Literatoak

Sastre, Pablo

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Madril, 1958.

Pablo Sastre Forest Madrilen jaio zen 1958ko apirilaren 13an. Alfonso Sastre antzerkigilearen eta Eva Forest editorearen bigarren semea da, eta hamasei urte zituela etorri zen Euskal Herrira. Nerabezaroan hasi zen gaztelaniaz idazten, eta euskaraz ere hainbat artikulu kaleratu zituen gazte zelarik Susa eta Argia aldizkarietan, besteak beste. Euskal Herriko zenbait egunkaritan ere artikuluak idatzi izan ditu, hala nola, Eginen eta Berrian. AEKn eta nekazarien kooperatiba batean egin du lan.

Nobelagintzaren bidean eman zituen lehenengo pausoak Pablo Sastrek, bai eta indartsu eman ere; izan ere, bi urtean hiru eleberri kaleratu zituen: Mugarria (Elkar, 1982), Hotel magikoa (Susa, 1984), Petritegin aurkitutako zinta (Elkar, 1984). Nobela laburrak dira, euskaraz idazten hasi den idazlearen kezkak (literaturari nahiz hizkuntzari lotutakoak) islatzen dituztenak. Alabaina, obra horietan agertzen diren zenbait kezka interesgarriak dira Sastrez hitz egiterakoan, egilearen geroko nobelagintza eta ipuingintza helduagoan funtsezkoak baitira: egoera politikoak eragindako arazoak, borroka armatuarekin pertsonaiek daukaten konpromisoa, kanpotarren integrazioa Euskal Herrian, etab. agertzen dira, esaterako, Petritegin aurkitutako zinta lanean.

Hori argitaratu eta bi urtera kaleratu zen Joxemi (Susa, 1986) lana. Nobela politikotzat jo izan da, gorabeheraz eta zenbait abenturaz hornitua. Euskal Herriak jasaten duen zapalkuntzari aurre egin nahi dio bertako protagonistak, eta horretarako erabaki irmoa hartzen du: daukan guztia utzi eta Luis lagunarekin (jatorriz gailegoa baina Euskal Herrian hazitakoa da) Hegoamerikara abiatzen da, bere asmo nagusia betetzeko estrategiari jarraiki.

Joxemi argitaratu ostean, hainbat urtez baztertu zuen nobelagintza madrildarrak eta, bere hurrengo nobela handik hamalau urtera kaleratu zen: Henriren irudia (Susa, 2000). Euskal Herria dela ematen duen herrialdean kokatzen da istorioa, eta Xan da protagonista, "barruan" egon den pertsonaia, orain Henri burkidearen bila dabilena. Bilaketa hori da, hain zuzen, idazleak liburua osatzen duten gainerako pertsonaiak, lekuak eta hausnarketak agerrarazteko aitzakia.

Handik bi urtera Joseba Jaka beka irabazi eta eleberri berria idatzi zuen Sastrek: Leuropa (EEF-Susa, 2002), ziur aski bere lanik onena. Etorkinen gaia berreskuratu zuen Leuropan madrildarrak. Bi pertsonaia ditugu ardatz: Andoaingo kamioilari bat eta bere lagun marokoar Euskal Herriratua. Biek Gipuzkoatik Marokora egiten duten bidaia kontatzen du nobelak, eta bi pertsonaia horien helburua marokoar herritarrak kamioian hartu eta Europara ekartzea da. Alabaina, pertsonaiek ez dute interes bera: kamioilariak negozioa dakusa ekintza horietan, diru-truke egiten baitu lana. Lagunak, ordea, ez dauka inongo maltzurkeriarik, askoz ere zintzoagoa da eta kamioi-bidaia horietan bere jatorriko herritarrei laguntzeko aukera ikusten du, ez negozio hutsa.

