Arkitektura

Ugarte baserria

Ugarte baserria XVI. mendearen lehenengo erdian eraiki zuten dirudienez Domingo eta Juanes de Ugarte anaiek. Hala ere, baserriaren inguruan aurkitu den aipamen historiko zaharrena Juanes de Ugarte eta Maria Goroaren arteko 1520-ko ezkontz-hitzarmena da. Juanesek Ugarte etxea jaso zuen bere guraso Gonzalo de Ugarte eta Maria Perez de Ugarte-rengandik. Beraz, baserriak aipaturiko Juanesek altxa bazuen, esan daiteke eraikin berria aurrez esistitzen zen beste bizitza bat ordezkatzera etorri zela. Orokorrean Euskal Herriko bailaretan XV. mendearen bukaeratik gertatzen ari zen moduan, baserri berria askoz handiagoa zen eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapena aurrera ateratzeko behar ziren espazio guztiak elkartzen zituen.

Ugarte dolare-baserri gipuzkoarraren eredua jarraituz eraiki bazen ere, altxa zenetik XXI. menderarte igaro diren bost gizaldietan etengabe eraldatu da bere azalera ia bikoiztu duelarik. Ugarte sendia Arbidetarrengatik ordezkatua izan zen laister baserriaren jabegoan. Azken hauek XVII. mendearen bukaera eta XVIII. mendearen hasiera bitartean bultzatu zuten eraldaketarekin baserriak gaur egun aurkezten duen kanpo itxura bereganatu zuen. Mintegiaga familiakoak etorriko ziren XVIII. mendean eta ondoren Gaiztarro sendia XIX. mendearen hasieran. Orduan baserria bi bizitzatan banatu zen beste familia bat maiztertzan sartzeko. Horrela egon zen 1960-ko hamarkadararte, maizterrak joan eta berriro etxebizitza bakarra izatera pasatu zenean.

1838-az geroztik Ugarte baserria Legarra sendiaren esku egon da. Baserri eredu tradizionala gainbeheran dago XX. mendeko industrializazio prozesua dela eta. Testuinguru honetan Legarratarrek Ugarteren azken eraldaketa garrantzitsua sustatu dute 2011-2012-an. Baserria goitik-behera zaharberritu dute etxebizitza bezala bakarrik egokitzeko, gainontzeko erabilera gehienak galdu ondoren.