Aurrez esistitzen zen establimenduaren ordez eraiki zen Ugarte berria zurez eta harriz egindako eraikin trinko eta haundia zen. 16x17,5m-ko oina zuen, bi pisutan antolatua eta bi isurialdeko estalkiarekin babestua. Klima euritxuari aurre egiteko teilatu-hegal handiak zituen. Historialari asko ados daude XV. mendearen bukaeratik eraiki ziren lehen baserri hauek hasiera batean zurezko kanpo itxiturekin egin zirela esatean. Jatorrizko Ugarten egurrezko itxiturak erabili ahal ziren era berean. Edo egurraren erabilera aurreko eta sartaldeko fatxadetara mugatu ote zen, gainontzekoak harrizko hormen bitartez itxiko zirelarik.
Hasierako Ugarte hau fatxada nagusiarekiko paraleloak ziren lau habeartek eta hauekiko beste hiru habearte zutek osatu zuten. Egitura guztia pieza bakarreko haritzazko zutabe haundiz zegoen eraikia. Era horretan sortzen zen armazoiaren erdian habe-tolarearen masera edo prentsatzeko plataforma zegoen txertatua, goiko pisuan.
Igartubeiti bezalako Gipuzkoako baserri berrien arkitekturari egokitu zitzaion tolarea presio etengabea lortzeko sistema ezagun bat zen, palanka eta kontrapisu flotatzaile baten bitartez eragiten zena. Egituraren erdiko bi portikoetako zutabe zentralak bikoitzak ziren. Habe-bikoitz edo bernia hauen artean 10m inguruko palanka bat igarotzen zen. Palanka hau maseraren kontrako muturrean torloju bertikal bati lotua zegoen. Torlojua forjatua zeharkatuz beheko oinaraino iristen zen. Aldi berean, beheko muturra harrizko kontrapisuari lotua geratzen zitzaion. Azken hau lurrean ezarria zegoen sukalde eta eskatzaren artean. Masera neurri haundiko habeen bitartez sendotzen zen, prentsada bakoitzean palankak eragiten zuen pisua jasateko.
Baserri hauen aprobetxamendua oso mugatua zegoen dolarearen makinak espazioa zatitzea zailtzen zuelako. Bestalde, nagusiki lana eta produkziora zuzenduriko eraikinak ziren, bizitokiak hartzen zuen eremu txikia ezaugarri honen isla argia zelarik. Ugartek 500m² inguruko azalera erabilgarria bazuen, horietatik %17-a bakarrik zen etxebizitza espazioak antolatzeko. Hauek beheko oinan egokitu ziren baserriaren aurrekaldean, ekialdeko erpinean. Gainontzeko azalera ustiapena mantentzeko beharrezkoak ziren erabilirek betetzen zuten. Ukuilua, upategia eta lanabesak gordetzeko espazioa beheko oinean eta tolarea, lastotegia eta biltegia goikoan.
Etxebizitza programa murriztua L forma hartuz antolatzen zen, aurreko fatxadan zegoen ukuilarako sarbideak behartuta. Bi piezatan banatzen zen. Alde batetik, espazio nagusi bat aurrekaldean atari, sukalde eta distribuzio funtzioak betetzen zituena. Sukaldea baserrietako bizitza etxetiarraren muina zen. Bestetik, haren ondoan eta ekialdera begira logela bakarra baserriko biztanle guztientzako.
Gaur egun jatorrizko baserriaren egurrezko armazoia nahiko osorik mantentzen da. Prentsaren egitura ez da gehiegi desitxuratu. XXI. mendera osotasunean iritxi diren gutxienetarikoen artean dagoela esan daiteke. Maseraren euskarri diren bi portikoak ia osorik daude eta zazpi azpiko sunbil handietatik lau bere jatorrizko lekuan mantendu dira. Egitura guzti hau trabatzen zuten beso askok bere lekuan jarraitzen badute ere, beste asko desagertu dira baina habe eta zutabeetan enara-buztan bereizgarrien aztarnak utziz.
