Literatoak

Ugalde Orradre, Martin

1945ean lizentziatu eta bi urte beranduago, ama eta biak aitarekin elkartu ziren Venezuelan. Aita 1939an iritsi zen bertara eta, behin Sobiet Batasunean zegoen anaia Venezuelako enbaxadorearen kudeaketei esker aberriratu zenean, familia guztia Caracasen elkartu zen. 1952an Venezuelan nazionalizatu zen eta han askatasun osoz jorratu ahal izan zituen jarduera literarioa eta kazetari lana. Caracasen hainbat egunkaritan kolaborazioak egiten eta zenbait kontakizun idazten hasi zen; hala, sari garrantzitsuak irabazi zituen erreportajean eta ipuingintzan, "El Nacional" egunkarian, hain zuzen. Un real de sueño sobre un andamio ("El Nacional de Caracas" saria, 1955) eta La semilla vieja (1958) argitaratu zituen. Halaber, Euskal Herriko hedabide politiko eta kulturaletan lan ugari idazteari ekin zion. Eusko Gaztedi sortu eta bertako buru izan zen. Halaber EAJren Lurraldez Kanpoko Batzordea eta Caracaseko Euskal Etxea ere sortu zituen. Eusko Gaztedi eta Euzkadi zuzendu zituen, euskara irakatsi zuen eta Iltzalleak (Caracaseko Euskal Etxearen saria, 1957) eta Umeentzako Kontuak (Zarautz, 1966) ipuinak eta Ama gaxo dago (1963) antzerkia argitaratu zituen. 1963an San Rafael de Mucuchíes lanarekin erreportaje onenaren "Nacional de Caracas" saria irabazi zuen. Venezuelan eman zituen urteetan beste hainbat lan ere kaleratu zituen: Cuando los peces mueren de sed (1963), Las manos grandes de la niebla ("Sésamo" saria; Madril, 1962) edo Unamuno y el vascuence (1966). "Elite" aldizkariko erredakzio-buru eta ondoren zuzendari izan zen. Horren ostean, 1954an Iparramerikako Creole Petroleum Corporation konpainiako harreman publikoetarako sailera igaro zen; 1962an kazetaritzako graduatua atera zuen Evanstoneko (Chicago) Northwestern University delakoan. Konpainiako argitalpen buru modura "El Farol (The Lamp)" aldizkari ospetsuan zuzendari lanak egiteaz arduratu zen Venezuelako eremuan eta horretan jardun zen 1969an Euskadira itzuli zen arte. Halaber Caracaseko Andres Bello Unibertsitatean Iritzi Publiko eta Masa-komunikabide eskolak eman zituen (ikasgai horietan espezializatu baitzen). Erbestean hainbat aldizkaritan kolaboratu zuen argitalpen ugari kaleratuz: Caracaseko "El Nacional", "Momento" eta "Revista Nacional de Cultura"; Buenos Aires eta Mexikoko "Euzko Deya" eta "Euzko Lurra"; Baionako "Alderdi" delakoan zuzendari ere izanik, eta Donostiako "Zeruko Argia". 1972an Eusko Jaurlaritzako Kontseiluan EAJko barneko ordezkari izendatu zuten, hala, Joseba Rezolak utzitako tokia hartu eta lan horrekin jarraitu zuen Donibane Lohitzune eta Parisen ere. 1973an Bilbon Itsasoa ur-bazter luzea da eta Los gitanos (Guría saria) argitaratu zituen. Urte horretan bertan Espainiako estatutik kanporatu egin zuten. Ia hiru urtez egon zen Iparralden eta Alderdiko zuzendari izaten jarraitzeaz gain, hainbat lan kaleratu zituen: Hablando con los Vascos (Zilarrezko Lauburu saria, Bartzelona, 1974), Síntesis de la Historia del País Vasco (Madril, 1974), Lur eta gizon, Euskal Herria [op. Colect.] (1974), Tres relatos Vascos (1974), Hablando con Chillida (1975) eta Las brujas de Sorjin eleberria (Donibane Lohitzune, 1975).