Aldizkariak

Susa

Donostia,1979-1994

1978/79 ikasturtean, Donostiako EUTGn ikasten ari ziren hainbat lagun literaturaz berba egiteko tertulia informal batzuk egiten hasi ziren. Noizbehinkako bilera haien ondorioz, Tertulia izeneko orri sorta edo sasi-aldizkaria egin zuten. Tertuliakide gazte haiek, besteak beste, honakoak ziren: Xabier Aizpurua, Itziar Gillenea, Bittor Fernandez, Mikel Hernandez eta Josu Landa. Azken honek bultzatuta, orri marjinal haietatik aldizkari baterako pausua ematea erabaki zuten.

Euren poltsikotik ordainduta, 1979ko abenduaren 18an plazaratu zuten Susaren 1. zenbakia. 1978an Jakinen argitaratutako Nemesio Etxanizen artikulu autozentsuratu baten izenburu bera erabili zuten aldizkariaren izenerako. Letra oso txikiko orri sorta grapatua eta fotokopiatua (15'5 x 21'5) hamabi durotan jarri zuten salgai. 200 bat aleko tirada berehala agortu zen. EUTGko helbidea zekarren ale hark, fakultateko dekanoak diru-laguntza ukatu zien arren.

Josu Landa, Mikel Hernandez, Pablo Sastre, Iñaki Uria, Mikel Antza, Itziar Gillenea, Kike Amonarriz, Xabier Aizpurua, Ana Oiarbide eta Tere Irastortza izan ziren 1. alean parte hartu zutenak.

Sei hilabetera atera zuten 2. zenbakia, 1980ko apirilean. Formatu bera, baina tirada handiagoa, 500 ale. Bigarren zenbaki honetan erabili zuten lehengo aldiz aurrerantzean beti presente izango zen Susaren logotipoa. Egilea Rafa Serras zarauztarra izan zen.

Guztira atera ziren 33 zenbakitan zehar, asko izango dira errebistan kolaboratuko duten artistak azalak diseinatzen edota barruko irudiak marrazten: Rafa Serras, Julio Pardo, J.M.Zabala, Garbiñe Ubeda, Xabier Etxebeste, Jin Garrido, Joxemi Zumalabe, Leire Albisu, Aitor Bayo, Leire Arzuaga, Luis Etxeburua,...

2. zenbakitik 3.era EUTGrekiko haustura sortuko da. Unibertsitatekoa ez zen jendea hurbilduz doan heinean. Josu Landa Argian hasiko da buru-belarri eta bertan behera geratuko dira tertuliak.

Lehenengo bi aleei underground kutsua darie, baina Josu Landa, Iñaki Uria eta Mikel Antza Argian sartzeaz bat, eraldaketa nabarmena izango da. Itxura bera ere aldatuko zaio 1981eko maiatzeko 3. zenbakiari, Argiak zeukan formatu eta paper bera hartuz. Argiak ez die dirurik emango, baina azpiegitura, inprenta, papera eta kudeaketan erraztasunak eskainiko dizkie eta baldintza hauek aldizkariaren iraupena ziurtatuko dute.1982ko urtarrileko 4. alean, Susa Argia garaian sartuko da eta Zeruko Argia enpresaren babesa izango du azken zenbakira arte.

Argian sartzeak ekarri zuen dinamika ez zuten denek begi onez ikusi eta tira-birak sortu ziren erredakzioan. Horrek eragin zuen taldekide batzuk Susatik aldentzea eta berri batzuk hurbiltzea, bereziki Argia ingurukoak.

Ordura arte maiztasun jakinik ez zuen aldizkaria hiruhilabetekari bihurtzea erabakiko dute. Lan-dinamika antolatuagoa izan zuten bai epeei eta baita funtzionamenduari dagokionez ere.

