Kontzeptua

Udaletxeak. Arkitektura

Udal eraikinen lehen arrastoak Aro Berriaren hasiera arte ez baditugu aurkitzen ere, horrek ez du esan nahi Erdi Aroan eraiki ez zitekeenik. Hala ere, ziurrenik Erdi Aroan udal batzarrak elizetan egingo ziren, barruan edo aterpetan, Elizaren boterearen nagusitasuna eta menpekotasuna agerian utziz. Egoera hori Aro Berriaren hasierarekin aldatzen hasi zen, garai honetan udal agintariek hartu zuten garrantziaren ondorioz -erregetzaren babespean eta noblezia eta elizaren botereari aurre egiteko asmotan-. Tipologia berriak ere sortu ziren arkitektura zibilarekin lotuta eta horren adibide udaletxea, unibertsitatea edota ospitalea izango da. Eraikin guzti horien helburua, baina bereziki udaletxearena, errenazimenduko gizartearen izaera zibil berria indartzea zen, eraikin erlijiosoetatik bereiziz. Era horretan, elizaren boteretik urruntzen hasi zen.

Aro Modernoaren etorrerarekin batera, arkitektura zibilaren esparruan jauregiez gain udaletxeak izan ziren garai honetako eredu nagusiak. Izan ere, XVI. mendetik aurrera, indartu egin zen Euskal Herrian udalaren boterea, eta, botere hori zela medio, baliabide ekonomiko handiak zeuzkaten herri eta hiriek eraikin berriak altxatu zituzten, udalaren eginkizunak bertatik bideratzeko. Alabaina, ez zen hori izan eraikuntza lan horiek bultzatu zituen arrazoi bakarra; izan ere, udaletxeetan, tokiko agintarien seriotasuna eta gobernu egokia azpimarratu nahi izana ere antzematen da, eta argi ikusten da agintari erlijiosoekiko lehia ere. Horrela, herriko plazan bertan gehienetan eraikinak elkarren aurrez aurre jarri ziren. Gogoratu beharra dago lehen aipatu dugun bezala, Erdi Aroan, elizetan egiten zirela kontzejuen batzarrak. Garai berri hauetan, ordea, eraikin berriak egiteko aukera eta borondatea zegoelarik, premia berriei erantzun ez ezik, botere zibila botere erlijiosotik urruntzen ari zela ere azpimarratu nahi izan zen.

Euskal Herrian garai honetan eraiki ziren udaletxeen egitura eta antolamendua ez ziren konplexuak izaten. Hala, beheko solairua atariduna eta arkupeduna izaten zen, eta hiritarrekiko harreman zuzena bideratzeko erabiltzen zen. Lehenengo solairuan, batzar aretoa zegoen, eta balkoi luzea izaten zuen, banderak bertan jaso eta udal agintariek herritarren aurrean mintza zitezen. Bigarren solairuan -azkenekoa izaten zen normalean-, bulegoak eta artxiboa egoten ziren, udalaren armarriaz eta erlojuaz gainera. Kanpoaldeari dagokionez, udaletxeak neurrizko eraikinak izaten dira, dekorazio aipagarririk gabe; izan ere, zutarri atxikiak, frontoi txikiak balkoi bakoitzean eta, eraikina errematatuz, udal armarria gordetzen duen frontoi triangeluar izan ohi dira kanpoaldeko apaingarri bakarrak.

Udaletxe eredu hau jauregiko eta etxeko arkitekturaren eraginpekoa da. Jauregietatik, teilatu hegal zizelatu handiak hartzen ditu, eta baserrietatik -baserriek, bestalde, Erdi Aroko dorretxeak gogorarazten dituzte-, forma morfologiko kubiko pilatuak, soiltasuna, arrandiarik eza eta arkupeetako arkuak. Udaletxearen bilakaerari dagokionez, Aro Modernoan eta zehazki garai barrokoan eraikitzen hasi baziren ere -XVII. mendean egin ziren aurrenekoak-, aipatzekoak dira traza soilak, oinarrizkoak, eta arkuperik eza, eta orobat eraikinaren egituran errenazimendu estiloko planteamenduak erabiltzea, hala adibidez armarriak eraikinaren mutur batean bikoiztea. Garai honetakoak dira, errenazimendukoak, Gipuzkoari dagokionez, Bergara, Zestoa, Oiartzun, Aretxabaleta eta Errenteriako udaletxeak.

Nolanahi ere, udaletxeei dagokienez Euskal Herrian Aro Berriko eredu onenak garai barrokokoak dira, aipaturiko ezaugarri horiek guztiak baitituzte. Gehienak XVIII. mendean egin ziren Gipuzkoan. Bizkaian Balmaseda, Bermeo, Otxandio, Orozko, Durango eta Lekeition besterik ez ditugu udaletxe barrokoak aurkitzen, udaletxe gehienak, kudeaketa premiak zirela eta, berriztatu egin baitziren ondorengo mendeetan. Araban, bestalde, Bastida, Arespalditza, Aramaio, Eltziego eta Araiakoa aipatuko ditugu, eta Nafarroan berriz, Biana, Bera, Lesaka eta Iruñekoa. Gipuzkoari dagokionez, Elgoibar, Andoain, Alegia, Oñati, Asteasu, Astigarraga, Azkoitia eta Arrasateko udaletxeak dira estilo hau ongien adierazten dutenak.

XVIII. mendean, neoklasizismoan, gehienbat, barroko garaiko udaletxeen interpretazio kultua egingo da, elementu gehienak mantenduz baina irakurketa soilago baten alde apustua eginez eta ezaugarri klasikoak txertatuz. Ezaugarri horiek argi eta garbi ikusten dira, Gasteizko udaletxean, Justo Antonio de Olaguibelek egina, edota Donostiako udal eraikin zaharrean, Silvestre Perez arkitekto aragoitarrak diseinatua eta Pedro Manuel de Ugartemendia gipuzkoarrak gauzatua. XIX. mendean, bestalde, eklektizismoaren garaian Donostiako udal eraikin berrian edo Bilboko udaletxean estilo honen ezaugarri guztiak aurki ditzakegu: oparotasuna, gehiegizko dekorazioaren aldeko joera eta, azken finean, udal agintarien harrotasunaren isla.

Geroztik, XX. mendean zehar, udaletxeak eta udal eraikin berriak bulego eraikinen edo beste administrazio publikoen eraikinen antzeko trataera jaso dute, hau da, malgutasuna eta funtzio aniztasuna eskaintzen duten eraikinak dira. Eraikinaren forma ez dago argi definituta eta, orokorrean, hainbat zatitan bereizitako egitura unibertsalak garatzen dituzte.