baionan, 1911ko azaroaren 9an. Bilera horretan Julio de Urquijok, Georges Lacombek, Albert Leonek, Henri Gavelek J.B.Daranatz eta Alexis Dourisbourrek parte hartu zuten, baina Constantin aita-semeak, Darricarrère eta Etchepare ezin izan ziren joan. Baina bilera gehiagotan parte hartu zuten, besteak beste: Azkue, Arturo Campion, Gregorio Mugica, Luis Eleizalde, Martin Landerretche edo Julien Heguy. Bestalde, Parisina Revue Internationale des Etudes Basques aldizkariak bilera horien guztien berri ematen zuen, eta horrela, euskal ortografia, euskal toponimia, atzizkiak eta abar. jakintsuen arteko hizketa-gai ziren; orduan garatu zen Euskal Herriko hizkuntza-mapa egiteko ideia.
1913an, Rudolf Trebitsch Vienako ikertzaile ospetsuarekin batera aritu ziren euskaltzale baionarrak. Ikerlari hark -Inperioko Zientzien Akademiaren laguntza- Europako hizkuntza guztietako soinuak biltzen zituen bere fonografoaren bidez, eta Euskal Herrian lan egiteko orduan lagundu zioten. Eta horri esker, 70 urteren ondoren, gaur egun, alkatearen beraren eta beste hainbat bizilagunen ahotsetik entzun dezakegu Hazparnen hitz egiten zen hizkuntza. Urte berean hartu zuen Broussainek Jauregizaharrenea jauregian Heinrich Winkler hizkuntzalari alemaniar ezaguna, eta Baionako bere lagunen artean sartu zuen.
1914-18ko gerrak itxaropen guztiak zapuztu zituen. Hazparneko familiek aurre egin behar zioten errealitate berri gogor eta tristeari. Gerra amaitu ondoren, kontseiluak erabaki zuen herriko plazan oroigarri eder bat eraikitzea, Zuzentasunaren eta Justiziaren alde bizia eman zuten herriko berrehun seme-alaben oroimenez.
Bitartean, Hegoaldeko lau aldundiek Oñatin antolatu zuten I. Eusko Ikaskuntzaren Kongresua; izan ere, 1918an Eusko Ikaskuntza sortu zen, eta 1919an, Euskaltzaindia, zazpi euskal lurraldeak barne hartzeko asmoz. Eta Eusko Ikaskuntzaren izenean Julian Elorza Hazparneko alkateak eta Euskaltzaindiaren izenean haren lagun Azkuek lortutako errekonozimendu handia aintzat hartuta, bakoitzak bere erakundeetako zuzendaritzan postu bana eskaini zioten. Piarres Broussainek 60 urte zituen, eta pozik entzun zituen eskaintzak, eta lanean jarraitu behar zuela pentsatu zuen: alde batetik, Janpiarre Larramendy Agerre lehen laguntzailearen esku utzi zuen bere kargua, eta, bestetik, Eusko Ikaskuntzarako eta Euskaltzaindiarako hainbat laguntzaileren laguntza lortu zuen.
Euskaltzaindiak txosten berezi bat egiteko ardura eman zion, Arturo Campionekin batera, erakundearen helburu nagusiak zehaztu eta euskara literarioari buruzko proposamen bat aurkezteko asmoz.
Jakina da 1920ko apirilaren 17an bildu zirela bi euskaltzainak, baina gero, apirilaren 26an, Campionek irakurri zuen elkarrekin egindako txostena, Broussainek ezin izan baitzuen Euskaltziandiaren bilerara joan, Paueko Kontseilurako eskatuta zegoelako. Baina, zoritxarrez, hurrengo egunean, Pauetik itzultzean, bat-batean hil zen.
Ezusteko heriotza haren ondoren, eta Azkue, Landerretche, Etchepare, Lacombe eta beste hainbat lagunek beren oroimena bizirik mantendu badute ere, aitortu beharra dago Piarres Broussainen figura bazterturik egon dela eta 58 urte behar izan direla, 1978ko apirilaren 16an zehazki, Hazparneko gazteek, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, omenaldi herrikoia merezi izan ziezaioten.