Literatoak

Mendiguren Elizegi, Xabier

Xabier Mendiguren Elizegi Beasainen (Gipuzkoa) jaio zen 1964an. Gaztetan euskaltzaletu zen, eta Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen (EHU) eta Hispaniar Filologia UNEDen. Hogei urte inguru zituela hasi zen garaiko zenbait aldizkaritan lan txikiak argitaratzen, eta 80ko hamarkadaz geroztik, Elkar argitaletxeko editore-lanak egiten ditu. Gaur egun euskal literaturako egile oparoenetarikoa da; izan ere, azken hamarkadan ia urtero kaleratu du lanen bat. Literatur jenero gehienak jorratu ditu: ipuingintza, eleberrigintza, haur- eta gazte-literatura, autobiografia, antzerkia, blogetako artikulugintza, etab. Halaber, hainbat sari irabazi ditu, hala nola, honako hauek: Telesforo Monzon, Lizardi, Toribio Altzaga, Bizenta Mogel, Tene Mujika, Donostia Hiria eta Pedro Inazio Barrutia sariak.

Xabier Mendiguren Elizegi 90eko hamarkadan hasi zen eleberriak idazten. Hain zuzen ere, 1994an Txomin Agirre nobela saria irabazi zuen Bekatuaren itzala lanarekin. Protagonista herri txiki bateko abade izendatu berria da, eta serorak nahiz bere alabak sortzen dioten erakarpen sexualari egin behar die aurre, haragizko bekatuaren aurkako borroka etengabea burutuz.

Berriro igo nauzu nobela 1997an argitaratu zuen beasaindarrak, eta bere eleberrigintzako mugarrietako bat da. Izenburua Lizardiren poema batetik dago harturik, eta nobelak kartzelan hamazortzi urte igaro ondoren Joxe Garmendia "Marmitte" etakidea etxera itzuli osteko lehenengo egunen berri ematen du. Literatur kritikariek Mendigurenek narrazioan bigarren pertsona erabili izana nabarmendu zuten testuaren alde. Ziurrenik Berriro igo nauzu da Mendiguren Elizegiren eleberri anbiziotsuena, eta kritikak nahiz irakurleek harrera ona egin zioten, oro har.

Berriro igo nauzu argitaratu eta urtebetera Gure barrioa 1975 (1978) kaleratu zuen beasaindarrak. Laburra izanagatik, aipatu beharreko lana da; izan ere, gerora sarri landu izan duen bide berria zabaldu zuen: oinarri gisa gazte-denborako oroitzapenak eta, zenbaitetan, autobiografia duten lanen bidea. 1975ean giro kaletarrean (barrioan) bizi den hamaika urteko gaztearen ibilerak kontatzen ditu eleberriak: neska-mutikoen arteko harremanak, sasoiko egoera politikoa, etab. ageri dira, eta protagonisten eta egilearen arteko bat etortzeak begi-bistakoak dira.

1999an Nerabearen biluzia eleberriak ikusi zuen argia. Lan horretan, egileak nabarmen indartu zuen eduki autobiografikoa, eta aurreko lanetan fikzioak zuen edo izan zezakeen pisua arinduta, Mendiguren Elizegi 14-18 urte zituen garaira itzuli zen. Garai hartan egileak eta bere ingurukoek izan zitzaketen kezkek (maitasuna, erlijioa, literatura, etab.), orduko mundu-ikuskerak eta apurka-apurka azaleratzen diren gai berriek osatzen dute eleberria.

XXI. mendearekin batera, Errekarteko koadernoa (2001) kaleratu zuen Mendiguren Elizegik. Lana definitzea gaitza da; izan ere, autobiografiaren, saiakeraren eta eleberriaren arteko mugak lausotzen dituen obra da. Errekarteko koadernoan haurtzarora jo zuen egileak, baina aurretik egindakoa berregiteko baino, bere aitona eta haren bizileku "Errekarte Haundia" baserria gogoratzeko. Oroitzapenak, gogoetak eta beste egile batzuen testuak baliatu zituen beasaindarrak lan honen garapenean, eta aitona ia ezezaguna aitzakia besterik ez da, egileari aitonak ezagututako munduari eta nortasunari buruzko hausnarketa egitea ahalbidetzen diona. Halaber, liburuaren beraren idazketa-prozesuaren gorabeherak eta argi-ilunak azaltzen ditu egileak lanean bertan.

