Arkitektura

Ugarte baserria

Ugarte baserria Asteasuko Beballara auzoan dago. Aiztondo bailarako lur baxuetan eraiki zen Asteasu errekaren eskuinaldean, Asteasu eta Zizurkilgo udalerriak banatzen dituen errekatxoarekin elkartzen den lekutik gertu. Bi erreken urbazterrekiko 10 m altueran kokaturiko eremuan altxa zen baserria, bien artean mendebalderuntz sortzen den muinoaren magalpean. Uholdeetatik salbu dagoen kokalekua. Baita kontrol posizio bat bailara nagusiarekiko Billabona Asteasu eta Aiarekin lotzen zituen bidea bertatik igarotzen baitzen. Puntu honetan baserriak hego-ekialderantz begiratzen du, muino txiki horren sestra-kurbetara moldatuz. XVI. mendearen lehenengo erdian eraiki zen garai hartan hedatu zen dolare-baserri gipuzkoarraren eredua jarraituz. Dolare etxe hauek bere egurrezko barne egituran habe-tolare haundi bat barneratzeagatik bereizten ziren.

Baserriak beste eraikin txikiago batekin talde osatzen du. Jabeek borda deritzote eta garai batean belar lehorra eta lanabesak gordetzeko biltegi gisa erabili zen. XX. mendearen azken hamarkadan nekazalturismo bihurtu zuten.