Poésie

Hosto gorri, hosto berde (2002). Juan Kruz Igerabide

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

2002. urtean argia ikusi zuen haiku sorta hau ez da J.K. Igerabidek (1956) argitaraturiko lehen testu elebiduna, Botoi bat bezala. Como un botón kaleratua zuen orduko. Baina bai bada Madrilen eta testu elebidunen bidez euskal literaturaren azken urteotako lanak ezagutzera emateko asmoz sortu zen bilduman argitaratutako lehenengotarikoa, bigarrena dagoeneko hamaseigarren alea ateratzear duen proiektuan eta, besteak beste, Harkaitz Cano, Ramon Saizarbitoria, Yolanda Arrieta, Karlos Linazasoro, Amaia Iturbide... idazleen lanak batu dituena.

Haurrentzako poesia lirikoaren argitalpena da, dudarik gabe Igerabidek euskal literaturari egin dion ekarpenik handienetarikoa, eta horrenbestez, bere ikusmolde poetikoak, helduentzako lanak borobiltzeko erabili zituen berberak, moldatu ditu haur eta gazteen hautemate berezira. Sarritan egiaztatu du haurrek "errepikapenak eta baliabide paralelistikoak dituztela gogoko forma aldetik, eta, edukiari dagokionez, irudi poetikotik abiatu eta metafora errezetan zehar igaroz sinbolora helduko den jokoa".

Philippe Ariés historiagileak aipatu zuen mendebaldeko kulturan badela atzera egite bat zeinaren eraginez helduek dagoeneko erabiltzen ez dituzten soineko zein abestiak erabilgarri eta bizi iraun baitezakete haurren artean. Horrela, haikua, sinbolismo garaian berrikuntza izan zen japoniar bertso molde txikia, itzuli egin da, hondar legez, haurren mundura. Eta Igerabidek jakin du kontzeptu berria nola eman gazteentzat idaztean, olerkietan haikuarekin jolastuz, imajinarekin eta ahapaldi laburtxo honi darion ikus-indarrarekin. Zen filosofian jatorria duen moldea erabiltzen duela eta, egiazta genezake Igerabidek bere olerkietan ekialdeko filosofiaz erakusten duen ikusmina sinpletasun aztarna bihurturik berragertzen dela, kontenplazioa hastapeneko elementua baita bertatik poemaren irudipena sortzeko. Edertasuna begietsi nahi du begirada arin batek ezer ikusten ez duen tokian, haikuaren bidez gauzen esangura antzeman sentikortasun jokoan.

Olerkariak haikuaz eginiko definizioari so eginez gero: "Osotasuna harrapatzen duen unearen espresioa" kausi dezakegu, unearen espresio hori, betiere izadiaren ikuspegiaren bidez gauzatzen delarik. Izadiaren ikusmira estilizatuak mugarik gabeko lirismo ateak zabalduko dizkio irakurlearen interpretazioari; zenbat eta irudi zehazkabeagoa, hainbat eta askeago eta zabalago kontenplazioak eskaintzen dituen aukera filosofikoak. Askatasun honek irudipenari eskaintzen dion hegaldia baina, estu loturik datorkigu formari dagokionez -bost, zazpi eta bost silabadun hiru lerroz osatua dugu haikua, hamazazpi silaba guztira- sentipen eta begitazio aldetiko askatasunari eustearen kontrapuntu zehatza aurrez-aurre egokitzen zaiolarik. Batzutan, bere lehen liburuetan batez ere, olerkariak ez du moldea ez silaba banaketa gorde izan, izadiaren begiespenean ezkutatzen den esanahi sakonaren berri eman arren. Bestalde, tradiziozko euskal lirikan euskarri dugun kopla zaharrean ere izadiaren ikuspegia dugu lirismorako ardatz nagusi. Izadiko irudiei emaniko garrantzia berebiziko aukera eskaintzen dio entzule-irakurleari interpretazio askatasunerako. Askatasun hori baina, estuki loturik ageri da kopla zaharrean, ez soilik formak jarritako mugagatik haikuan gertatzen den bezala baizik eta, eta batez ere, azken lerro bietan zehazten den mezuagatik. Bi funtzio -lirikoa eta erreferentziala- hauen arteko elkarlotura urrunezinak baldintzatu eta moztu egiten du sarritan hasiera baten eskainiriko lirikotasun eta interpretazio askerako bidea, mezuarekiko lotura baten bilaketa gailendu egiten baitzaio sentikortasunari. Puntu honetan, ezin ahaztu Ph. Ariés-en ekarpena haurren jolas eta abestietan kopla zaharraren erabilerak izan duen garrantzia gogoratzerakoan. Tradizioaren opariak hala ere sarritan izan du, mertxikaren loriaren ederrak legez, barnean hezurraren gogorra, lehen lerroen edertasunak sarritan ekarri duelako eskutik helduta mezuaren bortxakeria. Ez da horrela haikuaren kasuan, muga formaren aldetikoa baino ez baita, ez baitira ageri irudi indartsuaren ondotik mezua zehazten duten bertso-lerroak. Horregatik agian, dira egokiago haurrei zuzenduriko poesia garatzeko egokiagoak, ahapaldi osoak irakurlearen interpretazioaz eta liluraz jolasteko modu aske eta zabalagoa ematen duelako, koplak derrigortzen duen mezuaren lastarik gabe.