XVII. mendean artoaren laborantza Euskal Herriko baserrietan zehar hedatu zenean espazio berriak moldatu behar izan ziren etxeetan zereal berria lehortzeko. Ordurate garia zen landutako zereal nagusia. Gari aleak egurrezko bihitegi handietan gordetzen ziren, goiko pisuan biltzen zirenak. Artaburuak, ordea, lehortu egin behar ziren aletu aurretik eta horretarako espazio zabal eta aireztatuak behar ziren. Gipuzkoako baserri gehienek ez zuten aterperik eta goiko pisuan ez zegoen nahiko tokirik erabilera berriarentzako. Beraz, baserrien azalera haunditzeko beharra sortu zen. Ugarteri, beste hainbat baserritan gertatu bezala, habearte berri bat gehitu zitzaion aurrekaldetik 16x21m-ko angeluzuzena bihurtuz. Espazio berri honen goiko pisua lehortegi bezala erabiliko zen. Beheko oinan logela berri bat antolatuko zen, nahiz eta posible litzateke aterpe moduan irekia gelditu izana. Modu batean edo bestean, zabalkuntza honek ez zuen jatorrizko baserriaren barne distribuzioa zertan aldatu.
Laborantza berriak hedatzeaz gain, XVII. eta XVIII. mendeetan bizitokia ulertzeko eta antolatzeko modu berriak zabalduz joan ziren. Honek baserrien barne antolamenduan eragin nabarmena izango zuen. Esan bezala, baserrietan logela bakarra zegoen. Baina denborarekin logela berrien beharra sortuz joan zen senideak sexu edo adinaren arabera banatzeko, intimitatea edo lotsa bezalako sentimenduek garrantzia hartu zutenean. Baserritarrak logela berriak goiko pisuko aurrekaldean antolatzen hasi ziren egongela haundi batekin batera. Azken hau erdian geratzen zen zenbait alkoba edo gela txiki atxikitzen zitzaizkiolarik. Baserriaren espazio nagusia zen, oso kasu berezietan erabiltzen zena. Etxeko espazioak antolatzeko formula berri hau Gipuzkoako bailara guztietara zabaldu zen.
Ikusi da Ugarten lehenengo solairuko aurrekaldea artaburuak lehortzeko erabiltzen zela. Hortaz, lehortegia beste leku batetara eraman behar zen. Horrela, programa berriaren ezarpenak baserriaren bigarren zabalkuntza bultzatu zuen ganbara berri bat egokitzeko xedearekin. Espazio berria eraikitzeko estalkia metro bat inguru igo behar izan zen. Operazio honekin batera baserriaren kanpo itxura eraldatu zen, garaiko gustu barrokora moldatuzo. Orduan txertatu zitzaion fatxada nagusiari urkila barroko bereizgarria.
Litekeena da XXI. mendeko baserriaren kanpo itxitura garai honetan finkatzea. Ekonomikoki garai onak izango ziren Ugarteko biztanleentzat, baserri eraberritu batean islatu zena. Harlanduzko irekiera eta eskantzuak zituzten harrizko hormekin itxi zen baserriaren perimetro osoa, hegoalde eta sartaldeko fatxaden goikaldeak egurrezko bilbadurekin osatu zirelarik. Garai honetan beste edozeinean baino Ugartek presentzia eta batasun esanguratsua lortu zuen konposizio aldetik.
XVII. mende bukaera eta XVIII. mende hasierako eraldaketa garrantzitsu hau habe-dolarea jada erabiltzen ez zelako eman ahal izan zen. Gertakari honek goiko zein beheko pisuko espazioak inongo trabarik gabe erabiltzea eta antolatzea ahalbideratu zuen. Horrela, etxebizitzarako programa berria antolatu ahal izan zen goiko pisuan. Beheko oinean eskailera tokiz aldatu eta eskatza eta sukalde berri bat egokitu ziren aurreko habeartean. Gainontzeko azalera ukuiluari gehitu zitzaion. Dolareari dagokionez, askoz txikiagoa zen hiru torlojuko dolare barroko berria ipini zen masera zegoen tokian.