Gaurkotasun handiko gaia da, bada, nobelan ageri dena, nahiz eta argitaratu zenetik zortzi urte igaro diren. Bestalde, aipagarria da, Sastreren estilo propioa ez ezik, narrazioa kontatzeko modua ere: Saki kamioilariaren laguna da narratzailea, eta lehenengo pertsonan narratzen du istorioa ahozko hizkeratik aski hurbil. Horrek hainbat irakurle eta kritikariren goraipamena jaso du, egilea ahozko erregistrora dagokion moldez eta neurriz hurbiltzen delako: "Nobelan hizkera miresten dut (...) Zenbait zertzelada berri aurkezten duen hizkera miresten dut, ahoskera eta ahozkotasun bizi eta malgua da hau" (Kortazar, El Pais).

Leuropa argitaratu eta bi urtera Elurren hotsak (Susa, 2004) eleberriak ikusi zuen argia, eta egungo gizartearekin Sastrek sarri erakutsi duen kezka ageri da bertan. Sei atal biltzen ditu liburuak, eta Andoain da kokagunea, bertako herritarren ahotsek osatzen duten Andoain. Idazlearen kezka nagusia, baina, desagertzear dagoen (andoaindar) belaunaldi baten berri ematea da. Aipatzekoa da, aurrekoaz gain, joko-modukoa egin zuela Sastrek lan honetan; izan ere, aurreko eleberrian agertutako zenbait pertsonaia berriro ere agertzen edo aipatzen dira, hala nola, oraingoan Martuteneko kartzelan dagoen kamioilaria.

Enpleguaren arbola (Susa, 2006) eleberriak aurretik Sastreri ezagutzen genizkion lekuak eta gai batzuk biltzen ditu: Andoain da honakoan ere gertaleku, eta immigrazioaren gaia baliatzen du egileak egungo sistema ekonomikoaren kritika egiteko. Mixa errusiarra da protagonista, hilabete gutxi dira Andoainen bizi dela, eta diru apur bat (400 euro ziztrin inguru) lortze aldera, lan-munduan sartzeko programa batean ari da lanean, industrian. Pertsonaia nagusia bera bada ere, programa horretan lankide dituen gainerako etorkinak ere protagonista direla esan daiteke.

2009an, azkenik Alabaren irudiak eleberria kaleratu zuen madrildarrak Maiatz argitaletxean.

Pablo Sastre eleberrigintzaren bidetik indartsu hasi zela esan dugu arestian; alabaina, nobelak ez ezik, garai bertsuan ipuin-liburuak ere argitaratzen hasi zen. Orotara bost ipuin-liburu kaleratu ditu azken hogeita bost urteotan, eta horietarik lehenengoa Kontuak (Elkar, 1985) izan zen.

Hamar ipuin biltzen ditu liburu horrek, eta ipuin-bildumetan aurkitu ohi dugun batasunaren arrastorik ia ez dago bertan. Izan ere, anitzak dira bertan aurkitzen ditugun testuak, gaiari nahiz generoari dagokionez: batzuk maitasunarekin dute lotura, beste batzuetan umorea gailentzen da, badira beldurrezkoak ere, etab. Sarri abiapuntu onak izan zituen eskura egileak, baina ezin esan daiteke kasu guztietan eskuetan zerabiltzan istorio eta hariei ahal besteko etekina atera zienik.

Kristalezko bularrak (Susa, 1990) da madrildarrak kaleratutako bigarren ipuin-liburua, eta bertako istorioetan egilearen literatur heldutasuna nabaria da; azken batean, ordurako bost liburu zeuzkan kalean. Bada, ipuin-liburu horretan aurrekoan ageri ez zen batasuna daukagu gaiei eta estiloari dagokienez. Donostiako kanpoaldean daude kokaturik, eta hasiera eta amaiera zehazdun ipuinak baino, pertsonaia zenbaiten bizimodutik ateratako pasarteak dira. Kutsu errealista nabaria da istorioetan nahiz egileak pertsonaien ahotan jarritako hizkeran.

Bi urte igarota, baina, beste bide bat hautatu zuen Sastrek Mariaren mendea (Susa, 1992) lanean. Bi ipuin luze biltzen ditu lanak ("Mariaren mendea" eta "Hautsi du negua", eta bietan da oinarrizkoa gazka politiko-militarra (gerra, gerraostea, frankismoa, etab.).