Herri irudimen mota hauek indar handia izan dute olerkariaren ikusmolde poetikoaren egituraketan, eta hala sortu ziren lehen poema liburuak: Begi-niniaren poemak (1992), Egun osorako poemak (1993) eta Botoi bat bezala/Como un botón (1999). Hosto gorri, hosto berde-k aurreko liburuen lorratzari darraio, haietan bezala Igerabideren poetikaren markak jarraitzen ditu: ikuskera, xalotasuna, ezustea, dotorezia bertsogintzan...Begirada anitz eta berria inguruaren gainean, adierazpen poetiko zehatza duen mundu konplexua agerrarazteko.

Izadia eta hitza dira olerkigintza honen euskarri biak: izadiaren begiratzea hasiera baten, eta errealitatea, eguneroko objektuak, bizitza era berri batez adieraziko duen berba zehatzaren bilaketa ondoren. Haiku bilduma honetan ere gai bi baino ez euskarri nagusi: hosto gorria, zuhaitzetik jausi ala jaustear den orbela bizitza berri eta askea hasteko, eta era berean gainbehera zein bizimodu berri bati aukera irekitzearen ikur izan daitekeena. Eta hosto berdea, oraindik zuhaitzean bizirik dena.

Neurri aldeko koherentzia gai eta sinbolismo batasuna islatzen diren ispilua dugu. Hosto gorriak dirauen bitartean, zalantzakor zein egon dagoen bitartean, den bitartean, hosto berdea aktiboa da: bere usaia suma dezakegu, bizirik den izaki legez antzeman dezakegu, bere esentzia arnastu eta bizirik den izakia legez ikusi. Egileak ahapaldi mota zehatza, gai zehatza gordetzera behartu du bere burua. Ikuspegi ia bakar horri aukerako aldaerak bilatzean dago orain lehia: olerki guztien subjektu bikoitza, hosto gorria, hosto berdea.

Lehen bertso lerroa bost silabatakoa eta subjektuak -hosto, orri zein orbel sinonimoak ageri dira- silaba bi edo hiru mugatua denean izatearen ondorioak argiak dira neurri honek nolabait lehen lerroaren konposizioa baldintzatzen duenean. Honela, olerkariak epiteto homerikoa edo espazioari buruzko aipamena aukeratuko du poemaren erritmoa zehazteko era legez. Ekintza, aditza ezkutaturik sarritan, bigarren lerroan sortzen da eta arestian esan bezala, batez ere pasiboa izango da hosto gorriaren kasuan eta aktiboa hosto berdearenean. Hirugarren bertso lerroak kontrastea dakar irakurlearen ustekabea suspertzeko asmoz, ikuspegi berri bat izateko gonbidapena, sarritan gauza txikietarako samurtasuna den sentipena sortu beregan, edo ironizatu eta barre algara baino, irribarre herabea bizten duen humore eztiari bidea eman besterik ez. Baina, argi dago idazlearen helburua irakurlearen begirada berritzea izan dela haikuen araua jarraituz: ikuspegi berri baten bilaketa ikusezin diren errealitateei buruz.