Hurrengo eleberrian gazte-sasoiko oroitzapenak berreskuratu zituen beasaindarrak, eta Uda betiko balitz (2003) kaleratu zuen. Eleberrian apurka-apurka nagusi egiten ari den ume protagonistak udalekuetan igarotzen dituen hiru uda (1976koa, 1978koa eta 1980koa) kontatzen dira. Bada, udak igaro ahala, protagonistaren garapena erakusten du idazleak: 1976an bihurrikeriatan zebiltzan umeak begirale dira 1980an, eta bihurrikeriatan dabiltzan umeen atzetik ibiltzen dira.

Arbelaren gainean 2004an argitaratu zen, eta, nolabait esatearren, Errekarteko koadernoa obraren osagarri da. Gaitza da 2004ko laneko gai nagusia zein den zehaztea; izan ere, egileak etengabe harilkatzen ditu hainbat gai, istorio, hausnarketa, iruzkin eta testu. Itsasondokoa zen beasaindarraren ama, eta Itsasondo da liburuan ageri diren pertsonaia garrantzitsuenak lotzen dituen lekua. Eleberriaren izenburua ere Gipuzkoako herri horri dago loturik; izan ere, arbel-harrobiak zeuden bertan. Errekarteko koadernoa-rekin bezalaxe, oso zaila da Arbelaren gainean lana literatur genero bakar baten mugetan sartzea, eta horrek aski interesgarri bihurtzen du, genero-hibridazioak ematen dituen aukerak aztertze eta garatze aldera.

Arbelaren gainean argitaratu ondoren, hiru urte igaro ziren Xabier Mendiguren Elizegik hurrengo eleberria argitaratu zuenera arte. Elvis hil zen urtean (2007) dauka izenburua, eta gazte-denborako oroitzapenak baliatu zituen Jose Inazio Etxezarreta protagonista duen adiskidetasunari buruzko eleberria idazteko.

Beste hiru urte igarota, oroitzapenak eta aurreko nobeletan erabilitako gaiak bazterturik, 1.002. gaua kaleratu zuen beasaindarrak 2010ean. Lana XVI. mendean dago kokaturik, eta Chiara Veneziako dogoaren alabaren ibilerak kontatzen ditu; izan ere, ezer izatekotan, honakoa abenturazko nobela da. Gurasoek antolatutako ezkontzako ezkongaiak dira Chiara bera eta Dalmaziako printzearen seme Simeon. Bada, ezkondu ostean Chiarak senarra uste ez bezalakoa dela ikusten hasten da, eta ihes egiten du. Alabaina, piratek bahitu egiten dute eta Afrika aldera daramate.

2011n, beste alde batetik, Sakoneta eleberri laburra kaleratu zuen beasaindarrak. Argitalpen-prozesua ez zen ohikoa izan, lehenbizi interneten kaleratu baitzen, Sustatu gunean. Argitalpena egunez egun egin zen, eta argitalpen-mota horrek irakurleen eta egilearen arteko hartu-emana ahalbidetu zuen. Joko gisa edo, Berriro igo nauzu eleberriko protagonista berreskuratu zuen egileak lan honetarako.

Xabier Mendiguren Elizegiren lehenbiziko ipuin-bilduma Sei ipuin amodiozko (1986) izan zen, eta izenburuak berak ondo laburbiltzen du zein den obraren edukia: sei ipuin daude, eta ipuinak uztartzen dituen haria amodioa da; alabaina, ipuinotako amodioa ez da espero litekeen "amodio arrunta", ñabardura makabro nabarmena baitauka. Aipatzekoa da narrazioetan zehar eta, batik bat amaiera aldean, egileak irakurlea harritzeko daukan trebezia, obra honetan ez ezik, hurrengoetan ere.

