Pintoreak

Uruñuela Echevarria, Jesus

Margolari bizkaitarra, Bilbon jaioa 1898ko abenduaren 29an. Bilbon bertan hil zen 1976an.

Manuel Losadaren ikaslea izan zen eta "Bon" karikaturagilearekin ikasi zuen marrazten. Hark bideratu zuen buztinezko eskulturen alorrera ere. Juan de Echevarria osaba margolariak aholkatuta, 1922an Parisa joan zen eta akademietara joaten hasi zen. Genaro Urrutia, Jose Benito Bikandi eta zizelkatzearen bidez eskulturak egiten zituen Mateo Hernandez izan zituen kide. Azken horren estudioan landu zuen egurraren zizelkatzea eta, era berean, Francisco Durrio eskultore eta zeramikariaren aholku baliagarriak ere jaso zituen.

Margolan batzuk La Rotonda kafetegian, Montparnasse auzoan, jarri zituen ikusgai. Garai hartan, hantxe biltzen ziren nazioarteko margolari entzutetsuenak eta kafetegiko hormetan margolari hasiberrien lanak bakarrik jartzen zituzten erakusgai. Parisen bolada luze bat igaro ostean -ondoren ere behin baino gehiagotan itzuli zen hara-, Belgikara eta Holandara joan zen margolari flandestarrak sakon aztertzeko asmotan eta handik gutxira, berriro Parisen egon ondoren, Espainiara itzuli zen eta Bilbon hartu zuen bizilekua. Han jarraitu zuen margotzen, baina bere gisara, munduari egindako lanak erakutsi gabe; izan ere, heldutasuna falta zitzaiola iruditzen zitzaion.

Lagunek hala eskatuta, 1947ko abenduan eta ordura arte izandako uzkurtasuna alde batera utzita, lehenengo aldiz bakarka Donostian jarri zuen erakusketa bat, Donostiako Udal Arte Aretoan. 68 lan jarri zituen ikusgai, garai bakoitzeko lan esanguratsuenak, alegia, eta arrakasta handia izan zuen. 1948, 1963, 1966 eta 1967 urteetan Bilboko Arte Aretoan jarri zituen lanak ikusgai eta kritika onak jasotzeaz gain, jendeak harrera ona egin zien. 1951n Madrilen, Artean I. Bienal Hispanoamerikarrean hartu zuen parte. 60ko hamarkadan jarri zituen erakusketa gehien.

500 olio-pintura baino gehiago egin zituen; baita marrazki, akuarela eta pastel ugari ere. Apunteak naturalean eta kartelak ere egin zituen eta Frantziako artearen zirkuitu oso estimatuak izan ziren haren espatulan enpastatutako orbanak. Paisaiak eta aire zabaleko pintura oso maiteak zituen eta figuretan zein natura hiletan ere espezializatu zen; baita buztinezko eskulturetan eta zura zizelkatzen ere. Kubismoa, abstrakzioa eta sinbolismoaren gisako joerekin ere esperimentatu zuen bere estilo propioa sortu zuen arte.

Bere lan garrantzitsuenak honako hauek dira: La cocotte, Barrio de pescadores, Ella, Campeonato gitano, Orio, Santa Águeda, Primaveral, Le Domme eta Balada de invierno.

Joaquin de Zuazagoitiak (Bilbo, 1966) Uruñuelari buruz:

"Uruñuelak koloreak goresteko eueskarri gisa erabiltzen du errealitatea. Lerroei, marrazketari, ikuspegi arabeskotik erreparatzen die errealitatea islatzeko tresna gisa baino gehiago. Ez du estilismo faltsurik zein itxuratirik erabiltzen. Musikan melodia zer den, horixe dira Uruñuelaren lanak. Kolorea indar biziko grina da. Horregatik dira bere lanak orekatuak eta, aldi berean, sutsuak. Bere aldarte lotsati eta irmoarekin -ez da bateraezina- bat dator. Barne melankolia kutsu bat du, nahi gabe, bere lanetan, nostalgia poetiko erakargarri bat uzten duena." (Itzulpena moldatua gazteleratik).

Mario Angel Marrodan (Bilbo, 1974):

"Uruñuela, more, bioleta, purpura eta lila koloreen margolaria. Kolore horien kromatismoa gailentzen da beti bere lanetan eta koloreari mihisea matematikoki osatzeari baino indar, garrantzi eta interes handiagoa eskaintzen dio. Horri esker, laztasunak leuntzen ditu, margolan bakoitzak behar dituen tonu harmonikoak lortzen ditu, intonazioak hobeto josten ditu, poesia handiagoa dario pastosotasunari eta, gainera, astoaren gainean dituen mila ertz kromatikoei eutsi eta lotu egiten ditu".(Itzulpena moldatua gazteleratik).

Iñaki Viar Ponte (Bilbo, 1974):

"Modeloa ez du erabiltzen pintzelkadaka mihisera eramateko, fantasiari hegan egiten uzteko abiapuntu gisa bakarrik baizik; ez du erabiltzen dekoraziorako pinturak sortzera eramaten duten erritmoen eta estilizazio-arauen menpe -hori da artean fantasia sartzeko erabiltzen den biderik ohikoena-, baizik hunkiberatasun inkontziete geldiezin baten bulkadek eraginda. Emaitzek, beharbada, margolaria bera harrituko dute gehien."(Itzulpena moldatua gazteleratik).

Alvarez Emparanza (Pintura Vasca Contemporánea; Donostia, 1978):

"Uruñuelaren arteak inpresionismo ondorengo kutsu nabarmena du, bai gaiengatik, bai pintatzeko moduagatik; izan ere, kolore biziak erabiltzen ditu eta hainbat teknika nahasiz jolasten du, Parisko margolanetan ikus daitekeen gisan. Margolan horietan, hain zuzen, pintzelkadek arintasun handiagoa dute eta tonuak leunak dira."(Itzulpena moldatua gazteleratik).