Antzerkigintza eta dantza

Yurre, Gene

Gene Yurre goitizenaz ezaguna zen Eugenio Yurre Irureta (Donostia 1928-2008). Dantzari profesionala zen.

Normandiara erbesteratua, kontserbatorioan hasi zen ballet-aren munduan, Parisen, eta Europa erdialdeko pedagogo ezagunekin dantza nahiz mimo ikasketak zabaldu eta osatu zituen. Gaztaroan, denboraldi laburrak igaro zituen jaioterrian, Schola eta Oinkari taldeetan, momento zehatzetan Biarritzeko Oldarra nahiz Etorki taldeetan ere lanean jardun zen.

Dantzari profesional moduan, bere lehenengo kontratua Parisen, 1948. urtean sinatu zuen. Théâtre Du Châtelet, Théâtre Marigny eta Théâtre Des Champs Elysées ballet-etako konpainiatan. Mariemma, Carmen Amaya, Antonio Gades, Maurice Béjart, Zizi Jeanmarie, Roland Petit edota Marcel Marceau mimoarekin batera lan egin zuen. 1959. urtean, bakarlari moduan, Irina Grjebina-ren Errusiar Folklorearen Ballet-ean hasi zen. Ondoren, 1964. urtean, Les Ygrouchki, Ukraniako Ballet Kosakoetan hasi zen, mundu guztian zehar biran lanean arituz.

1968ko maiatzean, antzezpen ikasketak amaitzear zegoela, behin betiko Euskal Herrira bueltatu zen Kresala Euskal Dantza Konpainian Dantza Maisu moduan lan eginez. Konpainiaren irudia moldatzen saiatu zen, antzerkirako burutu zituen ekoizpen koreografikoen bidez, Iruleak, Maskarada edo Ioiak bezalako obrak medio. Euskal Dantzarien Biltzarraren sortzaileetariko bat izan zen 1976ean, eta Segurako Euskadiko Txapelketarena 1977an.

Belgikako Koninklijk Ballet, Holandako Het National Ballet, L'ecole de Danse de L'opera de París eta Cannes-eko Centre de Danse International Rosella Hightower konpainiatan irakasle gonbidatua izan zen karaktere espezialitatean. Gipuzkoako Foru Aldundian epai eta aholkulari teknikoa izanik, atzerrian dantza ikasketa profesionalak burutu ahal izateko lehenengo laguntzak eman eta babestu zituen.

1981. urtean Gene Yurre, Kultura zuzendaria zen Imanol Olaizolarekin batera, Carlos Garaikoetxea Lehendakariari eta Ramon Labaien, kultura kontseilariari, Euskadiko lehenengo Ballet Nazionala sortzeko proposamen integrala aurkeztu zien. Ballet-aren egoitza egonkorra Donostiako Victoria Eugenia Antzokian legoke, eta proiektua, Amberes-eko Ballet Real de Flandes-aren eredu nahiz neurria jarraituz burutu zen. Azkenik, Lakuak 1982. urtean Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eratzearen alde egin zuen.

1983. urtean Gidaria liburu didaktikoa argitaratu zuen eta Pas de Basque nahiz Saut de Basque ikerketa proiektuak ere burutu zituen.

2008ko urriaren 15ean hil zen Gene Yurre bere jaioterrian, Donostian. 2009an, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak hil osteko Dantza Saria eman zion, Munich-eko Operako Ballet-ean eta Londreseko Royal Ballet-ean lehen dantzariak ziren Lucia Lakarra eta Itziar Mendizabalekin batera. Gene Yurre, Estatuan koreografia sortzaileen artean erreferente nagusia izanik, egun dantza eszenatokian dena eta izan beharko lukeenaren inguruan arauak eman zituen, guztia zentzu etiko, estetiko nahiz erreflexiboa kontutan izanik.