Hainbat herritan errezitaldiak eskaintzen ere orduantxe hasi ziren. Tolosan izan zen lehenengoa 1982an, hurrengoa Donostian. Hasierakoak, errezitaldi soilak, gero antzerkia gehituz eta azkenik musika zuzenean eginez, batez ere 1983tik aurrera. Herri askotan aritu ziren, baina emanaldi sonatuena 1986ko UEUkoa izan zen.

1983ko azaroan argitaratu zuten lehenengo liburua: Xabier Montoiaren Anfetamiña. Gertaera horrek aldizkaria eta aldizkariaren inguruan zegoen dinamika betirako baldintzatu zuen.

Liburuak argitaratzearena halabeharrezko pausoa izan zen: Xabier Montoiak poema-liburu bat zeukan; batetik bestera ibili zen non argitaratuko, eta ezinezkoa. Poesia ez zitzaien argitaletxeei interesatzen. Arrazoi horrek bultzatu zuen Susa, Argiaren laguntzarekin, argitalpenaren ardura bere gain hartzera. Argiak fotokonposaketaren aldetik jartzen zieten erreztasunak kontutan hartuta, euren kabuz argitaratzera ausartu ziren. Ez zuten etorkizunera begira inongo asmo berezirik, liburu hura kaleratzea besterik ez. Baina ereindako hazi hark argitaletxe bilakatzeraino eraman zituen.

Liburuen argitalpenak handitzen eta sendotzen zihoazen heinean, aldizkaria apur bat ahultzen joan zen, arreta guztia ez baitzuen azken honek bereganatzen. Baina liburuek ez zuten dinamikotasuna aldizkariak eskaintzen zuen; liburura iritsi aurreko esperimentatzeko lekua zen aldizkaria, trebatzeko plataforma ezinhobea.

1984/85era arte, erredakziora iritsitako ia idazlan guztiak kaleratu ziren aldizkarian. Sasoi hartan, poesia ez zen aintzat hartzen eta ez zitzaion baliorik aitortzen, eta hori publikoki aireratzen zuen jendeak. Susakoek erreakzionatu egin zuten joera horren aurrean, poesiari plaza bat eskainiz. Liburuekin antzeko zerbait. Iritsi ziren liburu guztiak argitaratu zituzten. Poema liburu bat ateratzea errebindikazio bat zen bere horretan.

Aldizkariak eta liburugintzak ezarritako talde dinamika desegiten hasi zen 1986 aldera. Ez zuten dagoeneko talde bezala funtzionatzen; batzuk liburuak idazteari ekin zioten, beste batzuk antzerkiaren bide hartu zuten, kazetal proiektuetan buru-belarri pare bat,...

Harpidetzak gehitzeko asmoz, 1986ko ekainean The Susa News lau orrialdeko doaneko berripapera plazaratu zuten aldizkariaren bozgorailu moduan. Bertan ordura arte aldizkarian agertutako hainbat idazlanetako pasarteak errekuperatu zituzten "Flash back" atalean, Susa aldizkariarenaren historiaren nondik norakoak jaso zituzten eta liburu berriei buruzko iruzkinek ere izan zuten euren tartetxoa.

Jendeak gero eta idazlan gutxiago bidaltzen zienez, monografikoak sistematikoki egiteri ekin zioten, batez ere 18. zenbakitik aurrera (1986ko uztaila). Beranduxeago gehigarriak iritsiko ziren. Kartzelari buruzko ale monografikoan (23-24.zkia-1989ko ekaina) Herrera de la Manchako kartzelan presoek ateratzen zuten Martxan aldizkariaren 7. zenbakiaren faksimilea argitaratu zuten. Gehigarrien ideia asko gustatu zitzaien eta ordutik aurrera gehigarriak beti egon ziren presente amaierara arte.

25. zenbakitik 29.era (1990-92) Iñigo Aranbarri izango da koordinatzailea eta formatu aldaketa ekarriko du, aldizkariaren neurriak handituz (24x33'5). 30.zkitik 33.era (1993-94) Gorka Arrese arduratuko da aldizkariaz.

