Vinsonen euskarazko "Bibliografia" agertu eta bertan zenbait akats eta gabezia sumatuta, euskal filologiarako zaletasuna eta liburuzaletasun itzela berpiztu zitzaizkion. Zaletasun horiek ez zituen sekula alboratu. Pasio horri esker, euskarazko bibliografia-ondare askok ihes egin zion suntsipenari eta ahazturari.
1905ean desagertuta zeuden Joannes de Etcheberryren lanak aurkitu zituen eta bi urte beranduago, Lacomberekin batera, Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria sortu zuen Parisen. Hura izan zen, handik aurrera, Europa eta Amerikako euskalzale guztien topaleku. Aldizkaria berari esker garatu zen. Urte hartan Etcheberryren lanak editatu zituen. 1908an Egiptoko Medjidich Ordenako Ofizial Nagusi titulua eskuratu zuen eta Lapurdiko Kanbon egin zen "Euskeltzaleen Biltzarreko" presidente izan zen (Euskaltzaindiaren aurrekaria, Urquijo anaien -Julio eta Adolfo- kezka nagusia).
Bere argitalpenek, bere kolaborazioek bezalaxe, zorroztasun eta dokumentazio itzela gordetzen dute. Hori aintzat hartzekoa da oso, oraindik ere euskarari buruz zentzugabeko teoriak zabaltzen ziren garai batean. Arocenaren esaldi dagoeneko ezagunaren arabera Urquijok Eusko Ikaskuntzetan "antolakuntza ipini" zuen. 1909an Real Academia de la Historia Españolako urgazle izendatu zuten. 1911n "Euskalerriaren Alde" aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen.
Bere jarduera bibliofiloa oso handia da: baserriz baserri eta sakristiaz sakristia ibili zen, bere hautes-agenteei botoez baino gehiago liburuez ardura zitezela gomendatu zien. Bidaiak idatzizko euskal literaturaren jarioa pilatzeko ere baliatu zituen, bere iloba, Juan Ramonek aipatu zuen bezala:
"Lehen Mundu Gerrako garaietatik, nire aitak aginduta itsasontziak lortzeko Londonera, Parisera eta Berlinera bidaiatzen zuenean, xehetasunez betetako bere agenda garbietan, ohar interesgarri andanaren artean, Greziako nabigazio jakin batzuen aurka idatzitako nolabaiteko destaina azaltzen zuten esaldien artean galduta, sarri aurki daitezke "Maggs-Bros", "Bernard Quarich", "Rosenthal", "Vald Ras-mussen", "Max Nicmeyer" edota "Karl Gerlinghans-era" egindako bisitak. Bertan, liburu eta salneurrien zerrendak ageri dira, guztiak Euskal Herriari dagozkionak. Horrek zera erakusten du: zereginik gabeko unetan sarritan liburuzain horiengana jotzen zuela, eta gainera, haiekin laguntasun harremana izan zuela. Hainbeste non, gaur egun, pertsonalki frogatu ahal izan dut Julio jauna oso maitatua eta miretsia izan zela; bereziki, Maggs, Quarich eta Rosenthal jaunek maite eta miretsi zuten".
Erakusgarri bitez, bere Liburutegia paregabeko bilakatuko duen bilaketa arduratsua neurtzeko, bere Egunerokoan paratutako oharrak. B. Estornes Lasak aipatzen duenez, behin 2.000 ale baino gehiagoko liburutegi bat eskuratu zuen Axularrek idatzitako Gero liburuaren ale bat lortzeko asmoz. Apurka liburutegi ospetsu hura garatzen joan zen.
"Pasadizoz pasadizo Urquijoren Liburutegiko apalak ale bitxi eta ederrez bete ziren. Egun batez Peñafloridako Kondearen Borracho Burlado lagunarteko txantxa batean 2 pezetaren truk eskuratu zuen bezalaxe, beste egun batez, Materre kausi zitekeen bere liburutegian, ezagutzen zen bigarren alea. Horrez gain, ale bakarrek ere aurkitu zuten liburutegirako bidea Arzadun eta Beriainen Kristau-ikasbideek, esaterako".