Salaketa baten ondorioz, 1951n lau maki aurkitu eta hil zituen guardia zibilak. Bada, azkenengoz orduan ikusitako gizona aurkitzen du protagonistak ia berrogei urte igarota. Gertaera eta topaketa horiekin batera, edo horien harira, Goizuetako familia baten gorabeherak kontatzen ditu egileak, XX. mendeko Espainiako Gerra Zibilarekin hasi eta 1980ko hamarkadaren amaierara arte. Giro historikoaren garrantzia, bada, izugarri handia da nobela. Bigarren ipuinean, aitzitik, tentsioa da nagusi: iheslari gazte bat da protagonista eta, hain zuzen ere, ihesean dabilela maitemindu egiten da.

Pablo Sastrek orain arte kaleratutako azken ipuin-bilduma Gauzak apur bat konplikatu dira (Elkar, 1998) da, eta gaztelaniaz ere argitaratu zen: Las cosas se han complicado un poco (Hiru, 1998). Liburuak hiru ipuin biltzen ditu, eta bizitzan sarri gertatzen den egoera dute ardatz hirurek, hots, inork bilatu gabe berez agertzen edo sortzen diren arazoak, nahiz eta hiru ipuinotan agertzen diren arazoak aski larriak izan. Lehenengo ipuinak ("K.ren egunkaria") egunkari-itxura dauka, eta Bigarren Mundu Gerran naziengandik ihesi dabilen familia judutar bat Baiona Ttipian gordeta dagoenekoa kontatzen du. Bigarren ipuinean ("Fuster-en testimonioa"), berriz, Bartzelonara heldu berri den emakume ezezagun batekin maitemintzen da polizia-komisario bat. Hirugarrenean ("Gau bateko distira"), azkenik, amamarekin bizi den gaztea da protagonista: etxea bota nahi diete urbanizazioa egiteko, inork aurretik ezer esan gabe. Gainera, sabotaje bat egin du baten batek, eta gazteari leporatzen diote...

Ipuin-liburu eta eleberriez gain, azken urteotan bi saiakera interesgarri kaleratu ditu Sastrek. Bietan ageri dira egileak egungo gizartearen inguruan dituen kezka nagusiak, eta mendebaleko gizarte industrial eta postindustrialaren kritika sakona egiten du.

Gauzen presentzia (Elkar, 2007) lanak kutsu soziologiko nabarmena dauka. Elkar argitaletxeko "Eztabaia" sailean kaleratu zen, eta gauzak, egunerokoan inguratzen gaituzten objektuak, ditu aztergai, horien azterketaren bidez gure izaera eta gure izaeraren bilakaera zer nolakoak diren ikus daitekeelakoan. Historian zehar zer eduki dugun eta edukitako horrekin nola jokatu dugun du hizpide madrildarrak. Halaber, objektu horien jatorriaz ere hausnarketa argigarriak egiten ditu, hainbat eta hainbat iturri baliaturik.

Gizajendearen ahiztea (Elkar, 2010) da, bestalde, Sastrek kaleratutako azken saiakera. Azpititulua ikustea nahiko da zer gai jorratzen duen ikusteko: Gizon-emakumeen sentimenduez hirugarren industria-iraultzaren garaian. Esan nahi baita, berriro ere bizi dugun garaiaren inguruko kezka, mundu hori osatzen duten elementuak eta gizakien arteko sentimenduak gogoan hartuta: hirien bilakabidea, sentimenduen interpretazioa, eskolaren lekua haurren hezkuntzan, lana edukitzearen eta lan egitearen garrantzia, heriotza, ekonomia, etab. jorratzen ditu madrildarrak liburu honetan, jada aurreko liburuan ageri zen ikuspegi ezkorrari eutsiz.

  • APALATEGI, Ur. "Leuropa (2002)". Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua. [Kontsulta data: 2012-04-27].
  • Armiarma. Literaturaren Zubitegia. "Pablo Sastre". [Kontsulta data: 2011-04-19].
  • KORTAZAR, Jon. "Leuropa". El País. 2002-07-29.
  • ROJO, Javier: "Henriren irudia. Irudi eutsiezina". El Correo. 2001-09-19.