Literatoak

Urkizu Sarasua, Patri

Patri Urkizuren lehenengo literatur lan luzeak, bere ibilbideko garrantzitsuenak direnak, 60ko hamarkadako zenbait testu albo batera utzita, 70eko hamarkadan kaleratu ziren. Hamarkada hartan bertan hainbat euskal egilek literatur eredu berri eta muturrekoak baliatu zituzten, abangoardien bideetatik. Horren lekuko, gogoangarriak dira, besteak beste, Joxean Artzeren poesia- eta plastika-lanak, Ramon Saizarbitoriaren hasierako eleberrigintza, Bernardo Atxagaren Ziutateaz (1976) eta Etiopia (1978) edo Koldo Izagirreren Zergatik bai (1976) lanak. Bada, aldeak alde, joera abangoardista horren baitan kaleratu zuen Patri Urkizuk Sekulorun sekulotan (1975) eleberria.

Sekulorun sekulotan izan zen Urkizuren lehenengo eleberria, eta gaur egunera arte lezoarraren lanen artean literatur kritikariek gehien aipatu izan duten obra da. Eleberri esperimentala da Sekulorun sekulotan. Lan horretan, pertsonaia baten bakarrizketa luze eta etengabea ageri da, eta ez daukagu ez lekuaren, ez denboraren koordenadarik, bakarrizketa ezerezetik zintzilik balego bezala. Alabaina, edukiak baino, formak eman izan du zeresana; izan ere, lan osoan ez da ageri puntuazio-zeinu bakar bat ere. Idazlearen asmoa XX. mende hasierako Europako egile arrakastatsu batzuek erabilitako (James Joycek, esate baterako) stream of consciousness (kontzientzia-korrontea) euskal literaturara ekartzea zen. Lezoarraren eleberria Saizarbitoriaren hitzaurre luzearekin kaleratu zen, non eleberria luze-sakon aurkezteaz gain, bere Ene Jesus (1976) lana ulertzeko (artean argitaratu gabe zegoen) zenbait argibide eman baitzituen.

70eko hamarkadan bertan Dorrejilko kanta (1977) argitaratu zuen Urkizuk, eta zenbait urtez ez zen bere beste literatur lanik kaleratu.

1984an agertu ziren lezoarraren argitalpen berriak, hiru, hain zuzen ere: Zeren azken finean (poema-liburua), Nola Kursaal berria suntsitu zen (narrazioak) eta Etsipenez. Jon Txahoren memorioizunak (nobela). Azken lan horren helburua zen Jon Mirande euskal idazlearen biografia nobelatua egitea, baina badirudi, orduko kritikarien esanei jarraiki, Urkizuk ez zuela helburua bete, obran biografia bera nobelari gailentzen baitzaio behin lehenengo atalak (Miranderen gaztaroari dagozkionak) igarota. Hiru lan horiek kaleratu ondoren, hamarkada bateko isilaldia iritsi zen berriro ere Urkizuren literaturgintzara.

Azkenik, 1995ean Zoazte hemendik! nobela kaleratu zuen. Denboran atzera egin zuen Urkizuk lan horretan, kontakizuna Espainiako Gerra Zibilaren sasoian baitago kokaturik. Euskal Herriko herri txiki batean bizi diren abertzale sutsuek (tartean Urkizuren aita izan zitekeena) herria utzi behar dute Gerra hastean, eta Ipar Euskal Herrira doaz ihesi. Han ere giroa ez da ona, eta, hain zuzen ere, lan horretaz idatzi dutenek giroa era sinesgarrian eraikitzeko lezoarrak eduki zuen abilezia nabarmendu izan dute.