Hizkuntzalaria, teknologoa eta idazlea, Donostian (Gipuzkoa) 1947ko uztailaren 11n jaioa.
Industria ingeniaria, elektrizitate eta elektronikako espezialitatea, Nafarroako Unibertsitatean. Letretako doktoretza egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Zenbait hizkuntzatako lexikoaren modernizazioaren alderdi batzuk tesiarekin.
Elhuyar Kultur Elkarteko sortzaileetako bat izan zen 1972an, eta, ondoren, 2002an, Elhuyar Fundaziokoa. Bere ibilbide profesionala terminologia eta lexiko teknikoaren azterketan oinarritu da.
1981etik 1992ra Uzei Terminologia eta Lexikografiako Euskal Zentroaren zuzendari teknikoa izan zen. Euskara Zientifikoko irakaslea da TECNUN-Donostiako Ingeniarien Goi Eskolan, Nafarroako Unibertsitateko kidea, eta Ikerketa eta Garapeneko zuzendaria Elkar-en.
Hiztegi tekniko ugari sortzen parte hartu du: Fisika hiztegia(1980, Kimika hiztegia (1980), Kirol-arloko Kirolkidearen hiztegia (1982), Banka Hiztegian (1983), Teknologia mekanikoa (1985), Kirola/1: futbola hiztegia (1985), Glotodidaktika hiztegia (1987).
1987an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 2006an euskaltzain oso. 2008an hildako Henrike Knörr ordezkatu zuen Akademiako Ikerketa Ataleko arduradun gisa.
Euskararen Aholku Batzordeko kide izan da 1989tik 1993ra.
1992tik 1999ra Eusenor entziklopediaren proiektuaren zuzendari teknikoa izan zen, eta 1999tik 2004ra Plazagunea enpresan aritu zen lanean.
2004tik Asmoz Fundazioaren Hiznet Hizkuntza Plangintza masterreko irakaslea da.
- "Andoni Sagarna euskaltzain oso". En Plazaberri, enero de 2007. [Kontsulta data: 28-05-2013].
- Wikipedia. "Andoni Sagarna". [Kontsulta data: 28-05-2013].