Argi dago baita gaia jakinaren gainean laburtu dela. Hostoak ikusi eta geldirik dirauen eta, era berean beste indar batek, haizeak, mugiaraz dezakeen izadiaren elementu bati esanahi berriak bilatzea da auzia. Horregatik, idazleak edozein literatura lanak duen aniztasuna behar duelako, pertsonifikazioa da bildumaren baliabiderik garrantzitsuenetarikoa, poemaren subjektuak, hostoak eskaintzen dituen aukera guztiak hautemateko egindako behaketaz batera.

Poetizatzeko aukera bi zabaltzen dira horrela: batetik subjektu poetikoa pertsonifikatzea, berezko ingurugirotik ateratzeko eta hirira bidaiarazteko abagunea sortzen da horrela. Kioskoetan egunkariak irakurtzen dituen hosto irakurlea edo tabernako atean zalantzatan den hosto mozkorra aurkezteko. Bestetik, liburuaren bigarren aldean gehiago erabiltzen den efektua da hau, bere giroan jar daiteke subjektua hosto mota desberdinak eta subjektu poetikoaren berezko "jarrerak" poetizatzeko era anitzak bereiziz. Horrela, arrosondoaren hostoek noiz atertu zain izango dira (80 or.), urkiaren hostoak hasperenka (86 or.), mahastiaren hostoak alaiak edan ez arren (81 or.)...

Era honetan ageri da segida, hau da, kontzeptuen taldekatzea serietan, osagai semantiko batek testuko zenbait bertsoren arteko haritzat egiten du. Segidak osagai bateratzaile baten inguruan biltzen dira, gaia agortu eta segida berri bati hasiera ematen zaion arte.

Hosto gorriaren ondoko aldea, batez ere subjektu poetikoaren sentipenaren bila ari da, eta horrela bakarti, lotsati legez deskribatzen dira, apurka-apurka zauri eta herio esanahietara lerratuz. Bigarren aldean bizitza eta berpizte sinboloetara heldu arte hainbat zuhaitzetako hostoen bizi aukerak aipatuz eta haien inguruan mikro-mundua eraikiz doazen segidak jarraitzen ditu olerkariak. Ura eta zerua dira oraingoan nabarmentzen diren oinarrizko sinboloak, hostoek, eta orokorki izadi osoak, hitz egin eta olerkariak ulertu egiten dien harremanean.

Natura honen lerroa borobiltzeko hasierara itzuli behar genuke, liburuaren leiho-orriak zabaltzen dituen haikura

Hostoen haikua

Gorputza tente,
ez du egin nahi itzalik
hosto meheak." (19 or.)

Olerkariaren begirada dugu itzalik ez eragozpenik, egin nahi ez eta gorputza tente, mehe jartzen duen hostoa, oso nekez antzeman daitekeen muin leun hori, egon dagoen arren ikusgaitz izanik ere eta idazketaren makineria pizten duena izadia eta hitza elkar batzeko. Gerizperik egiten ez duen begirada hori dugu izadiko elementu txiki meheen aparteko poetizatzea burutzeko lehen urratsa.

Haiku sorta honetan itzalik gabeko mundua aurkituko dugu, surrealistek margotu zuten halakoa, gauza berrien mundua, ikuspuntu aldaketena, gairik ohikoenei eta arruntenei zentzu berriak kausitzekoa. Hitz bihurtu den izadirako itzulera.

  • ARIES, Ph., DUBY, G. Historia de la vida privada. Madrid: Taurus, 1991.
  • CARRERE, J.M. "Juan Kruz Igerabide" in "Mugalari". Gara. 2003-III-15.
  • IGERABIDE, J.K. "Haur poesia edo lihoaren neke eta penak" in Haur literaturaren inguruan. Iruñea: UEUren literatura saila. Heda saila, 1992.
  • KORTAZAR, J. "Introducción" in Hosto gorri, hosto berde. Hoja roja, hoja verde. Madrid: Centro de lingüística aplicada Atenea, 2002.
  • ZABALA, J.L. "Esplikaezina ez esplikatuz ulertzen da" in Berria. 2004-IV-30. 38 or.
  • X.X. "Juan Kruz Igerabiderekin solasean" in Beterriko aldizkaria, 2003. 17-20 or.