Literatoak

Ugalde Orradre, Martin

Idazle eta kazetaria. 1921eko azaroaren 11n Andoainen (Gipuzkoa) jaio zen. 2004ko urriaren 4an hil zen.

Jaioterrian egin zituen lehen ikasketak. Tropa frankistak herrian sartu zirenean ihes egin zuen familiarekin batera, Mundakara lehenengo eta Bilbora ondoren. 1937an herria frankisten esku geratu zenean erbestera jo zuen (Frantziara). Château-Chinon herrian jarraitu zuen ikasketekin eta ondoren Donibane Garazi eta Ziburun ere izan zen. Eusko Jaurlaritzak erbestean ezarritako eskola-instituzioetan amaitu zuen batxilergoa. Garai horretan Ugalderengan arrastoa utzi zuten irakasleak izan zituen: Zumalabe matematikan, Barandiaran arkeologian eta Felix Dorronsoro edo Adrian de Ugarte.

Alemaniaren inbasioa baino lehenxeagoa, Gurseko kontzentrazio-esparruan sartu zuten Frantziako agintariek. 1940ko ekainean, handik atera zenean, Donibane Lohitzunen nazien tropekin topo egin zuen, muga zeharkatu baitzuten. Tetuango "Gezi Urdinak" errejimentura bidali zuten eta ia hiru urte eman zituen Marokon.

1961ean Ugaldek Iltzalleak argitaratu zuen arte, Venezuelan inork ez zuen libururik idatzi euskaraz. Ugalderentzat ahalegin handi samarra izan zen literatura-hizkuntza aldatzea. Urrun argitaratu zenez, liburuak ez zuen ia oihartzunik izan Euskal Herrian; dena den, gerora haren balioa aitortu izan da. Eusko Jaurlaritzak ematen duen erbesteko liburuaren lehen saria eskuratu zuen eta Anjel Lertxundi, Inazio Mujika Iraola, Xabier Mendiguren eta Koldo Izagirre idazle handien arabera euskal ipuingintza modernoaren bidea hasi zuen Ugaldek. Iltzalleak euskaraz idatzitako literaturan argitaratutako lehen ipuin-liburua izan zen.

Ondoren, 1976tik aurrera, erbestea utzi eta Euskal Herrira itzuli zenean, Ugalde profesionalismoaren aitzindari bilakatu zen euskarazko idazle-kazetari lanetan. Askozaz beranduago, 1997an, Andoaingo Ricardo Arregi kazetaritza Sariko epaimahaiak ohorezko aipamena eman zion euskarazko kazetaritzaren alde egindako lana eskertuz.

Koldo Izagirre eta Xabier Mendiguren Elizegik (Euskal literaturaren antologia; Argitalpena: Elkarlanean-G.I.E. -Gipuzkoako Ikastolen Elkartea-, 1998) honako balorazioa egiten dute Ugalderen ipuinen inguruan:

"Ugalderen ipuinak bi arrazoiengatik nabarmentzen dira: berezkotasunagatik eta genero literario moderno gisa hauteman zuen lehena izan zelako. Ordura arte, euskal literaturan ipuina narrazio erraz, folkloriko eta komikoa zen. Latinoamerikan, ordea, ipuinak tradizio itzela zuen genero autonomo eta serio modura eta Ugaldek euskaraz garatu zituen lanetara ekarri zituen han ikasitako teknikak".

Euskaraz idatzitako eleberriei dagokienez, Itzulera baten istorioa eleberriak autobiografia kutsu nabarmena du, izan ere, 1936-1939 bitarteko gerra zibilaren ostean euskal familia batek bizitako erbestea eta deserrotze kulturala kontatzen ditu. Protagonista 1945ean Euskal Herrira itzultzen den Caracasko neskatxa bat da. Lan horren gaztelaniazko itzulpena ere argitaratu zen: Historia de un regreso (Hiru argitaletxea, 1995).

Pedrotxo da hurrengo eleberria, 1948-1950 urtetan dago kokatua eta 1933an jaio eta erruki-etxe batean bizi den gazte baten bizitza kontatzen du. Marijose Olaziregiren arabera (Historia de la literatura vasca, U.H.U.N. -Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala-, 2000) "eleberri gizatiarra da politikoa baino gehiago" eta erregimen frankistak euskaldun lurrina zuen ororen aurka erabili zuen errepresioa erakusten du.

Azken eleberrian (Mohamed eta parroko gorria) are egoera latzagoan dagoen protagonista bat agertzen du Ugaldek: kuartela hornitzen duen zerri-granja batean lan egiten duen marokoar gazte bat. 1936ko gerra zibila lehertzen denean gatazkan parte hartu beharko du. Ugaldek azken eleberri hau idatzi zuenean jadanik Parkinsonen gaixotasuna pairatzen zuen. Zenbaitetan narrazioaren haria nahastu egiten zuen eta Elkarlanean argitaletxeko Xabier Mendiguren izan zuen laguntzaile.