Azken aro honetan Lubaki Bandaren eskutik iraultza eta erreleboa iritsi ziren. 30. zenbakia (1993ko maiatza) prestatzen ari zirela, bultzaka zetorren 17/18 urteko literaturzale gazte talde bat ezagutu zuten eta euren eskuetan utzi zuten aldizkaria, nahiz eta koordinazio orokorraz eta fotokonposizioaz Gorka Arrese bera arduratu. Jarrera berri baten alde apustu egite aldera, ohiko kolaboratzaileei ateak itxi zitzaizkien. Gaztetxoena zen espazioa.

Asier Serrano eibartarrak bildu zituen poesia eta literatura maite zituzten hainbat gazte, Urruzuno lehiaketako bidaietan elkar ezagututakoak gehienak. Asierren deialdiari erantzunez, Zarautzen egin zuten juntadizoa bazkari baten bueltan, behin UBIko azterketak eta selektibitatea amaitu ostean, 1993ko ekainean. Iparraldeko, Bizkaiko eta Nafarroako partaide banaz aparte, gipuzkoarrak ziren gainontzekoak.

Idazle gazteek euren lanak argitaratzeko plataforma izatea nahi zuten, sariketek sortzen zuten menpekotasunetik at. Idazle berrien falta azpimarratuz Xabier Mendiguren Elizegik Argian 1992an idatzitako "63ko uzta" artikulua izan zuten akuilu banda sortu eta aldizkaria kudeatzeko. 1993ko UEUko literatur jardunaldietan altxatu ziren krisi ahotsak ere pizgarri izan ziren. Horrela, Pott Banda idealizatu baten ereduari segituz, 1993ko azaroan kaleratu zuten Susaren 31. zenbakia. Idazlanak sinatu zituzten gaztetxoak, Xabier Aldai, Garikoitz Berasaluze, Harkaitz Cano, Eluska Fernandez, Xabier Gantzarain, Josu Goikoetxea, Lierni Ibargutxi, Ibon Iribarren, Arantxa Irigoien, Ander Izagirre, Saioa Muguruza, Manex Mujika, Mikel Reparaz eta Asier Serrano izan ziren.

Taldearen lehen agerpen publikoa, nahiz eta Lubaki Banda bezala izan ez, 1993ko urriaren 9an Euskal Idazleen Elkarteak Donostian antolatu zuen I. Poesia Egunean izan zen. Dena dela, aurkezpen ofiziala Eibarren egin zuten "Literatura astea"ren barruan, 1993ko azaroaren 18an.

Argitaletxeen, erakundeen, eta Euskal Idazleen Elkartearen jokabideak salatuz, 1987an Susako beteranoek plazaratu zuten lehenengo manifestua eta orain Lubaki Bandakoen txanda zen, eta gehigarri moduan plazaratu ere beraiena: "Atzazalez urratzen dugu bidea". Hedabideetan oihartzun handia izan zuen manifestuak, horixe baitzuen helburu, baina horrek berak bandaren gainbehera azkarrarekin zerikusirik ere izan zuen.

Susakoen ohiturei jarraiki, poesia errezitaldiak egin zituzten, askotan musikaz eta proiekzioez lagunduta. Dozenaka jendaurreko emanaldi eta errezitaldiren ostean, poema musikatuen maketa bat ere jarri zuten salgai 1994ko Durangoko Azokan.

Hiru ale eta urtebeteren buruan, Susa proiektua utzi zuten eta euren bideak jorratzeari ekin zioten, sona handiko idazle zein artista bilakatuz horietako batzuk gerora. Testamentu moduan, Euskal Idazleen Elkartearen enkarguz, literatur egutegi bat utzi ziguten Lubakikoek 1995eko irailean, 80ko hamarkadan "Akademia Sekretua"k egin zuen moduan.

Lubaki Bandarekin amaitu zen 1994an Susa aldizkariaren hamabost urteko ibilbide oparoa.