Handik sei urtera agertu zen ildo bereko hamalau ipuinez osatutako Hamalau (1992) bilduma simetrikoa. Egunerokotasunari loturik daude ipuinok, eta aurreko ipuin-bildumak ageri ziren ezaugarriak ageri dira bigarren ipuin-liburuan ere: ironia, egoera patetikoak, tentsioa, narrazio bizia, etab.

90eko hamarkadaren erdialdean beste bi ipuin-liburu kaleratu zituen Mendigurenek: Opor ezberdinak (1996) eta Ene dama maite hori (1996). Alabaina, bi lan horiek ez zuten lehenengoek besteko arrakastarik izan, eta zazpi urte igaro ziren hurrengo ipuin-bilduma kaleratu aurretik: 16 ipuin amodiozko (2002). Liburuak lau atal ditu, eta atalon izenburuak bata bestearen atzean jartzea nahiko da edukiaren berri izateko: "Sei ipuin amodiozko", "Beste sei perbertsio", "Pastitxe bat" eta "Eta hiru voyeur istorio". 16 ipuin amodiozko egilearen lehenbiziko ipuin-liburuaren bertsio zuzendu eta luzatua da, eta orduko zenbait joera eta molde errepikatzen dira, hala nola, ipuinen heterogeneotasuna gaiei heltzeko moduan edo irakurlea harritzeko asmoa. Liburuko ipuin gehienak 80ko eta 90eko hamarkadetan idatzi zituen beasaindarrak, eta atzealdean ipuin bakoitzaren jatorriari buruzko informazioa ematen du egileak.

Errautsen distira (2002) bestelako ipuin-liburua da. Lau testu luze biltzen ditu, eta guztiak lotzen dituen haria Euskal Herriko XX. mendeko historia da. Istorioen oinarria egiazkoa, entzunikoa, dela azaltzen du egileak, baina baita oinarri horiek itxuraldatu egin dituela ere egilearen beharrizan literarioen arabera.

2005ean maitasun-kontuak berreskuratu zituen Mendigurenek Bihotz gosetien kluba ipuin-bildumarekin. Bost narrazio luze-laburrek osatzen dute liburua, eta esan liteke bosten oinarrian elementu bera dagoela: euren bihotzak ase ezin dituzten pertsona bakartiak. Ase-ezintasun hori da bost istorioon eragilea. Handik urtebetera Arima enkoniatuak (2006) argitaratu zen: lau ipuinek osatzen dute obra, eta Bihotz gosetien kluba laneko oihartzunak atzeman daitezke, nahiz eta ezberdintasunak ere badiren: ipuinen amaiera, esaterako, irakurlearen esku geratzen zen aurreko liburuan, oso irekia baitzen; azken horretan, berriz, kontrakoa izan da egilearen jokabidea.

Azken urteotan argitaratuko ipuin-liburuak dira Bizitza homeopatikoak (Susa, 2008), Lurmentzean (Gero-Mensajero, 2009) eta Vikingoen sorterrira (Elkar, 2010). Lehenengoak bi ipuin luze biltzen ditu: lehenengoak liburu-saltzaile euskaldun bat du protagonista, eta bigarrenak Bruselako parlamentuan itzultzaile-lanak egiten dituen emakumea. Vikingoen sorterrira, bestalde, Mendiguren Elizegiren ipuin-liburu lodiena da, 300 orrialde baititu. Sei ipuin luze ageri dira bertan, eta muturreko gertaera larrien inguruan daude eraikita.

80ko hamarkadaren erdialdetik 90ekoaren erdialdera idatzi zituen Xabier Mendiguren Elizegik bere antzerki-lan gehienak: Kanpotarrak maisu-Kultur ministrariak ez digu errukirik (Susa, 1987), Publikoari gorroto (Euskaltzaindia, 1987), Pernando, bizirik hago oraindio (Euskaltzaindia,1989), Ankerki (Elkar, 1993), Garai(a) da Euskadi (Kutxa Fundazioa, 1993) eta Hilerri itxia (Euskaltzaindia, 1995). Horiek guztiak argitaratu ondoren, beasaindarrak ez zuen bestelako antzerki-lanik argitaratu hamar urtean, harik eta Telesforo ez da Bogart (2003) eta Heroien gaua / Amodioaren ziega (2004) argitaratu zituen arte. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian antzerki-lanek bizi duten egoera txarrak izango zuen eraginik eten horretan; izan ere, antzerki-irakurleak oso gutxi izateaz gain, antzerki-lanak taularatzeko arazoak ere handiak izan ohi dira, ikusleak ere oso gutxi direla gogoan hartuta. Publikoari gorroto antzerki-lana egileak berak aurkeztu zuen, literatur iruzkinei gordetako atalean, Argia aldizkarian.