Bai zailtasun ekonomikoak zirela eta, bai beste edozein arrazoiagatik XVIII. mende bukaera eta XIX. mende hasiera arteko momenturen batean baserri erdia alokatzen hasi ziren Ugartekoak. Ondorio bezela baserria haunditu egin behar izan zen bi bizitzako programa berrira egokitzeko. Zabalkuntza bi fasetan egin zen. Lehenik baserriko atzeko habeartea ekialderantz zabaldu zen. Maizterren bizitzaren sukaldea kokatzeko leku aparta zen, hegoaldera begira, ukuiluarekin komunikatuta eta bizitza nagusiarekiko autonomia bazuelarik. Bigarren fasean lehen gorputz hau aurreko fatxadaraino luzatu zen. Bizitza nagusiko sukaldea bertara mugitu zen jabeen ukuilua haunditu nahiean eta bi etxek pareko ukuiluak izan zitzaten. Tolarea ere pabiloi berrira eraman zen. Bi haunditze momento hauek erraz nabari daitezke ekialdeko fatxadan lehenengoa harrizko hormekin itsi baitzen eta bigarrena, ordea, egurrezko bilbadurekin.
Azken zabalkuntza honekin baserriaren oinak 20x22,5 m²-ko azalera hartu zuen. Bi bizitzak guztiz independienteak ziren. Maizterrak baserriko atzekaldean zeuden. Behe oina erditik banatzen zen, baina goiko pisuan bizitza nagusiak azaleraren %25 bakarrik hartzen zuen. Mandio osoa maizterren bizitzarako zen eta bertan denborarekin zenbait logela antolatu ziren mendebaldeko fatxadaruntz. Ganbara jabeek erabiltzen bazuten ere borda edo eraikin osagarri bat eraiki behar izan zuten biltegi eta lastotegi funtzioak betetzeko. Baserria bi bizitzatan zatiturik mantendu zen 1960-ko hamarkadararte.
XX. mende bukaera - XXI. mende hasiera. Ugarteren gainbehera eta Eraberritzea: erabileren eraldaketa
Nekazaritza eta abeltzantzako ustiapenak eman zion zentzua eta forma baserriko arkitekturari. Baina XX. mendeko industrializazio prozesuak baserri sistemako produkzio ereduaren gainbehera ekarri du. Horren ondorioz baserriak eraikin bezala zuen zentzu guztia galdu du erabilera anitzetarako pentsatua zegoen eraikin haundia ia utsik geratu baita. Ugarteren kasuan, 2007. urtean atera zituzten abereak ukuilutik funtzio hori beteko zuen pabiloi berri bat altxa zutenean baserritik gertu. Lurra lantzeari dagokionez, produkzio txikia mantentzen dute etxerako batik bat: baratza, sagastiren bat eta artoa etabar lantzeko soro haundia.
Beraz, baserria zaharkitua eta ia utsik iritsi zen XXI. mendera. Etxebizitza bakarrik mantentzen zen azalera osoaren %20 suposatzen zuelarik. Gainontzeko azalera erabilgarria biltegi haundi bezala erabiltzen zen. Egoera hau Euskal Herriko baserri ia guztietara luzatu daiteke. Gauzak horrela, baserriei funtzio berriak eman beharko zaizkie euren arkitektura babestu eta gorde nahi bada. Ugarteren Kasuan, etxebizitza bakar bezala eraberritu da.
2011-ko udaran baserriaren zaharberritze lanak asi ziren. Orokorrean, azken esku-hartze honekin bost mendetan zehar galdutako ordena eta osotasuna berreskuratu nahi izan da. 375 m²-ko etxebizitza guztiz berria egokitu da bi solairutan. Eta nahiz eta baserriaren azalera erdia soilik egokitu den etxebizitzarako, egitura osoa konpondu eta saneatu da.
Iparrraldeko erdian gelditu denez, habe-dolarea izan zenekoaren egitura ikusgai mantendu da. Falta ziren hiru azpiko sunbilen tokian berriak ipini dira egitura bere osotasunean ikusi ahal izateko, baserriaren iraganaren lekuko bihurtuz.
Termino hau osatzeko erabili den informazioa Ugarte Baserria: Historia eta Arkitektura (Nerea González Floristán) ikerketa lanean oinarritzen da. Ikerlan hau EHU-ko Eraikitako Ondarearen Zaharberritzea eta Kudeaketa Osoa Unibertsitate Masterraren (2011-2012) barne garatutako tesina da.