Xabier Mendiguren Elizegik sarri erakutsi du oso gustura aritzen dela haur- eta gazte-literaturan. Asko dira genero horren esparruan idatzitako liburuak, eta nabarmentzekoa da ume eta gazteen artean lortutako arrakasta. 1987an Estitxuk pirata izan nahi du argitaratu zenetik, haur eta gazteentzako hogei bat lan kaleratu ditu beasaindarrak, hala nola, honako hauek: Tangoak ez du amaierarik (Elkar, 1988), Harrika (Elkar, 1990), Joxemeren ohelikopteroa (Elkar, 1988), Negu gorriko lagun berriak (1988), Joxemeren ohelikopteroa eta kupel artomikoa (Elkar, 1989), Josemevski astronauta (Elkar, 1990), Joseme eta eroen ohelikopteroa (Elkar, 1991), Puxkin (Elkar, 1991), Telejoxeme (1992), Joxeme ezkirol (Elkar, 1997), Zergatik kantatzen du txantxangorriak? (Elkar, 1997), Obsexuen kluba (Elkar, 1997), Kanibalen kaiola (1998), Txakurraren alaba (Elkar, 2000), Kosk egiten dut (Elkar, 2001) edo Karakolaren barruan (Elkar, 2005).

XXI. mendeko joerekin bat eginda, Xabier Mendiguren Elizegik ia egunero plazaratu zituen artikuluak interneten, blogen bidez. Alabaina, euskarri digitalaz gaindi, bere blogean argitaratutako artikuluekin bi artikulu-bilduma atondu zituen: Egunen harian (2005) eta Paperjalearen dieta (2006).

Amaitze aldera, esan dezagun Xabier Mendiguren Elizegik estilo arina eta sinplea baliatu izan duela bere obretan (sinpletasuna, baina ez sinplekeria). Euskara aberatsaren jabe da, erregistroak arazorik gabe darabiltza eta zeharo ondo kudeatzen du hizkuntza ustiatzeko daukan ahalmena: irakurketa inongo oztoporik egin gabe burutzen du irakurleak, eta elkarrizketei bizitasuna darie aldioro.

  • ANTZA, Mikel. "Sei ipuin amodiozko". Susa. 1986, 11. zk.
  • Armiarma. Literaturaren zubitegia. "Xabier Mendiguren Elizegi ". [Kontsulta data: 2011ko azaroak 15].
  • AYERBE, Mikel. "Vikingoen sorterrira. Gutxirekin asko edo askorekin gutxi". Berria. 2010-03-21.
  • ESTANKONA, Igor. "Telesforo ez da Bogart. Zorakeria ederra". Deia. 2003-07-01.
  • KORTAZAR, Jon. "Errautsen distira". El País. 2002-07-29.
  • KORTAZAR, Jon. Euskal literatura XX. mendean. 2. argit. Zaragoza: Prames, 2003.
  • MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier. "Publikoari gorroto. Errealista eta orekatua (batzutan)". Argia. 1988-02-21.
  • MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier. Sakoneta. Sustatu. [Kontsulta data: 2011ko abenduak 21].
  • OLAZIREGI, Mari Jose. Euskal eleberriaren historia. Bilbo: Labayru Ikastegia; Amorebieta-Etxanoko Udala, 2002.
  • ROJO, Javier. "Berriro igo nauzu. Etxeratzean". El Correo. 1997-12-31.
  • ROJO, Javier. (2008): "Vikingoen sorterrira. Bestearen begirada". El Correo. 2010-05-29.